Nor kolektibotik maiatzaren 19tik 21era (ostiraletik igandera), Bilboko Karmela gune autogestionatuan, Euskal Herriko antiespeziston topaketak antolatu ditugu. 3. topaketak izan dira (2019-an, 2021-an eta aurtengoa, 2023-an), non 2021koa, halabeharrez, formakuntza digital formatuan aurrera eraman baitzen. Beraz, presentzialki antolatu den bigarren topaketa izan da aurtengoa. Lehengoa, 2019-koa, Hernaniko Urumea Herri Gunean antolatu zen, bertan, hainbat gaien inguruan solastu zen, Euskal Herriko antiespezistok elkar ezagutzeko abagune izan zen eta indar goraldi bat ere eman zigun. Aipatu, tamalez, aste hauetan ari direla eraisten Urumea Herri Guneak erabiltzen zuen eraikina.
Urumeako esperientzia on hura gogoan, aurten ere, 60 pertsonatik gora elkartu gara Karmelan. Bertan, lo, bazkaldu, aisia, hitzaldiak, eztabaidatu etabar egin dugu, alegia, asteburuan zehar elkarbizitza batean murgildu gara.
Asteburuan zehar euskal antiespezistok gogoetarako hainbat gai landu ditugu. Gainera, hitzaldi guztiak elkarrekin nolabait lotuta egon dira, izan ere, hitzaldi guztietan kezka komun batzuk, elkar-elikatzen diren ideiak, zalantza antzekoak atera baitira behin eta berriz. Hala nola, antiespezista izateko beganismoa praktikatzearen beharrizana ezbaian behin eta berriz jarri da. Antolatutako saioetan, eztabaida eta parte-hartze handia egon da, gogoeta eta ideietan sakontzea sustatuz.
1. saioa: Borroka eta ez dieta
Saio hau, ostiral arratsaldean egin da eta dietaren kulturari buruzko mahai-ingurua izan da. Bertan, gorputzen gaineko biolentziaz, diskriminazio lodifoboaz, janarekin dugun harreman zigortzaileaz… solastu da. Izan ere, bazterkeria hauek eta nahasmenduak gure mugimenduan oso presente baitaude.
Beganismoaz hitz egiten dugunean, gure ideiak komunikatzeko erak oso baldintzatuta egon ohi dira elikadura osasuntsu eta dietaren kulturarekin. Hau da, elikadura erdigunean jartzeko joera handia dago, hainbesteraino ezen askotan, gai hau bakarrik gailentzen baita zapalkuntza espezistetaz hitz egitean, gizakiz besteko animalien errealitateak bigarren mailan utziz edo ezereztuz. Horrela, beganismoa printzipioez hustu egiten da, gizakiz besteko animaliekin zerikusirik ez duen hautu pertsonal batean bihurtuz.
2. saioa: “We care”, espainiako lobbie espezisten diskurtsoa
Hitzaldi hau larunbat goizean Olatz Aranceta Reboredok eskaini digu. Olatz Pompeu Fabra Unibertsitateko (UPF katalanez) Komunikazioa saileko ikerlaria da eta CritiCC ikerkuntza taldeko kide ere bada besteak beste. Hitzaldi hau bere azken ikerkuntza-artikulu baten haritik ondu zuen: Lobbying against compassion: a review of the ethics of persuasion when nonhuman animals suffering is involved.
Sistema kapitalistak mugimendu antiespezista eta beganoan bere ideiak txeratzeko eta mugimenduaren ideiei aurre egiteko baliabide pila ditu. Hitzaldian, ideia pozoitsu hauek lobbien bitartez nola txertatzen diren erakutsi digu Olatzek. Horregatik, gure militantzian auzi hau ere kontuan izan behar dugu, lobbie hauei efizienteki aurre egiteko. Lobbie hauen helburua, aurreko saioan aipatutakoaren ildo beretik, diskurtsoa desbideratzea eta oinarri politikoz hustea da.
3. saioa: “Lluvia con truenos” irratsaioa zuzenean
Hainbeste urtetan jarraitu dugun “Lluvia con truenos” irratsaioa bertatik bertara jarraitzeko aukera izan dugu larunbat bazkalostean. Baina oraingoan elkarrizketatuak “Lluvia con Truenos”-eko kideak eurak izan dira, Olaiaren eskutik. Olaia L. Garaialdek elkarrizketatu ditu, eta lan aparta egin du, ikus-entzuleek gozatu ederra hartu dutela nabaria izan baita. Saio hau grabatu egin da eta jada, euren lluviacontruenosradio.org webgunean entzungai dago “#107 Lluvia con truenos al desnudo” izenburupean.
