Edonon begiratuta ere, nabari daiteke dagokigun garaia arraro xamarra dela. Lantegietan, eskoletan edota kale kantoietan atmosfera berezi baten presentzia sumatu daiteke, edo baliteke horren falta izatea hautematen duguna. Bitxia suertatu da azkeneko hamarkadetan lehiakortasun global frenetikoak eragin duen tentsioaren aurrean jardun duen adimen planetarioaren erantzuna COVID-19 birusak inposatutako egoera berri honen aurrean. Jakina da “pandemiak”, “hondamendi naturalak”, “mehatxu terroristak” -hots, krisi sozial eta politikoak-, agintarien boterea ezbaian jartzen duten egoerak izan arren, boterea sendotzeko aukerak ere ematen dizkiela euren mesedeetan jarduten ez duten praktika politiko, sozial eta zibilak baztertuz eta ezabatuz. Chicagoko Eskolako ekonomialariek aldarrikatzen zuten moduan: zer edo zer berregituratu nahi baduzu, eragin ezazu krisi bat. Era berean, historikoki, zalantzazko egoera horiek emana zaigun errealitatearen kontrako indarrak antolatzeko eta sendotzeko abagunea ere eskaintzen dute. Antzinako langile mugimendu iraultzaileak modu egokian ulertu zuen hori, ekonomia burgesaren krisialdiak bere ofentsiba biderkatzeko eta hedatzeko une goren gisa bilakatuz. Orain guri dagokigu esperimentazioaren bitartez hautematen duguna mundua txikizio arriskuan jartzen duen krisi ekonomiko, energetiko, ekologiko eta antropologikoari aurka egiteko erabiltzea.
Afinitate taldeetan biltzen gara mundu honi aurre egin nahi diogun ipurterreok; komunak elikatzeak inertzia neoliberalei aurka egitea esan nahi duen garai honetan, kuadrilla formako komunitateak eratzen ditugu nahi gabe. Amankomuneko ideiek, helburuek edota identitateek eramaten gaituzte batzera; batzuetan, alabaina, ideia, helburu eta identitate horiek beraiek grina iraultzailea duten beste ipurterreengandik banantzen gaituzte, gutxitan saihetsezinak, gehienetan saihesgarriak. Lerro kolektibo hauek idazten ditugunok afinitate talde hurbileko militanteak gara; antiespezistak, besteak beste. Azken urteetan euskal mugimendu antiespezistak izandako gorakadaren osteko ajean gara; gizakiz besteko animaliez arduratzen den antropozentrismoaren aurkako antiespezismoaren ideiak bere egiten ez dituen gehiengo iraultzaile zatikatu batekin elkarbizitzan gaude, eta munduan beganismoaren gorakada itzela, antiespezismoaren gorakada nabaria eta klase kontzientziaren izozketa gertatzen ari dira. Gauzak horrela, hurrengo lerroetan mugimendu iraultzailean orokorrean -eta antiespezistan zehazki- agertu diren eta agertzen ari diren planteamendu eta estrategia okerren analisi bat gauzatu nahi dugu.
Kapitalismoak banandurik eta borrokaturik nahi gaitu, anarkistak komunistekin, indoeuroparrak magrebtarrekin, alemaniarrak ingelesekin…
Urte hauetan zehar, dudarik gabe, beganismoak gora egin du, baina akats bat izango litzateke pentsatzea horrek merkatu ekonomiaren nagusitasun autokratikoaren menpeko planeta honetan bizi diren gizakiz besteko animaliak askatuko dituenik, are gutxiago bertan bizi garen pertsonak. Izatez, beganismoa kontsumo jarrera bat baino ez da; animalia jatorriko produktu eta jarduerak ez kontsumitzeko jarrera bat. Egun gailentzen den definizioa ez da jatorrizko aldarri batzuen desitxuratzearen ondorioa besterik, Donald Watson terminoaren sortzaileak 1944an emandako definizioa are anbizio txikiagokoa baitzen: “Gizakien jakiak fruitu lehor, fruta, barazki eta zerealetatik eratorri behar direla defendatzen duen eta animalia produktuen alternatibak erabiltzera animatzen duen jarrera”. Joan den mendeko bigarren laurdenak iraultzailez eta proiektu emantzipatzailez jositako irudi bat aurkeztu zuen. Baina proiektu horien garaikide izan zen beganismoaren sorkuntzak ez zuen sistema sozioekonomikoa ezbaian jartzen, eta, beraz, ez zuen planteatzen gizakien eta gizakiz besteko animalien arteko harremana gainditu eta berri bat ekarriko zuen iraultza bat. Statu quo-ak mugatzen eta eskaintzen dituen aukeren barruan zenbait animaliak sufritzen zuten esplotazioa bukatzea zen haien proposamena. Dena delakoa ere, ez dugu asmo zintzo hori gaitzesgarritzat jotzen, baina, aurrerapausoak eman ahal izateko, historiaren berrikuspena eta transmisio kritikoa beharrezkotzat jotzen ditugu.
