Informazio orokorra
Liburuaren izenburu osoa “Goseak akabatuak: animalien eskubideen ekonomia politikoa” da. Bere jatorrizko izenburua “Making a Killing: The Political Economy of Animal Rights” da, Bob Torres du egile eta 2007an izan zen argitaratua AK Press argitaletxearen aldetik. Orain berriz, “Goseak akabatuak” liburua, nor.eus -eko online dendan salgai dago. Pasa den larunbatean, abenduaren 2an, Bilboko Azoka Beganoan (BAB-en) ere eskuragarri egon zen, bertan, BAB-en, hainbat hitzaldi egon ziren, Youtuben eskuragarri daudenak eurak (fitxa berrian irekiko da). Datozen egunetan berriz, Durangoko Azokan (DA-n) egongo da eskuragarri, dagoeneko “Goseak akabatuak” DA-ko webgunean (fitxa berrian irekiko da) nobedadeen atalean aurkitu daiteke. Honetaz gain, DA-ko postu antiespezistan beste euskarazko bi argitalpen aurkitu ahalko dira: “Animalien askapenerako gogoetak” (bere DA-ko web-orria, fitxa berrian irekiko da) eta “Matxinorroprotesta” (bere DA-ko web-orria, fitxa berrian irekiko da).
Jarraian, “Goseak akabatuak” liburuari egin diogun hitzaurrea ipini da azpi-izenburu batzuk jarriz.
Eskertzak
Ez dugu hasteko beste era hoberik ikusten eskertzena ez bada. Gure lehenengo proiektu editoriala izan da eta zailtasunak zailtasun hemen duzue emaitza, lan handi baten ondorio bera. Lehenik eta behin eskertu nahiko genieke itzulpen lanean aritu direnei: zuen lana eta buruhausterik gabe ez ginen hemen egonen. Baina honelako proiektu baten atzean esku eta begi asko daude, gure beste jarduera edo ekintzen kasuan bezala, elkarlanean eta kolektiboan lan egiten dugulako. Batzuetan motel goaz, baina Zapatistek dioten bezala, urrun goazelako da!
Esker bereziak ere Ochodoscuatro argitaletxeari (bere webgunea fitxa berrian irekiko da), proiektu hau haiekin partekatu dugulako eta hein batean haien itzulpen eta difusio lanen ondorio ere badelako liburu hau. Elkarlanean aritu dira azken urteetan liburu hau eta beste hamaika liburu itzuli eta zabaltzeko. Hainbat formatutan (testuak, audioliburuak…) zabaldu dituzte askotariko tesi antiespezistak: ezagutza eta eztabaida politikoak eskuragarri jarriz.
Ideien gudan animaliak aintzat hartzeko
Nola ez, eskertzekoa da baita ere gizakiz besteko animaliekin dugun harremana ikertzeaz arduratu direnak, non eta bizitzari gerra deklaratu dion zibilizazio honetan. Horregatik Bob Torresen lana funtsezkoa iruditu zaigu: ekonomia politikoaren ikuspegitik gizakiok gure artean eta gizakiz besteko animaliekin dugun harremana aztertzen duelako. Bere globaltasunean eta era sistematiko batean. Hala ere, kontziente gara beste hainbat lan interesgarri daudela eta zentzu horretan ulertu behar dira gure blogean irakurgai dauden iritzi artikulu, berri, bideo, kronika eta fanzineak.
Ideien guda ezinbestekoa iruditzen zaigu, batez ere, gaur egungo borroketan gizakiz besteko animaliak kontuan hartzeko, borroken ekuazioan. Euskal Herria borrokan bizi den herria denez inertzia lagungarriak aurkituko ditugu. Baina espezismoa tamalez oso errotua dago eta ibilbide historikoa eta testuingurua ongi aztertu beharko ditugu. Horretarako analisi estruktural eta integralak ezinbestekoak izango dira, baina beti ere ulertuz nolabait osatugabeak izango direla nahitaez.
Liburuan lantzen diren gai batzuk
Bob Torresek sistema kapitalistaren logika aztertzen du liburuan, hainbat pentsalarien ekarpenak kontuan hartuz. Marx-en merkantzien fetitxizazioaz abiatuta, produkzio sistemaren logikatik pasata eta alienazio motak agerian utziz. Gizakiz besteko animalien kategorizazio zehatza proposatzen du: merkantzia superesplotatuak (ez langileak, ez esklaboak). Egunerokotasuneko errealitate edo egoeren analisi interesgarria aurkezten du (etxekotatutako edo produkziorako animaliak alderatuz, dominazio prozesuak azalduz…) desnormalizatzeko helburuarekin. Hala ere, Ochodoscuatro-ren hitzaurrean aipatzen den moduan, ez ditugu gureak egiten berak aurkezten dituen ideia guztiak (mugimenduaren nozioa edo ekintza mota batzuen balorazioa besteak beste).
Ezinbestean analisi oro osatugabe eta inperfektua da
Lehen aipatu den moduan, analisiek beti izango dute alderdi osatugabea edo inperfektua, bai liburu honetan, baina baita talde moduan egiten ditugun irakurketetan ere. Zentzu horretan, kontuan izan testua 2007. urtean eta testuinguru jakin batean idatzi zela. Liburu honetan erantzun unibertsala edo konponbidea bilatzen baduzu ez duzu topatuko. Sistema honen logika ulertu nahian hartu baduzu liburua orduan erantzun interesgarriak topatuko dituzu dudarik gabe.
Askotan uste da antiespezistok arazo guztietarako erantzunak ditugula. Eta ez, ez gara orojakileak. Ezin diogu eraldaketaren ibilbideari ziurtasun finkoekin ekin, historiak irakasten duen moduan halako ziurtasun egoskorrak bide okerretara eraman gaituztelako. Iparra galdu gabe malguak izan behar gara eta erantzunak bidean agertuko dira, hori da izan dezakegun ziurtasun bakarra.
Oro har, norentzat den liburu hau
Sistema hau eraldatu nahi duen ororentzat zuzenduta dago liburua, zintzotasunez eta umiltasunez. Egoeraren konplexutasunaz jabe gara eta argi dugu sistema honen eraldaketa ez dela soilik desiratzen dugun zerbait, baizik eta behar materiala dela. Krisi garai honetan inoiz baino gehiago espezismoa eta antropozentrismoa desagerrarazi beharko genituzke, horrela agertuko baitira praktika eta bizitza era askatzaileagoak.
Iruzkinik gabe