Espezismora kondenatuak
16.000 norbanako baino gehiago indarrez itxita dituzte Euskal Herriko zoo eta akuario nagusietan.
Egungo kapitalismo espezistaren logikak eusten die milaka eta milaka norbanako zapaltzen dituzten zoo eta akuarioei, eta logika horren arabera, gizakiz bertzeko animaliak etekin ekonomikoa lortzeko salgai hutsak dira. Animalion zaintza, espezien kontserbazioa eta ingurumen heziketa zapalkuntzaren logika hori ezkutatu nahi duten etiketak baino ez dira, Nor kolektiboko kideek egin duten ikerketak agerian utzi duenez. Euskal Herriko eta ondoko zortzi esplotazio zentrotan egon dira, animalion egunerokoa dokumentatzen. Itxialdiak eragindako gaixotasunen lekuko izan dira, bertzeak bertze.
Sendaviva (Arguedas, Nafarroa), Donostiako Aquariuma (Donostia, Gipuzkoa), Miarritzeko Itsas Museoa (Miarritze, Lapurdi), Getxoko akuarioa (Getxo, Bizkaia), Basondo (Kortezubi, Bizkaia), Karpin (Karrantza, Bizkaia), Cabarceno (Kantabria, Espainia) eta Santillanako zoologikoa (Kantabria, Espainia). Euskal Herriko esplotazio zentroak dira lehenengo seiak; Espainian dira bertze biak, baina euskal herritarrak dituzte bezero nagusien artean ; Santillanako zoologikoan, adibidez, eskuorriak euskaraz ere banatzen dituzte.
Irudi, izen eta programa ezberdinen atzean, errealitate bera dute zortzi zentroek oinarri: gizakiz bertzeko animaliak salgai bilakatzen dituzten zapalkuntza zentroak dira, eta, ondorioz, gizakion etekin edo interes ekonomikoa gailentzen zaie bertze espezietako norbanakoen interesei. Animalion interesik oinarrizkoena da bizirik jarraitzekoa, eta hori ere bigarren mailakoa da zoologiko eta akuarioetan. Euskal Herrian, bai eta hemendik kanpo ere.
Finean, gizakiz bertzeko animaliak ixteko zentroak kontsumorako espazioak baino ez dira, eta kontsumoa sustatzeko prozesu horretan, zoologikoko dendako panpinek betetzen duten rol bera dute hesien bertzaldean diren norbanakoek: bisitariak haiengana ahalik eta gehien hurbiltzeko eta argazki bat egin dezaten daude itxita dituzten espazioetan. Urria da norbanako horien inguruan bisitariei eskaintzen zaien informazioa, eta, eskura badute ere, urria da bisitariok aurrean dituzten animaliei buruz zerbait ikasteko duten interesa. Merkataritza gune handi batek betetzen duen funtzio bera dute zoologikoek eta akuarioek, baina kontserbazioaren eta heziketaren aitzakiaren babespean. Marketin hutsa, finean.
Gaixotzen duen konfinamendua
Konfinamendu gure eguneroko hitz bilakatu da, azken hilabeteotan, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz. Sareetan, zoologikoen eta akuarioen kontra egiteko erabili dute hitz hori herritar anitzek, gizakion osasunaren aldeko itxialdia eta gainerako animaliek sufritzen dutena alderatuz. Zoologiko eta akuarioetan bizi diren gizakiz bertzeko animalien bakarraldia, baina, mugagabea da, eta indarrez ezarria. Esplotazio zentro batetik bertzera joateko baino ez dituzte mugitzen, eta gizakion mendeko bilakatzen dituzte, beren bizitzetako ziklorik oinarrizkoenak ere kontrolatuz: gizakiek erabakitzen dute animaliok non eta nola bizi diren, noiz jaten duten eta noiz egiten duten lo, bai eta noiz eta nola hiltzen diren ere. Animaliok, finean, beren sena galtzen dute: direna izateari uzten diote.
Egungo pandemiaren testuinguruan, agerian gelditu da zoologikoetan funtzionatzen duen logikak: Europako zentro anitzek dirua eskatu zuten osasun krisiaren hasieran, ateak itxi behar izan zituztelako eta bisitaririk gabe gelditu zirelako; batzuek urrats bat harago egin dute, eta Alemaniako Neumunsterreko zoologikoak, adibidez, animalia batzuk hiltzeko mehatxua jarri du mahai gainean, “bertze batzuk elikatu ahal izateko”. Europako Zoologikoen eta Akuarioen Elkarteak berak zabaldutako datuen arabera, urtean 3.000-5.000 norbanako hiltzen dira Europako zoologikoetan. Kopurua, zalantzarik gabe, anitzez ere handiagoa izanen da.
