
Linas Kortasek animalsview.org -entzako eginiko erreportajea (2023ko irailean) euskaraz aurkezten da hemen.
Haragi-industriak ez ditu produkzioaren fase guztiak erakusten.
Bere publizitatean granja koloretsuak, eguzkitan jaten duten animaliak, ur freskoa, janari garbia… eszena moztu eta azken produktua erakusten da. Batzuetan, espazio txukun batean prozesatutako animalien zatiak ikus ditzakegu, baina ezer gutxi gehiago. Telebistako iragarkiek ez dituzte erakusten animalien ihes egiteko saiakerak, haien oihuak, haien begiradak edo elektrokutatzen dituztenean dituzten espasmoak. Ez dute erakusten eztarrian labankadak ematen dizkieteneko prozesua edo odolustuta hil arte pasatzen duten denbora. Ez dute min-begiradarik erakusten. Publizitateak ez du hiltegietan gertatzen dena jasotzen.
Haragi-industriak (baina baita esne-industriak, arrautza-industriak edo animaliak hiltegira bidaltzeaz baliatzen den beste edozein industriak ere) industria-prozesu horren omisioa egiten du, prozesu hori bere negozioaren funtsezko zatia bada ere. Lapsus bat ematen du, baina lapsusak ez dira borondatez egiten. Interes propagandistikoa duen estrategia baten parte da hiltegien irudirik ez erakustea. Haien produktuak sortzeko animaliei inolako kalterik eragiten ez dietelataz konbentzitu nahi dute gizartea. Ez dute alde hori erakutsi nahi, jakin badakitelako desatsegina eta bortitza dela, eta, azken finean, agerian uzten duelako heriotzarik gabe ez dagoela haragirik.
Azken urteotan, ordea, animalien eskubideen aldeko ekintzaileek hiltegietara sartzea eta leku horietan gertatzen dena argitaratzea lortu dute, lortutako irudiak askotan biral bihurtu direlarik. 2016 eta 2018 artean, Aitor Garmendiarekin batera espainiar estatuko hamalau hiltegitan egindako ikerketa batean parte hartu nuen. Ikerketa horretan oinarrituta, txosten luze bat, erreportaje bat eta argazki-lan bat egin ziren, eta eragin mediatiko handia izan zuen. Bisitatu genituen hiltegi horietako batean grabatu nuen artikulu honekin batera doan bideoa.
Ikerketen bidez lortutako irudiek -hiltegietako tratua, berez bidegabea izateaz gain, sadismora, irainera eta muturreko indarkeriara iristen dela frogatzen dutenek- aldaketa soziala eragin dute, eta animalien esplotazio enpresek aldaketa horretara egokitu behar izan dute. Azken urteotan, Campofrío, Pascual, Lidl eta Eroski bezalako korporazio handiek animalien ongizaterako zigiluak ezarri dituzte beren produktuetan, eta marketin-kanpainak jarri dituzte abian, kontsumitzaileei sinestarazteko animaliei egiten zaiena onargarria dela. Irudi garbiketa hau hiltegietara ere iritsi da, noski.
Frantziar edo Espainiar estatuetan edo Alemanian eta Ingalaterran filmatzeko zailtasunak direla eta, ekintzaileek kamera ezkutuak erabili behar izan dituzte hiltegien errealitatea zein den azaltzeko. Lortutako irudietan ikus daitekeenez (askotan lanak egiteko erritmo altuek bultzatuta) hiltegietako langileek arauak urratzen dituzte, animaliak ez dituzte sorgortzen labanaz moztu eta odolustu aurretik, bultzatu, kolpatu, jaurti eta zanpatu egiten dituzte, edo haien gainera salto egiten dute korridoreetan zehar mugiarazteko.