Lehenengo “beganoak” ez ziren izan mendebaldean animalien defentsan jardun zuten lehenengo pertsonak; izan ziren aurretik dietatik edota kontsumotik harago joan zirenak ere. Horren adibide aipagarria dugu hainbat sufragistak bibisekzioaren aurka izandako jarrera eta jarduna. Denborak aurrera egin ahala, Animalien Defentsarako Mugimendua diskurtso finduago bat eraikiz joan zen, eta 70eko hamarkadan “espezismo” kontzeptuaren sorrerak animaliekin erlazionatzeko dugun moduaren ulermen sakonago batera eraman gintuen, kontsumotik harago. Norbanako guztien interesak maila berean jartzen zituzten, eta, horrekin batera, gizakiz besteko animalien askapena gizakien askapenetik banaezina egiten zuten, ikuspuntu moral batetik. Egun, printzipio horri jaramon egin gabe jarduten duten pertsona mespretxagarriak badaude ere, mugimenduaren gehiengoak ulertzen du giza zapalkuntzen aurka posizionatu behar dela. Tamalez, gehienetan posizionamendu hutsean baino ez da geratzen, zapalkuntza sistemaren analisi sakon baten faltan, konponbide desegoki baten alde egiten delako.
Espezismoa zapalkuntza bat da, kapazitismoa, matxismoa, LGTBIQ+ fobia edota arrazakeria bezala. Eta zapalkuntza horiek badaukate amankomuneko gauza bat: sistema kapitalistaren erreprodukzio tautologikoa ahalbidetzeko beharrezko zapalkuntzak dira. Ez hori bakarrik: langile kontzientziaren beherakadak ahalbidetu egin ditu burges eta langile batzuen arteko aliantzak. Homosexualitatearen askapenerako borroka har genezake hori irudikatzeko adibidetzat. Maiz, burgues eta langile homosexualak batu egin dira, eta nahita, ala nahi gabe, langileriaren interesen aurka egin dute, auzo batzuen gentrifikazioan parte hartuz, adibidez. Sistema kapitalistak sustatu egiten ditu langileen arteko zatiketak, jarrera banantzaileak hauspotuz. Izan ere, horrek, klase borrokaren testuinguruan, langileok sistemari egin diezaiokegun mina murrizten du. Kapitalismoak banandurik eta borrokaturik nahi gaitu, anarkistak komunistekin, indoeuroparrak magrebtarrekin, alemaniarrak ingelesekin… Horrek ez du esan nahi langileek beste langileengandik jasotzen dituzten erasoei emandako erantzunak zilegiak ez direnik, noski; autodefentsa feminista, transen autodefentsa edota etorkinena, adibidez. Antiespeziston kasuan ere, aliantza interklasistak eraiki ditugu, non animalien askapenaren alde borrokatzeko langileak burgesekin batzen diren eta, iraultza oso bat planteatu ordez, langile espezistak seinalatzen bukatzen den. Hori ikusita, erraz uler daiteke zer jarrera izan dezaketen klase kontzientziadun mugimendu politikoek antiespezismoarekiko. Ez da harritzekoa, halaber, antiespezismo transbertsal baten aurka gehien egiten dutenak klase aberatseko jendea izatea, zuriak, gizonezkoak, desgaitasunik gabekoak eta abar izateaz gain.
