Argitalpen antiespezista – 1. Alea
Badira hiru urte abentura hau hasi genuela; Nor izena eman genion mugimendu antiespezistaren ametsak komunikatu nahi dituen eragileari. Horixe baita proiektu hau: Euskal Herriko mugimendu antiespezistako kideekin saretu eta sistema desafiatuko duen antolakuntza eraiki nahi duen taldea.
Komunikazioaren arlotik egiten dugu ekarpena, animalien egoeraren berri emanez eta Euskal Herrian animalien alde egiten den ekintza oro kontatuz. Lan horrekin jarraitu nahi izan dugu aldizkari honetan, orain arteko lana bilduz eta garatutako materiala zabalduz.
Baina argi daukagu gure lana ez litzatekeela posible izango bidelagun izan ditugun militante eta ekintzaile guztiak gabe. Haiei esker, hamaika gertakizun izan dira urte hauetan, Euskal Herriko txoko guztietan sakabanaturik.
Antiespezistok hiru urte daramatzagu Bilbon, urteroko manifestazioan, animalien askapena ohiukatzen. Hiru urte dira Donostian, Ursularen erakustaldiarekin bukatzeko asmoz, zenbait aktibista haren kaiolan sartu zirela. Bestalde, argitaratu da espezismoari buruz euskaraz egiten duen lehen liburua, eta Korrikan ere euskaraz egin da animalien aldeko aldarria. Elkarrekin bildu gara topaketetan formakuntza saioak egiteko, jolasteko eta harremanak indartzeko. Abestiak dantzatu dira, kaleak apaindu, ikerketak egin eta ehiza dorreak eraitsi.
Hori dena gogoan izateko helburuarekin idatzi dugu esku artean daukazun aldizkaria. Ezin dugulako ahaztu orain artekoa, gure bidea ibilitakoak ere sortzen du-eta, aurretik izan ditugun ekintzaile guztiekin batera.
Indartu dezagun Euskal Herriko mugimenduak azken urteetan sortutako aliantza, elkarrengandik ikasiz eta ortzi muga berrien alde borrokatuz. Gure txikian, handiak gara elkarrekin. Pausoz pauso jarraituko dugu borrokan, gizarteak animaliekin duen harremana errotik aldatu arte. Horregatik sortu ginen, eta horregatik jarraitzen dugu lanean.
Aldizkaria inprimatzen ari gara dagoeneko, 100 orrialde, koloretan eta A4 tamainan kaleratuko dugu azken 3 urtetako gertakari eta hausnarketak biltzen dituen argitalpena. Eskuratzen lehena izan nahi baduzu, abenduak 16rarte egongo da aurresalmentan online dendan, 6,50€ko prezio berezian (ondoren 9€ izango da salneurria).
2 Iruzkinak
Kaixo!
Me gustaría reservar dos copias del Gizakik Bertze,
En Donostialdea se podría hacer entrega en mano? Vivo en Aia y trabajo en Hernani, igual podemos cuadrar?
Eskerrik asko!!!
Kaixo Eduard!
Ningun problema para la entrega en mano de la revista.
Te contactamos en el email por privado.
Eskerrik asko!