Aipatzekoa da baita ere, irratsaio honen lehen saioan Nor kolektiboko bozeramaile den Maialenek hartu zuela parte. Lehen saio honen izenburua “#1 El antiespecismo será con truenos o no será” izan zen.
4. saioa: Eraiki nahi dugun ekologia
Gai zailak, modu ulerterraz eta dibertigarri batean planteatu dituzte hizlariek larunbat arratsaldean. Saio honetan, ekologiak ezartzen dizkigun mugak ulertzen saiatzeko ahalegina egin da, eta aldi berean, talka hauen aurrean irtenbideak imajinatzeko eztabaida ireki da, beti ere han bildu garen antiespeziston ikuspuntutik. Hain zuzen ere, desazkundea eta kolapsoa izan dira hizketagai nagusi.
Hitzaldi hau izan da jendeak gehien parte hartu duena, izan daiteke larunbat arratsalderako pixka bat elkar ezagutzeko tartetxoak eduki ditugulako eta elkarri jada segurtasun hori transmititu diogulako edo izan daiteke hizlariek giroa berotzen ezin hobeki asmatu dutelako. Seguruenik bi faktoreek dute zerikusia. Gauza da, oso eztabaida mamitsuak atera zirela hitzaldiaren ondoreneko iradokizunen zatian.
Aipatutako gaietako bat zera izan da, ezin ditugula erreminta eraldatzailetzat hartu, gobernu eta enpresetatik proposatzen dizkigutenak, norbanakoen ohituren eraldaketan oinarritzen direnak eta horrelako beste zenbait bide antzu. Audre Lorde-k zion legez, “Ugazabaren tresnek ez dute inoiz ugazabaren etxea eraitsiko”, hortaz, sistema kapitalistaren soluzioei zalantzaz eta mesfidantzaz begiratzea minimoa da, bere helburua beti petatxuen bidez status cuo zapaltzailea mantentzea baita. Munduak askozaz eraldaketa handiagoa behar du, horrenbestez, irudimena erabili eta kutxatik at pentsatu beharra dago. Testuinguru honetan, kapitalismo beganoaz asko hitz egin da, aurreko egunean hitz egin zen bezalaxe. Adostasun zabala izan duen ondorioetako bat, kontsumo koherenteari arreta txikiagoa eskaini behar diogula izan da eta benetako kontra-botere erremintak eraiki behar ditugula.
Tailerrak
Igande goizean saio ez mistoa egin dugu, emakume eta genero disidenteentzat ahalduntze tailer bat izan dena. Bertan, konplazentzia zer den definitzen eta berau zaintzatik ezberdintzen saiatu gara. Noiz egiten da zaintza gustoz?, noiz gure buruarekin hobeto sentitzeko?, noiz da benetako zaintza, behar den bezala bizi eta sentituta egiten dena? Horrelako galderetatik abiatuz ertz asko ukitu dira.
Bestalde, aldiberean, maskulinitate tailerra egin da, bertan, protokolo feministari jarraipena eman zaio eta gizonen ardurak zehazten saiatu gara, batik bat, erasotzaileekin lanketa egiteko protokoloa landu dugu.
Euskal Herriko antiespezistak koordinatzeko bilkura
Azkenik, azken bazkariaren aurretik, Euskal Herriko mugimendu antiespezista koordinatzeko eta saretzeko jardunean ibili gara. Bilkura handi bat egin dugu jardunaldien bukaeran, erreminta berriak sortzeko eta elkarrekin ekimenak aurrera eramateko asmoz.
Itxiera hunkigarria
Bazkalostean, tripak eta buruak ideiez lepo genituela, amaieraren unea iritsi da. Bilboko txoko magikoari bere eguneroko itxura itzuli zaio, partaide guztion artean garbiketa eder bat emanaz. Lokala garbi eta partaideak adi, berriz topaketak egiteko gogoz eta kalean noiz topatuko garen elkarri galdetuaz. Bigarren aldiz hazi batzuk erein ditu topaketa honek eta urtez urte fruituak badatoz bueltan.
Eskerrik asko denoi, plazera izan da!
Iruzkinik gabe