Arestian garatutakoarekin, agerian utzi nahi izan dugu zapalkuntza horiek guztiek dominazio burgesaren sarea edota egitura osatzen dutela, zeinak bizitzaren esparru guztiak barreiatzen dituen, diruan irudikatzen den balioa ekoiztea helburutzat hartuta. Zapalkuntza bakoitzaren nolakotasunean sakontzea beharrezkoa da ulertu ahal izateko zer harreman daukan zapalkuntza zehatzak sistema kapitalistaren osotasun funtzionalarekin. Edonola ere, abiapuntutzat emana zaigun errealitate burgesa gainditzeko, zapalkuntza horien inguruko analisiaren metodologia berriz planteatzeko apustua sustatu beharko genuke. Zapalkuntza bakoitzetik abiatuz, besteekin duen harreman geldoa eta horiek era traketsean batuz osotasun kapitalistan duten erlazioan arakatu beharrean, egitura orokorretik abiatuz zatikatutako problematika horiek guztiak ulertu beharko genituzke, bakoitzaren berezko singulartasunak alboratu gabe ekoizpen sisteman betetzen duten pareko eginkizuna ulertuz. Auzi isolatu gisa aurkeztu beharrean, egitura sozioekonomikoaren baitako tresna funtzional gisa ulertu behar dira. Hainbat problematikaren arteko distantzia areagotu beharrean, zapaltzen gaituen etsai komunaren aurkako erasoa areagotu behar da, formakuntza sozialaren baitan atxikitako pareko rola borroka amankomunerako abiapuntutzat hartuta. Gaur egungo gizateriaren antolamendu sozioekonomiko guztien atzean dagoen zapalkuntza sistematiko horri aurre egiteko, sakon ulertu behar ditugu sistemaren dinamikak.
Kapitalismoa gure bizi eta existentzia modu, pentsaera eta desio guztiak sortu eta osatu dituen eraketa soziala da, zeinaren dominazio historikoan gizarte-egituraren gainontzeko esparruak jarduera ekonomikoaren pean irauten duten. Ekonomia kapitalistaren baitan, helburu bakarra hasiera batean dagoen balio kantitatea areagotzea izango litzateke, hots, kapitalaren metaketa. Anselm Jappe filosofoak adierazten duen moduan, kapitalismoa funtsean diruan irudikatutako balioaren ekoizpena izango litzateke. Hori horrela izanik, ekoizpen era kapitalistan, balioa eta honen irudikapena den dirua izango litzateke garrantzia duen kategoria bakarra.
Gizakien eta gizakiz besteko animalien esplotazio eta hilketa sistematikoak, goseteak, bizi baldintza lotsagarriak, baliabide naturalen espoliazioa eta lurraldeen suntsiketa, metropolian zehar jasandako pazifikazioa… Gizartea asaldatzen duten izugarrikeriak merkatu gizartearen eguneroko funtzionamenduaren ondorio ikusgaiak baino ez dira, hots, kapitalaren funtzionamenduaren ondorio fenomenologikoak besterik ez. Egoera latz horiek ekoizten dituen gizartea existitzen den heinean existituko dira, bere berezko logikatik eratortzen direlako. Zentzugabea bilakatu da merkatu ekonomikoari edota kapitalismoaren beste aurpegitzat hartu beharko genukeen estatuari lan eta bizi baldintza kaxkarrak, gizakiz besteko animalien oinarrizko interesen urraketa sistematikoa edota garraio publikoen garestitzea aurpegiratzea. Sistemaren genesiaren, egituraren eta funtzionamenduren analisia gauzatzea beharrezkoa da, bere berezko esentzian sakontzea, animaliak merkantzia gisa irudikatu eta horien esplotazioa eta hilketa sistematikoa gauzatzen duen ekoizpen globalaren irudi holistikoa marrazteko. Konponbide errazen garaia bukatu da.
Askotan, pragmatismo eta epe motzeko ekintza oldarkorraren tranpan erori gara, eta horri aurre egiteko hausnarketa eta lanketa komun gehiago behar ditugu, eta ez bakarrik antiespeziston artean.
Azken hamarkadetan, hainbat hondamendiren aurka altxatu eta biziki borrokatzen saiatu gara egoera tamalgarriak aurkezten zuen premiak bultzaturik. Zenbait mugimenduren potentziarekin liluraturik, euren ekintza eta kanpainetara batu gara gure barneko energia guztia agortuz, horren ostean gero eta energia eta itxaropen eskasagoarekin hurrengora jausi eginez. Ez dugu zertan lotsa sentitu, guztiok sentitu baitugu gure baitan larrialdiaren bulkada, guztiok sentitu baitugu errealitate penagarri honen aurka edonolako keinu edota ekintzak egiteko beharra. Askotan, pragmatismo eta epe motzeko ekintza oldarkorraren tranpan erori gara, eta horri aurre egiteko hausnarketa eta lanketa komun gehiago behar ditugu, eta ez bakarrik antiespeziston artean. Batzuetan, beganismoaren inguruan totem identitario bat eraiki dugu, mugimendu anitzetatik bereizten gaituen arrakala handituz.
