Oharra: Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Gabonak badatoz
Mugikorra desblokeatu eta amaren dei galduak ikusi ditut. Bueltan deitu eta egunean egindakoak kontatu dizkiogu elkarri. Halako batean galdetu dit: zer egin dezakegu Gabonetan zuretzako? Hitz horien oihartzuna oraindik dardarka dago nire gorputzean.
Gabonak, badatoz Gabonak. Afariak, argiak, publizitatea, urtearen amaiera eta ziklo berri baten hasiera. Gustatuko litzaidake esatea etortzear dauden data hauetan neguko solstizioa ospatzeko batzen garela euskal herriko bazterretan. Gustatuko litzaidake horretan sinistea. Jaiak elkarrekin une politak bizitzeko eginak direla eta hauetan zapalkuntzak tokirik ez duela pentsatzea. Baina gauzak ez dira horrela. Euskal gizartea festa erlijioso eta materialistez zeharkaturik dago eta hauek gure gizartearen engranaje zorroztuen parte dira. Lotura horien hortzek erresistentzia oro ehotzeko lanean dihardute uneoro. Denbora dugu etsai.
Biolentzia estrukturalez beteriko erritualak
Borroka antiespezistaren baitan gaudenok badakigu zapalkuntza honen subjektu politikoa ez dela gure izatean gorpuzten. Gizakiz besteko animaliak dira espezismoak oinperatzen dituen norbanakoak eta hortaz hauek dira sufrimendu zuzena pairatzen dutenak. Hala ere, urtero abenduak besarkatzen gaituenean, inguruko lagun antiespezisten baitan mugimenduak nabaritzen ditut: ezinegonak, beldurrak, gauzak lotzeko beharrak eta beste sentsazio batzuk. Izan ere, Gabonetan ez da mahai gainean espezismoa bakarrik zerbitzatzen. Sinbolismo eta errituz beteriko festa hauek agerian uzten dute zeintzuk diren gure gizartearen oinarriak eta biolentzia estrukturalek materializatzeko ohitura izaten dute data hauetan.
Sarri entzuten ditut lagunak Gabonen bueltan hitz egiten dugunean esaten etxean ez direla gustura egoten, edo beste norbaiten etxera joango direla. Batzuek Gabonak bakarrik pasatzea nahiago dute, beste batzuk, burumakur, familia otorduetara joaten dira. Gutxi gara mahai inguruan gustura esertzeko aukera dugunok eta ez da kasualitatea izango gutako asko gizon zisak izatea, kasualitatea ez den bezala afaltzeko zer egin dezakegun aitaren ordez amak galdetu izana.
Gabonetako afarietan familiak bere rola betetzen du heteronormatibitatea erreproduzitzen, nor noren etxean batu, familiakoekin egon eta otorduak partekatu. Mahaia nork ipini, zerbitzatu, otorduak nork sukaldatu eta nork garbitzen duen, ezer ez da zorizko kontua. Urteak daramatzagu mugimendu antiespezistan intersekzionalitatea lantzen, izan ere, ulertzen dugu zapalkuntza ezberdinen artean konfluentziak daudela. Nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak izan, nahiz eta mekanismo ezberdinak erabili, elkarren arteko loturak agerikoak dira. Horregatik mugimendu antiespezistatik zapalkuntza ororen aurka borroka egiteko hautua dugu, hauen artean hierarkiak ezarri gabe.
Ez da beharrezkoa platerean dauden animalien gorpu zatiak izendatzea. Denok dakigu zer egoten den mahai erdian. Zuzen begiratuta argitzen da biolentzia, eta haragitik haratago, bada ere prekarietatearen biolentzia, plater hauek elikatzeko hiltegietan lan egiten duten pertsonena. Soldata minimoaren truke eta sarri premiak bultzatuta imajina ezin ditugun egoerak bizi behar dituztenak.
Gabonetako kalejiretan, gizakiz besteko animaliak
Urteko garai hauetan gizakiz besteko animalien aurkako biolentzia ez da elikadurara mugatzen. Oparietan larrua, ilajea eta gorpuzkiak, kaleetan, berriz, Olentzero zein Erregeak eramaten asto, zaldi eta gameluak, herritarrak jostatzeko ardiak, antzarak edo oiloak (ikus bi erreportaje hauek: (1) “Ikatza, gizakiz bertzeko animaliak zapaltzen dituztenentzat” eta (2) “Animaliak jostailu espezismoaren desfilean“). Hauek jendetza zeharkatzera behartuak izaten dira argi, zarata eta estimuluen artean, gurasoek seme-alabak hauen gainean jarri nahian egoten dira eta flashak etengabean hauen begiak argiztatzen dituzte. Estresa eta beldurra pairatu behar dute norbanako hauek gizaki batzuen entretenimendurako. Praktika honekin haur zein nerabeei helarazten diegun mezua animaliak gure interesak asetzeko daudela da, nola ez dituzte ba jango!
Gauza ezberdin ugari aipatu dira artikuluan, agian denak oso gainetik, gai bakoitzaren inguruan gutxi azalduz. Artikulu luzeak idatz daitezke Gabonetako kalejiren inguruan, otorduetan zerbitzatzen diren animalietaz, opari moduan salerosten direnak, mahai inguruetan ematen diren txiste eta burletaz, jan behar dugun janari kopuruaz, gure gorputzetaz, haien gorpuetaz… Tira, agian Gabonetako mahai gainean ematen den opulentzian pentsatzeak testu honetara gai ugari ekartzera eraman nau. Barkatuko didazue.
Besarkada bat
Azken hitzak, urte hauetan zehar borroka antiespezistan egon diren lagunentzat doaz, itzelak zarete. Jai hauetan onena opa dizuet. Zaudeten tokian zaudetela, zilegi da familiatik ihes egitea mina sorrarazten badigute, zilegi da lagunen artean gerizatzea epeltasuna topatzen badugu. Besarkada bat plateren artean lubakiak eraikitzen dituzuenoi, beste bat Gabonetan deserrian egongo zaretenoi. Datozen urteetan mugimendu antiespezista ehuntzen jarrai dezagun, goxotasunetik bada ere, beti atzapar zorrotzekin.
Iruzkinik gabe