SENDAVIVA
Non: Arguedas (Nafarroa).
Noiztik: 2004ko martxotik.
Zenbat norbanako ditu itxita: 800 inguru.
Natur parke bat dela sinetsarazi nahi die Sendavivak bisitariei. Hori izan da, 2004. urtean ateak ireki zituenetik, arduradunek zabaldu nahi izan duten mezua. Errealitatea, baina, bertzelakoa da, erabat: mundu osoko hamaika espezietako 800 norbanako itxita dituzte zentro horretan. Zoologiko bat da, alegia. Animaliok, gainera, gizakientzat pentsatutako eta prestatutako atrakzio eta jolasen ondoan daude itxita, eta, ondorioz, zoologikoa zabalik dagoen bitartean, bisitarien zarata eta atrakzioetan jartzen duten musikaren bolumena sufritu behar dute. Hori gertatzen da Sendaviva ez delako natur parke bat; hori gertatzen da Sendaviva zoologiko bat delako, eta zoologiko guztietan bezala, gizakiz bertzeko animalien interesei gailentzen zaie sarrera, bazkaria eta dendako panpina ordaintzen dituzten bisitarien kontsumitzeko interesa.
Sendavivak galerak izan ditu zabalik izan zen lehendabiziko urtetik
Parquenasa izenekoa da zoologikoa kudeatzen duen etxea, eta azken hamazazpi urteotan, 70 milioi euro inguru jaso ditu Nafarroako Gobernuaren eskutik. Ekimen pribatu bat da Sendaviva, baina galerei aurre egiteko turismoaren arloan ustez betetzen duen rola jarri du aitzakia gisa administrazioaren laguntza lortzeko: hau da, dirua jasotzeko. Kontua da Sendavivak galerak izan dituela zabalik izan zen lehendabiziko urtetik, eta proiektua bideragarri izateko zehaztutako kopurua urrun duela, oraindik ere, espazioan egindako aldaketek jende gehiago erakartzea lortu badute ere; ur jolasak jarri dituzte, bertzeak bertze, Ferial urtegiko ura baliatuaz; Ferialek Esako ura hartzen du.
2004an, 70.000 bisitari izan zituen; 2011n, berriz, 195.000; eta 183.000, 2017an. Bideragarritasuna lortzeko kopurua, berriz, 257.000koa da. Sodena enpresa publikoaren bidez parte hartu du gobernuak Parquenasan: zoologikoa martxan jartzeko hasierako bederatzi milioi euroren kapitalaren %45 jarri zuen Sodenak. Kontuen Ganberak gogor kritikatu izan ditu Sodenak Parquenasan egindako inbertsioak, eta galdutzat ematen ditu, bertzeak bertze, Sodenak Parquenasari mailegu gisa emandako 32 milioi euro.
Datu horien guztien gainetik, Sendaviva Erriberako turismoaren “motore” dela saltzen dute Parquenasako arduradunek laguntzak jasotzen segitu ahal izateko. Turismo horren preziorik garestiena, halere, gizakiz bertzeko animaliek ordaintzen dute, egun oro. Mundu osoko hamaika espezietako 800 norbanakoen artean badira hartzak, tigreak, tximinoak, zebrak, oreinak eta bertze. Animaliok zapaltzen dituen logikaren xehetasunak ulertzeko, baina, txitekin gertatzen dena da adibiderik argiena.
Arrautzen zikloa
Arrautzen zikloa azaltzeko espazio berezi bat du Sendavivak, etxekotutako animalien inguruko eremuan. Txitak arrautzatik nola ateratzen diren azaltzea da helburua, eta, horretarako, txita jaio berriak, egun batekoak, bikoak eta abar dituzte kaiola txiki batzutan. Ustezko asmo didaktikoa du atal horrek, haurrei bereziki zuzendua. Azken kaiolan, hain zuzen, “mundua ezagutzeko prest” dauden txita kozkorrak izaten dituzte; horixe irakur daiteke kaiolaren gaineko kartelean: “Orain jan, lo egin eta mundua ezagutu”.
Mundua, baina, Sendavivako txoko hori bertzerik ez da egun oro bisitarien aurrean erakusten dituzten txita horientzat guztientzat. Zoologikoko langile batek azaldu du azken kaiolatik zer bide egiten duten: “Anitz jaiotzen dira; bertze animaliei jateko ematen dizkiegu”. Azken kaiolatik, hozkailura. Hori gertatzen da Sendaviva “natur parkean”; hori gertatzen da animaliak errespetatzen dituela saldu nahi duen Arguedasko zoologikoan.
Ustezko zaintza lana
Errespetua hitzezkoa baino ez da Sendavivan: ipar katamotza iskin batean ezkutatzen da, ondoko jolaseko musikak gora egiten duen bitartean; otsoak buztana hanken artean gordeta agertzen dira, eta Siriako hartz arreak belarrik gabeko lurraren gainean etzan egiten dira, pinuen artean. Animalion inguruko informazioa zabaltzen duten kartelak zaharrak dira, eta zehaztasunik gabekoak. Zinismoz josita daude, gainera: hartzen ingurukoak argi dio animaliok eremu zabalak eta zuhaitz eta zuhaixkez beteak behar dituztela. Arguedasen ez dutena, alegia.
Bere proiektua justifikatzeko, kontserbazioaren alde egiten duen lana nabarmendu izan dute Sendavivako arduradunek; hau da, edozein zoologikotako arduradunek egiten duten gauza bera egin dute. Siriako hartz arrearen inguruko programa bateko kide da zoologikoa, eta bisoi europarrari eta Europako igarabari buruzko Life proiektuetan parte hartzen dute. Horrek zer erran nahi duen ez dago argi, ordea, ustez egiten duten lanari buruzko daturik ez duelako ematen zentroak.
Iruzkinik gabe