Aurrez aurre mundu honek sistematikoki ekoizten duen ikararekin topo egin eta ekintzaile bilakatu berri diren norbanakoei, baina baita urte luzez borrokan ibili diren horiei guztiei ere, nabarmendu nahi diegu ezinezkoa dela sistema barnetik hobetzea edota eraldatzea. Ezinezkoa da aldaketa kualitatibo bat gauzatzea emana zaigun errealitatean merkatu sistemak eskaintzen dizkigun tresnak erabiliz. Mugimenduaren egunerokoan ikus daitekeen moduan, badago sektore handi bat estrategia horiek jarraitzen edota aldarrikatzen dituena. Badira ez solik pertsona zehatzak baizik eta antolakundeak logistika kapitalistaren funtzionamendu eta ondorio latzaren aurkako erantzunean euren etekin ekonomikoa ateratzen saiatu direnak. Dena delakoa ere, ezjakintasuna edota etekin ekonomiko pertsonala direla medio, gaur egun estrategia horren proselitismoa gauzatzen duten horien aurkako zenbait puntu azpimarratu nahi izan ditugu.
Ortodoxia iraultzaileak eta liberalak aldarrikatzen dituztenen aurka, gutxi batzuek sekulako etekin ekonomikoak eskuratu dituzten arren, kapitalaren metaketaren prozesua ez da kapitalista maltzur batzuen agintearen ondorioz suertatutako fenomenoa. Egoera horren jatorria ekoizpen eredu kapitalistan merkantzien eta, ondorioz, horien ekoizpen lanak eskuratzen duen izaera bikoitzean egongo litzateke. Era xumean azalduta, Marxek garatutako ekonomia burgesaren kritikaren arabera, merkantzia ekoiztera bideratutako edonolako lanak izaera bikoitza izango luke; edonolako lanak aldi berean izaera edo alde abstraktu eta zehatz bat du. Jarduera orok zer edo zer ekoizten du, materiala edo immateriala, ondasuna edo zerbitzua, eta zentzu horretan jarduera konkretua edo zehatza izango litzateke. Aldi berean, lan orok alde edo izaera abstraktu bat ere izango luke, gizaki batek gauzatutako zehaztugabeko lana, “burmuinaren, giharren, nerbioen edota eskuen ekoizpen gastua” (Kapitala I, I). Lan abstraktuak ekoizten duen balioa denboran neurtutako giza energia kantitatea den heinean, merkantzia ezberdinen baliokidetasuna eta, beraz, trukea ahalbidetzen du. Merkantzia gisa aurkezten zaigun gizarte hori egundaino ikusi ez den erredukzionismorik bortitzenaren moduan irudikatzen da. Pentsamendu burgesarentzat soilik kuantitatiboki neurtu daitekeena da baliagarria, metodologikoki fidagarria. Bizitzaren esparru guztiak baliokidetasunaren matematizazio totalitarioaren pean erori dira, euren eduki zehatzak ezabatuz kalkulu kuantitatiboaren mesedetan. Era horretan ulertu behar da ekoizpen eredu kapitalista nagusitzen den gizarteen funtzionamendua.
Kapitalak ez duela inongo interesik merkantzia zehatzak ekoizteko. Interes bakarra kapitala erreproduzitzea eta metatzea da, eta horretarako berdin zaio kapitala-dirua eskuratzea jostailuen edota bonben ekoizpenaren bitartez.
Hori horrela izanda, bi ondorio azpimarratzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Alde batetik, kontuan hartuta lan zehaztugabearen kantitate ezberdinak, diru gisa irudikatzen direnak eta ondorio gisa gainbalio zehatzak dituztenak ekonomia kapitalista gidatzen duten kategoriak direla, baieztatu ahalko genuke kapitalak ez duela inongo interesik merkantzia zehatzak ekoizteko. Interes bakarra kapitala erreproduzitzea eta metatzea da, eta horretarako berdin zaio kapitala-dirua eskuratzea jostailuen edota bonben ekoizpenaren bitartez.
