COVID-19REKIN EDO GABE, GARRANTZITSUA DA BORROKA ANTIESPEZISTAREN ERDIGUNEAN GIZAKIZ BESTEKO ANIMALIAK KOKATZEA
Hilabete batzutik hona, koronabirusaren krisiari buruzko lehen berriak jasotzen hasi ginenetik, mugimendu antiespezista eta beganoak abeltzaintza industrialaren eta COVID-19, SARS, hegazti gripea edota txerri gripea bezalako pandemien sorreraren arteko harremana salatzen ahaleginak egiten ikusi dugu. Estrategiak honetan datza:
- Herritarrei gaur egungo pandemia global gehienen ustezko arrazoi zoonotikoaren berri ematea.
- Biztanleak konbentzitzea, etorkizunean pandemiak saihesteko behar-beharrezkoa dela abeltzaintza industriala abolitzea.
Ez da zaila estrategia mota horren adibideak aurkitzea: ia erakunde antiespezista edo animalista handi guztiek egin dituzte ekintzak edo kanpainak ildo horretan (Million Dollar Vegan, Mercy for Animals, Franz Weber Fundazioa, Anima Naturalis, Animal Save Movement, Animal Rebellion edo PETA). Zenbait Komunikabide eta foro beganoetan geroz eta toki gehiago duen diskurtsoa da, Gary Yourofsky, Paul McCartney, Jane Goodall, Earthling Ed eta Keegan Kuhn bezalako mugimenduko zein kanpoko pertsona ospetsuen babesarekin. Ez dugu zalantzan jartzen pandemien eta abeltzaintza industrialaren arteko harremana benetakoa denik, baina ez zaigu interesatzen horretan sartzea. Pena ematen digu antiespezismoa bezalako mugimendu legitimo eta serio batek bere planteamenduekin hain etsita egotea eta hain konfiantza gutxirekin, bere mezua alde batera uzteko gai dela ikusteak, bere jatorrizko helburuekin zuzenki bat ez datozen diskurtso batzuk bereganatzeraino (jatorrizko helburu horiek lortzeko kaltegarriak izan daitezkeenak ere).

Pandemiak eta abeltzaintza industriala lotzeko estrategia ikuspuntu antropozentrista batetik abiatzen da, gizakiz besteko animaliak gure diskurtsoaren erdigunetik kentzen dituelako eta giza interesak lehen lerroan jartzen dituelako. Bizi garen status quo espezistaren barruan, gizakiz besteko animalien interesak beti dira gutxietsiak eta ezikusiak, baita giro antiespezistetan ere: klima aldaketaz hitz egiten ez dugunean, osasunaz edota munduko gosearekin amaitzeaz ari gara. Kontuz ibili behar gara tranpa honetan ez erortzeko. Mugimendu antiespezista gizakiz besteko animalien zerbitzura dagoen mugimendua da, haien ahotsak zabaltzea eta zapaltzen dituen menderakuntza sistemari amaiera ematea da gure helburua. Edozein argudio ez-antiespezistatik abiatuta abeltzaintzaren abolizioa defendatzea ez da eraginkorra. Errespetu falta bat da gainera, esplotazioa, torturak eta gatibutasuna jasaten dituzten gizakiz besteko animaliekiko. Inoiz ez litzaiguke bururatuko argudiatzea marjinatuta dagoen edozein gizatalde zapaltzen duen erakunde bat abolitzearen alde, honek ingurumenean duen eraginarengatik, adibidez, erabat friboloa eta gustu txarrekoa izango litzatekeelako.

