Oharra: Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Iritzi artikulu hau lehenik Irutxuloko Hitza -n argitaratua izan da.
Animaliak Donostiako ospakizunetan
Orain dela 10 urte dokumentatu nuen lehen aldiz zaldi eta astoen erabilera Kaldereroetan, bai Alde Zaharrean, baita Loiolan ere. Askekintzak zabaldu zituen irudiak (fitxa berrian irekiko da) salaketa publiko eginez. Hortik bi urtera, talde honek berak animalien eskubideak bermatzeko argibideak aurkeztu zizkion udal gobernuari, eta salaketa publikoek taldea aktibo egon zen bitartean jarraitu ziren egiten: inauterietan, auzoetako festetan eta beste askotan behartzen ziren animaliak parte hartzera.
2022tik Olentzeroren eta Errege Magoen desfileetan (fitxa berrian irekiko da) ez da animaliarik erabili eta aurten, Euskadiko Animaliak Babesteko Legearen irizpideak jarraituta, helduen danborradek ez dute baimenik izan zaldiekin desfilatzeko. Asteburu honetan ospatuko diren kaldereroen konpartsa zaharrak zaldiak eta astoak erabiliko ez dituela zabaldu du, gainera.
Egindako presioak bultzatuta ala ez, badirudi animaliak errespetatze aldera aurrerapausoak ematen ari dela Donostiako udala, baina errealitatea da donostiarron ospakizunetan animaliak esplotatzen jarraitzen dugula. Umeen danborradan zaldi gainean desfilatu zuen jeneralak, animalia ugari erakusgai izan ziren San Tomas egunean eta ez dakigu beste konpartsa edo auzoetako kaldereroetan animaliak gurdietatik tiraka ibiltzera behartuko dituzten aurreko urteetan egin den moduan.
Festak ospatu, animaliak askatu!
Musika, soinu, jende eta garrasi tartean ibiltzea animalientzat kaltegarria dela jakina da. Zaldi, ardi edo astoek pairatzen dituzten estresa, beldurra, ezinegona eta kalte psikologikoak hainbatetan izan dira frogatuak, AVATMA albaitarien elkarteak informe zabal batean adierazi zuen moduan, adibidez. Baina honetaz gain, ez da etikoa festaren parte izan nahi ez duen norbait bertan egotera behartzea. Animalien bizitzak ez dira gizakionak, gure menera erabiltzeko, haien presentzia politagoa, tradizionalagoa edo eta barregarriagoa iruditzen zaigulako. Ez dago tradiziorik justifikatzerik norbaiti gure festan parte hartzera behartuz, kaltetua aterako dela jakinda, gainera.
Beraz, gure jaiak, animaliak errespetatzen dituztenak izatea nahi badugu, guztion interesak kontutan hartzen dituztenak, berdintasunezkoak direnak sentitzen duten norbanako guztiekin, orduan, animaliak hauetatik kanpo utzi beharko genituzke. Bitartean animalien aldeko aktibistek adi jarraituko dugu, zezenketekin sartu ziguten ziria errepika ez dadin eta erdizkako erabakiak oso egin arte.
Iruzkinik gabe