
Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Ezereza erabiltzea gaur egun asko baliatzen den esamolde bat da; esan daiteke zerbait izendatzeko beldurraren ondorio izan daitekeela, sintetikoa edo erreala ez den horri leku bat egitea. Hizkuntzek badute gaitasuna gauza bakoitzari balio desberdina emateko, izendatzen den moduaren arabera; ez da gauza bera errealitate berri bati izen berri bat jartzea, edo ‘ez’ hitza jartzea: lehenak aukera berriak zabaltzen ditu, eta bigarrenak, aldiz, azpitik jartzen du balioa. ‘Hau ez da haragia, ez-haragia da’. Antzekoa dirudi, baina benetako errealitatearen azpitik dago.
Kapitalak dirua ateratzeko edozer egiten du, eta batzuetan uste ez ditugun aukerak ere ustiatzen saiatzen da. Lehenengo, beganismoaren munduan janariarekin hasi zen: gorakada handia salmentetan, aurpegi garbiketa ederra; eta orain zer geratzen da esplotatzeko? Animaliak, zoo eta akuarioak. Horrela sortu dute lehenengo ez-animalia, betidanik ezagutu izan dugun robota, bai, baina intentzio argi batekin: cruelty free etiketa jarri ahal izateko, betiko bisitak mantentzeko baina, inori minik egin gabe.
Kapitalak dirua ateratzeko edozer egiten du, eta batzuetan uste ez ditugun aukerak ere ustiatzen saiatzen da.

Pentsa daiteke egoera berri honek zoo zein akuarioetan dauden animaliak askatzeko balio izango duela, baina errealitatea desberdina da. Bertan beti bizi izan diren animaliek ez dute itsas zabalean zein naturan bakarrik bizitzeko gaitasunik, hasieratik ez baitutelako janaria beraien kabuz bilatu behar izan; beraz hiltzera kondenaturik egongo lirateke. Ondorioz, giltzapetutako animaliek ez dute salbatzeko aukerarik; pentsa daiteke animalia berriak ez direla sartuko, aukera hori mahai gainean dago, baina etekin ekonomikoa atera ahal izanez gero, zergatik egingo zioten uko horri zoo eta akuarioek? Ez-haragiarekin gertatzen den bezala, zergatik ordainduko luke jendeak zerbait faltsua dastatu/ikustearren, erreala den zerbait ikusteko aukera duenean? Aurreiritziak direla pentsa daiteke, baina egungo gizartea aurreiritziz beterik dago.
Horrek guztiak beste puntu batera eramaten gaitu, hau da, lanketa pedagogiko bat egitea eskatzen du. Ez badugu nahi jendeak aurreiritzirik izatea, ezta animaliak errekurtso bezala ikustea, horiekin erlazionatzeko moduak orain arte egin denaren desberdina izan behar du. Horrek gizakien mesedetara ez dauden egoerak eskaini beharko lituzke, eta horien artean ez dira zoo eta akuarioak sartzen; izan ere, animaliak ikusgai jartzearen beharra gizakiarena baita, eta animaliei ez baitie inolako onurarik ekartzen.
Bertan beti bizi izan diren animaliek ez dute itsas zabalean zein naturan bakarrik bizitzeko gaitasunik, hasieratik ez baitutelako janaria beraien kabuz bilatu behar izan; beraz hiltzera kondenaturik egongo lirateke. Ondorioz, giltzapetutako animaliek ez dute salbatzeko aukerarik;
Bestalde, aukera hipotetiko batean jarrita, zoo eta akuarioetan animaliarik ez egoteko legedi bat eginez gero, eta denak robotez bete behar izanez gero, arazoa konponduko litzateke? Erantzuna argia da: ez. Hasteko, robot horiek sortu eta mantentzeak naturaren ustiapena eragingo luke, horrek suposatzen duenarekin: habitaten suntsipena, kutsadura, ustiatzen duten langileen egoera eskasa… Hori gutxi balitz, performance guzti horrek bidaltzen duen mezu zapaltzailean jarri behar dugu arreta, hau da, animaliak gure zerbitzura daudela, eta beraien lekua igerileku edo kaiola bat dela, gu dibertitzeko, gure denbora pasa izateko. Modu horretan, animalien agentzia guztiz ukatzen da, objektu huts bilakatuz.

Ez dugu animalia robotik behar denbora pasatzeko, ez ditugu horrelako lekuak salbatu behar, animaliak aske behar ditugu, bakoitza bere bizilekuan; eta bizileku horietan animaliak bizi ahal izateko baldintzak bermatu behar dira. Lan pedagogikoa egitea ezinbestekoa da, baina horrek denbora asko behar du, hitzaldi, eztabaida asko… ikusten ez den lan bat da, eta etekin ekonomikorik ematen ez duena; edo akaso etekin gutxi ematen duena. Hala ere, errealitatea aldatzeko ezinbestekoa dena.
Aukera hipotetiko batean jarrita, zoo eta akuarioetan animaliarik ez egoteko legedi bat eginez gero, eta denak robotez bete behar izanez gero, arazoa konponduko litzateke? Erantzuna argia da: ez.
Zoo eta akuarioak jakinaren gainean daude animaliei eragiten dizkieten kalteen inguruan, eta ez dute inolako intentziorik horiek aldatzeko; soilik etekin ekonomikoei ematen diete garrantzia. Ez ditzagun babestu horrelako lekuak, ezta txalotu horiek mantentzeko beste moduak ere. Eskatu ditzagun konponbide justuak, errealitatea hobetu eta aldatu ahal dituztenak. Badirudi zaharra indarberritzea dela alternatiba bakarra, baina holako egoerek errealitatea aldatzeko garaia dela ohartarazten digute. Errealitate berriak sortzeko garaia da, hitz berriekin eta egoera justuagoekin. Animaliek beraien bizilekuetan bizi behar dute, eta ez metro koadro gutxi batzuetan. Gure aisialdia birpentsatzeko garaia da; guztiok kontuan hartzen egin dezagun, ez gure nahiak aintzat hartzen bakarrik.
Iruzkinik gabe