“Oraingo irudikapena eraiki den bezala, deseraiki daitekeelako, eta berria eraiki. Posible da queer den Olentzero”. Iker Tubia kazetariak esaldi horrekin itxi zuen Berria egunkarian Olentzeroren inguruan idatzitako erreportajea, abenduaren 19an. Han eta hemen eredu berriak sortzen eta kaleratzen hasi direla kontatu zuen Tubiak bere testuan, han eta hemen ikazkinari buruz nagusitu den irudiaren inguruko kezkak eta gogoetak bultzatuta. Izan ere, kontuan izan behar da Olentzero egur puska bat bertzerik ez zela jatorrian: “Egur bat. Ez gizon eta ez emakume. Ez ikazkin eta ez beste lanbide. Olentzero egur puska bat zen. Are, neguko solstizioan sutan sartzen zen enborra”. Egur puska hori panpina bihurtu zen gero, eta hezur-haragizko pertsona azkenerako. Horregatik, oraingo irudikapena eraiki den bezala, deseraiki daiteke, eta berria eraiki. Posible da queer den Olentzero. Bai eta antiespezista den Olentzero ere.
Hasierako izaera transgresorea galduz joan da Olentzero, eta hartu dituen ezaugarri komertzialek txapela duen Bizarzuri bilakatu dute ikazkina, toki anitzetan. Han eta hemen, gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen ditu bere desfileetan, errege magoekin lehian. Abenduaren 24 eta urtarrilaren 5 oro, zaldi, dromedario, asto, txerri, ardi, behi, idi eta bertze hamaika norbanakok inguratuta agertzen dira opari banatzaileok, jendaurrean.
Aurten ere bai. Olentzerok hamaika animalia erabili eta zapaldu ditu Euskal Herriko hamaika herritan. Ez guztietan, halere. Ermutik Arkanbele kolektibo antiespezistak egindako eskaera aintzat hartu du ikazkinak, eta zenbait hiritan astoaren bizkar gainetik jaitsi egin da karrikaz karrika oinez ibiltzeko. Gasteizen eta Donostian, adibidez, Olentzeroren eta errege magoen desfileetan gizakiz bertzeko animaliarik ez erabiltzea erabaki dute, aurten, bi hiriotako udalek. Iruñean, baina, ez da aldaketarik izan. Olentzeroren Lagunak izeneko elkarteak antolatzen du, urte oro, ikazkinaren desfilea, eta azken urteotan bezala, anitz izan dira asteon desfilean erabilitako gizakiz bertzeko animaliak: ardiak, idiak, zaldiak, txerriak eta bertze hamaika norbanako. Denera, berrehun inguru, antolatzaileek iragarri zutenez.
Tafallan, asto bat erabili zuten Olentzeroren desfilean, abenduaren 24an, baina, Tafalla Antiespezista kolektiboak egindako lanari esker, baliteke datorren urterako egoera aldatzea. Tafallako Olentzeroren Batzordearekin bilera egin zuten herriko talde antiespezistako kideek, eta eskatu zuten astorik ez erabiltzeko. Ekintzaileak, gainera, gurdia eramateko prest agertu ziren. Antolatzaileek erantzun zuten astoa “eskatuta” zegoela jada, eta gurdia “astunegia” zela herritarrek eramateko. Halere, datorren urterako auziari buruzko gogoeta egiteko eta gaia lantzeko konpromisoa agertu dute. “Beste animaliekin dugun harremana aztertzeko eta aldatzeko ordua dugu; inor ezin da aske izan beste norbanakoak zapaltzen dituen bitartean”, nabarmendu dute Tafalla Antiespezistako kideek.
Olentzero joan da, baina errege magoak etorriko dira laster. Beren desfileak mahai gainean jarriko du, berriz ere, gizakiz bertzeko animalien erabileraren auzia. Iruñean, desfilea egin aurretik ere karrikan dira dromedarioak, haurrentzako paseoak antolatzen baititu desfilea prestatzen duen elkarteak. Egunean hainbat orduz egon behar izaten dute animaliok, plazan, bueltak ematen, behartuta. Beren borondatearen aurka ari direla argi utzi izan dute gizakiz bertzeko animaliek, hain zuzen ere, Euskal Herriko hainbat hiritan egindako desfileetan. Gasteizen, adibidez, gameluak erabiltzea erabaki zuen udalak 2000. urtean, baina erregeek oinez egin behar izan zuten bidea, azkenean, gameluek ez zituztelako gainean eraman nahi. Donostian, berriz, Meltxor lurrera bota zuen zaldiak, hainbat aldiz, 2016ko desfilean.
Aurten ez da horrelakorik gertatuko, gizakiz bertzeko animaliarik gabekoa izanen delako Gipuzkoako hiriburuko desfilea. Hori da egunotako ospakizunetan animalia guztion interesak kontuan hartzeko eta errespetatzeko bidea. Posible da antiespezista den Olentzero; posible dira antiespezistak diren errege magoak. Deseraiki eta eraiki. Posible da.
Iruzkinik gabe