Gauza bera esan genezake produktu begetalei buruz. Gaur egun, produktu horien kontsumoa areagotu den arren, gainbalioa ekoizten ez duten momentuan historiaren bazterretan ahaztuak izango dira. Kapitalak bizitzaren esparru desberdinen balorizazioaren bitartez irauten du, baina prozesu hori ez da gidatzen aldarrikapen edo premisa moral edo psikologiko batzuen bitartez, baizik eta ekonomia kapitalistaren balorizazio eta metaketaren garapenaren egiturazko interesen bitartez. Gauzak horrela, zentzugabea izango litzateke errealitatearen, hots, ekoizpen sistemaren estrategia eraldatzaile gisa merkantzia zehatz batzuen kontsumoa aldarrikatzea; izan ere, kapitalak ez du inolako interesik ekoizpen produktuen eduki zehatzen inguruan, ekoitzitako merkantzien zehaztasun eta eduki partikular guztiak ezabatzen baititu horien arteko baliokidetza lortuz diruak baldintzatutako trukea gauzatzeko. Era horretan, industria edo merkataritza alor batek errentagarritasuna galtzen duenean, etekin ekonomikoa lortzeko abagune berri bat bilatuko du edonolako gida moralak alboratuta. Kapitalismoaren interes bakarra kapitalaren metaketa da.
Bigarren ondorioak merkantzien ekoizpen balioarekin du zerikusia. Industria iraultzaren hasieratik, makina eta teknologia berrien eraketa eta horien hedapena zirela medio, merkantzia bakoitzaren balioa gutxitu egin zen. Izan ere, funtsean, merkantzia bakoitzaren balioa merkantzia hori ekoizteko sozialki beharrezkoa den denborak zehazten du, eta, denbora hori -garapen teknologikoaren ondorio gisa- murriztu egin zenez, ekoitzitako merkantzien balioa ere murriztu egin zen. Gauzak horrela, balioaren ekoizpena ahalbidetzen duen kapitalaren metaketa prozesu esponentziala dela-eta, beharrezkoa izan da merkantzien ekoizpena ezinbestean areagotzea, bidean baliabide natural eta energetikoen ustiapena gero eta basatiagoa bilakatuta. Kapitalismoak hasieratik bere barne muga, hots, balio ekoizpenaren agorpena izan du begi bistan, eta muga ontologiko horretatik aldentzeko gero eta bizkorrago korrika egitera behartuta egon da. Balio ekoizpenaren agorpenaren kontrako lasterketa horretan, baliabide naturalak, gizakiak eta gizakiz besteko animaliak kontsumituak izan eta, oraindik ere izaten dira, amaigabeak diren baliabide soil gisa izango balira bezala.
Hori dela eta, kapitalismoaren baitako nukleoak beharrezko premisatzat duen hazkundeak ezinezkoa egiten du kapitalismoaren garapen jasangarriaren mitoa. Era berean, ezinezkoa izango litzateke nolabaiteko kapitalismo berdea edota animalien interesak errespetatzen dituen kapitalismoa lortzea, horren halabeharrezko handitze prozesuan bataren zein bestearen ustiapena ezinbestekoa delako. Kapitalismo begano batek gizakiz besteko animalietatik ateratzen den etekin erraldoia gizakien esplotaziotik aterako luke, langileon zapalkuntza handituz; gero ezingo lioke uko egin lurra ustiatzeari, eta, horrela, gizakiz besteko animalien interesak ere zapaltzen bukatuko luke.
Animaliek ez daukate gure akatsen errua, eta, benetan haiengatik borrokatzen bagara, ezin diogu irabazteari uko egin; horretarako, behin eta berriz gure jardun militantea birpentsatzeko ardura daukagu. Kontsumo aldaketak ez du sistema aldatzen; kapitalismoari berdin zaio, egokitzen baita. Identitate beganoan oinarriturik, langileen arteko zatiketak kapitalismoaren iraupena sustatzen du, eta, kapitalismoak irauten duen bitartean, xurgatu egingo du lurraren bizitza, zeina gizakiz besteko animalien, gizakion eta denon etxea den. Militantzia jarduera guztiek ez dute balio zapalkuntza sistema hori bukatzeko, ez baitoaz arazoaren errora. Baina antiespezistok eta langileok, pilatzen gabiltzan esperimentazioaren poderioz, gure akatsetatik eskuratutako ikasketen laguntzaz, gero eta prestatuago gaude mundu berri bat argiztatzeko. Gauzak ondo egiteko ardura dugu, gure bizitzak ez baitira jokoan dauden bakarrak.
Iruzkinik gabe