Ezkutuan filmatutako hiltegietako irudien argitarapenek zalaparta eta haserrea sortu zuten hasieran Espainiar estatuan, baina denbora joan ahala garrantzi txikiko lege-aldaketak baino ez dituzte sortu. 2022an onartutako Errege Dekretu batek hiltegi guztietan kamerak instala daitezen behartuko du, baina ikuskaritzako gobernu-zerbitzuek bakarrik ikusi ahal izango dituzte irudiak, eta hogeita hamar egunez soilik gordeko dira filmaketok. Alberto Garzón 2022ko Kontsumo ministroak adierazi zuenez, “kalitatezko zigilua” ematen du honek, eta Haragien eta Haragi Industrien Enpresa Federazioak eta Hegaztien Haragiaren Lanbide arteko Elkarteak txalotu egin zuten neurria. Bitartean, animalien aldeko aktibistek, eskasa eta alferrikakoaren artekotzat baloratu zuten.
Legeak behartutako aldaketak aplikatzeaz gain (gehienak Europar Batasunetik datozen akordioen ondorioz), hiltegietako makinerian ere “hobekuntzak” ezarri dira. Neurri horiek animalientzat onuragarriak direla iragartzen da, baina argia da emaitza ekonomikoak eta ekoizpen-eraginkortasuna handituko ez balira, oso gutxitan egingo lituzketela inbertsio horiek. 2009ko Europako araudian honela azaltzen dute: “Animaliak hiltzeko unean hobeto babesteak kalitatea hobetzen laguntzen du eta zeharkako eragin positiboa du hiltegietako laneko segurtasunean”. Restrainer-aren kasuan, azken ezaugarri horiek azpimarratzen dira promozioa egiterakoan.

Restrainer-ak txerriak alboetatik inmobilizatu, airean jaso eta elektrikoki sorgortzen diren puntura eramaten dituen makina da. Tresna honen saltzaileek “animalien ongizatea bermatzeko funtsezkoa” dela baieztatzen duten arren, makina saltzeko orduan aipatzen diren ezaugarri nagusiak langileen hiltzeko, ekoizteko edo garbitzeko erosotasuna da. Makinak elektrokuzio-lana sinplifikatzen du; izan ere, txerriek erresistentzia, garrasi, edo mugimendu gutxiago egiten dituzte restrainer-ean inmobilizatuta daudenean, ohi bezala espazio itxi batean lurrean bost edo seinaka pilatuta egiten denean baino.
Nahiko zalantzagarria da restrainer-ak, orduko 400 norbanako exekutatzea ahalbidetzen duen makinak, PVCzko eta aluminiozko bi hormen artean harrapatuta dauden animalia horien “ongizatea” bermatu ahal izatea. Zarataz, lurrunez eta ingurune arrotz batean daudela kontutan hartuta eta metro gutxira beste txerri batzuk labankadaz nola hiltzen dituzten ikusten ari direla jakinda.
Hala ere, azter dezagun ongizate hitza hau nola definitzen den jakiteko. Euskaltzaindiak honela definitzen du: “Eroso eta estutasun materialik gabe bizi denaren egoera”. RAEk aldiz: “bizimodu lasaia edo ondo eta lasai pasatzera daraman guztiaz hornitutako bizitza”. Argi dago haragi-industrian jaiotzen den txerriak bizi duenarengatik guztiz aldenduta daudela definizio horiek: gorotzen artean jaiotzea, amarengandik banandua izatea, pilatuta ematea egunak, gaixotasunak sufritu eta zaintzarik ez izatea, eguzki-argirik ez sentitzea edo espazio irekirik inoiz ez ezagutzea eta, azkenik, sei hilabetera odolustuta hiltzea, hamabost urte bete arte bizi ahal izan balu ere.

Lehen aipatutako Europako araudiak, hiltzeko prozesuan animaliak babesteari dagokionak, honako hau adierazten du: “hilketak mina, angustia, beldurra edo beste sufrimendu mota batzuk eragin diezazkieke animaliei, baita eskura dauden baldintza tekniko onenetan ere. Hilketari lotutako ekintza batzuk estresagarriak izan daitezke, eta sorgortze-teknika orok zenbait desabantaila dakartza. Enpresen ustiatzaileek edo animalien hilketan inplikatutako edozein pertsonak beharrezko neurriak hartu behar dituzte mina saihesteko eta hiltzeko prozesuetan animalien mina eta sufrimendua ahalik eta gehien murrizteko”.
Sakrifizio-prozesuetan animalien mina eta sufrimendua ahalik eta gehien murrizteko modu bakarra, hain zuzen ere, animaliak ez sakrifikatzea da. Animaliarik ez erailtzea.
Iruzkinik gabe