Zookosiak jota
Esplotazio zentro horietan hiltzen ez diren animaliak, gehienetan, gaixo egoten dira. Izen propioa du itxialdiak gizakiz bertzeko animaliei eragiten dien eritasunak: zookosi, edo konfinamenduak eragindako psikosia, alegia. Ondorioz, animaliok estereotipiak garatzen dituzte: hau da, helbururik gabeko mugimendu zehatzak errepikatzen dituzte behin eta berriz; batzuek gorputzeko ilea edo lumak kentzen dituzte; eta gerta daiteke ere animaliek goitika egitea, eta botatakoa berriz irenstea. Laurel Braitman adituak zoologikoetako itxialdiak eragindako egoera horiek guztiak jorratu zituen, 2015ean, liburu batean (Animal Madness: How Anxious Dogs, Compulsive Parrots, and Elephants in Recovery Help Us Understand Ourselves); eta ez da bakarra: anitz dira auzi horren inguruko ikerketak, artikuluak eta lanak. Ondokoa lagin bat bertzerik ez da: https://slate.com/technology/2014/06/animal-madness-zoochosis-stereotypic-behavior-and-problems-with-zoos.html eta https://www.nytimes.com/2017/10/16/science/depressed-fish.html
Nor kolektiboko kideek zuzenean ikusi ahal izan dituzte itxialdiak Euskal Herriko zoologikoetan eta akuarioetan diren norbanakoengan eragiten dituen ondorioak, eta ikerketak errealitate horren berri jaso du. Estereotipiak dituzten animaliak badaude ia zentro guztietan, eta nabarmenak dira, bertzeak bertze, Donostiako Aquariumeko marrazoen eta Sendavivako hartz arreen kasuak. Arguedasko zoologikoan, tigreen artean ere nabarmenak dira estereotipiak. Oro har, zoologiko guztietako felino handiek badituzte zookosiaren sintomak. Hartzen artean, Sendavivakoak ez dira gaixo diren bakarrak, eta Bizkaiko Karpinen daudenek ere garatu dituzte estereotipiak.
Zoologiko batean sartzen den edozein pertsona ohartzen ahal da itxialdiak gizakiz bertzeko animaliengan duen eraginaz. Nor kolektiboko kideek bisitatu dituzten zapalkuntza zentro gehienetan entzun dituzte bisitari batzuek animalien itxuraz edo jarreraz errandako hitzak: “ematen du triste dagoela”, “bueltaka dabil, erotuko da!”, “hemen bakarrik gaizki pasatuko du”… Adibide bakar batzuk baino ez dira.
Justifikaziorik ez duena zuritzeko asmoz Zoologiko eta akuarioetako arduradunen jarrerak ere agerian uzten du gero eta zailagoa dela zentro horietan gizakiz bertzeko animalien interesak kontuan hartzen dituztela sinetsaraztea; Cabarcenon, Sendavivan edo Miarritzeko Itsas Museoan gertatzen dena da horren adibiderik argiena: fokak eta hegaztiak erabiltzen dituzte zentro horietan, bertzeak bertze, beren ikuskizunak eskaintzeko, eta animaliok erabiltzen dituzten langileek hainbat minutu hartzen dituzte, hasi aurretik, azaltzeko bisitariei animaliek ez dutela sufritzen, eta haien hobe beharrez ari direla, betiere. Itxialdia eta erabilera justifikatzen saiatzen dira, baina, noski, itxialdiak espezismoak ezarritako zapalkuntzaren logikaren arabera baino ez du justifikaziorik. Gizakiz bertzeko animaliak kontsumorako gai bilakatuta, zoologikoetan eta akuarioetan beren dirua uzten duten bisitariak dira negozio horietako benetako izar; egun pasa egiteko zentro bilakatzen dira animaliak zapaltzen dituzten horiek. Bisitariek animalien ondoan egindako argazkiak eramaten dituzte etxera, egunaren amaieran; hesien bertzaldean gelditzen dira animaliak. Espezismora kondenatuak.
Iruzkinik gabe