Ulertzen dugu biztanleriarengan eragin handiagoa izateko, gure mezua aldatzea beharrezkoa dela ondorioztatzera iristeko arrazoibidea. Hala ere, Aitor Garmendiak dioen bezala,
“Pertsona gehiagorengana iristen bazara, helarazi nahi duzun mezuaren funtsezko ideiari uko egitearen truke, azkenean gertatzen dena da ez zarela inorengana iristen ari. Zure kanpaina, artikuluak, albisteak edo txioak urrunago iritsiko dira, baina ez dute ezertarako balio izango “.
Aitorrek arrazoi osoa du. Edo agian uste dugu espezismoaren aurkakotasuna zabaltzea lortuko dugula hau ikusarazi eta esplizituki salatu gabe? Gure ustez, espezismoaren problematikari aurre egiten ez dioten diskurtsoetatik urrundu egin behar gara, hauek argudio erreformista eta bienestaristak erabiliz kolpe batez ezetsi daitezke eta. Estrategia hau gizartean zehar zabaltzera iristen bada, arazoaren errora iristen ez diren neurri hutsalak lortuko ditu, hala nola abeltzaintza estentsiboa sustatzea edo zenbait espezie kontsumitzeko debekua, beste espezie batzuen kontsumoa legitimatuz. Izan dezagun beti gogoan espezismoa akabatu nahi dugula, ez kaiola handiagoak lortu edo #pandemicfree den haragia.

Amaitzeko, egoera honen ondorioz mugimenduaren barruan jokabide toxiko edo zapaltzaile batzuk sortu (edo areagotu) izanaz dugun kezka adierazi nahi dugu. Adibidez, bizitzen ari garenaren erru guztia kontsumitzaile indibidualen gain kokatzeko joeraz ari gara, industria espezisten eta hauek existitzea ahalbidetzen duen sistemarengan ordez. Honetaz gain, jendea kexu ikusi dugu, beganoak, beganoak ez direnek eragin duten egoera bat sufritzen ari garelako, eurek merezi dutela eta guk ez ikusaraziz. Badira “karnaken garbiketaz” hitz egiten ari direnak ere, orojaleak hiltzeko aukera gehiago dutela esanez, estatistikoki, bihotzeko gaixotasunak edo minbizia izateko joera handiagoa dutelako (arriskuko biztanleria bilakatuz). Gure ustez, horrelako planteamenduak gustu txarrekoak dira eta ez dituzte pandemiaren ondorio txarrenak jasaten ari direnak aintzat hartzen, gainera ikuspegi estrategikotik kaltegarriak dira.
Mugimendu barruko arrazismo kasu nabarien gorakada ere antzematen ari gara. Birusa Txinako Wuhan hirian sortu izanak, Txinako praktika espezistak, nolabait, Mendebaldekoekin konparatuta desberdinak edo okerragoak direla sinestarazten die pertsona askori. Espezismoarekin bukatzearen alde egiten dugunok argi izan beharko genuke ez dagoela moralki inolako desberdintasunik txerri bat, txakur bat, saguzar bat edota pangolin bat hiltzearen artean; eta jakitun izan beharko ginateke mendebaldeko praktika espezistek eragiten duten sufrimendua ez dela txinatarren desberdina. Hala ere, ikusi ditugu begano batzuk Txinako biztanleria osoa “basatia,” “ankerra” edota “zikina” dela esaten, estereotipo eta aurreiritzi arrazista eta sinofobikoak iraunaraziz. Zapalkuntza bat ikusarazteko eta honekin amaitzeko borrokan ari den mugimendu batean horrelako jarrerek ez lukete tokirik izan beharko. Laburbilduz, mugimendu antiespezistaren parte garenok, justizia sozialaren eta zapalkuntza-sistema baten amaieraren alde egiten duen mugimendu baten parte gara, eta oso gogoan izan beharko genituzke erabiltzen ditugun estrategiak eta hizkuntza; izan ere, nahi genukeena baino maizago gure mezua gizakiz besteko animaliak erdigunetik kentzen dituen edo beste zapalkuntza-sistema batzuk iraunarazten dituen ikuspegi antropozentrista batetik abiatzen da.
Madrilgo Asanblada Antiespezista, 2020ko Apirila. lamismalibertad@gmail.com
Iruzkinik gabe