Iraganari so, etorkizuna irabazteko
Deus ez da hutsetik sortzen. Animalien askapenaren aldeko mugimendua ez da salbuespen bat. Alderantziz: nahi bezainbertze egin dezakegu atzera denboran, eta beti aurkituko dugu gizakiz bertzeko animalien alde altxatu den norbait. Europako testuinguruan, eta Animalien Askapenaren aldeko mugimendu antolatu bati buruz hitz egiteko, halere, azken bi mendeotan gertatutakoak izan dira giltzarri. Horiek oroitu eta aztertu nahi izan ditu Lorratzean dokumentalak, orain arte egindako urratsen hausnarketaren bidetik aurrera egiten segitzeko asmoz.
Urrian Gasteizen estreinatu eta gero, Bilbon, Donostian eta Iruñean proiektatu da, ondoren @argia.eus -n egon da. Ikusgarri dago gure kanalean:
Dokumentalak helburu hartu du Euskal Herriko mugimendu antiespezista jartzea erdigunean, baina Europako bere testuingurua bazter utzi gabe.
Nahi bezainbertze egin dezakegu atzera denboran, eta beti aurkituko dugu gizakiz bertzeko animalien alde altxatu den norbait
Izan ere, Europan 1970eko hamarkadan egindako urratsak funtsezkoak dira Animalien Askapenaren aldeko mugimenduaren egungo bideak eta estrategiak ezagutzeko eta ulertzeko: 1970ean, bibisekzioaren aurkako testu batean ‘espezismo’ hitza erabili zuen Richard Ryderrek aurrenekoz; hurrengo urtean, Band of Mercy erakundea sortu zuen Ronnie Leek, ehizaren sabotatzaileen borroka moldeak harago eramateko. Laborategi bati su ematea egotzita, hiru urtez izan zen Lee espetxean, eta 1974an atera zenean, Animalien Askapenerako Frontea jarri zuen martxan.
Euskal Herrian ere badago Animalien Askapenerako Frontea. Azken urteotan, adibidez, ehiza dorreen aurkako erasoak egin dituzte hamaika herritan. Mugimendu antiespezistak bide propioa egin du hemen, halere, eta herriz herri sortutako taldeen eskutik, erakutsi du espezistena zapalkuntza ororen aurkako borroka dela, eta gainerako gizarte mugimenduen artean duela berezko tokia.
Horiek oroitu eta aztertu nahi izan ditu Lorratzean dokumentalak, orain arte egindako urratsen hausnarketaren bidetik aurrera egiten segitzeko asmoz.
Talde horietako ekintzaileek hartu dute hitza Lorratzean dokumentalean, beren esperientziak eta hausnarketak partekatzeko. Azaldu dute, bertzeak bertze, mugimenduak Bilbon egindako bidea; 2010ean Donostian sortutako Askekintzak bertze anitzen bidean izan duen eragina nabarmendu dute; eta salatu dute, berriz, 2011n Galiziako epaile batek mugimenduaren aurka abian jarritako operazioa. Errepresioak zuzenean jo zuen Euskal Herria, lau ekintzaile atxilotu baitzituzten, Bilbon. Auzia, azkenean, artxibatu zuten.
Egiletzari dagokionez, aipatu behar da, dokumentala Nor taldeak ekoitzi duela, lan kolektibo baten emaitza dela eta baliabide mugatuak izan dituela. Orain arte egindako urratsak erakutsi nahi izan ditu dokumentalak, aurrerantzean egin beharrekoak zehazteko asmoz.
Deus ez delako hutsetik sortzen, eta gaur emandako pausoek ere lagunduko dutelako biharko bidea markatzen.
Iruzkinik gabe