Milioika dira, urte oro, bide bera egiten duten norbanakoak: gizakiz bertzeko milioika animaliak ematen dute azken hatsa hiltegi bateko pareta ilunen artean, haztegi bateko hormen artean sortu eta gero. Kamioietan egiten dute lehen eta azken bidaia, egungo sistema espezistak haientzat markatutako patua betetzeko. Errealitate hori aldatu nahi du nazioarteko mugimendu antiespezistak, eta borroka horretan bertze urrats bat egiteko, karrikara aterako dira hamaika hiritako ekintzaileak, larunbatean. Euskal Herrian ere bai: Gasteizen agerraldia eginen dute hedabideen aurrean, datorren azaroaren 1ean Bilbon eginen duten manifestaziora deitzeko.
Haztegiak eta hiltegiak lotzen dituen prozesuak berezkoak ditu zapalkuntza eta indarkeria: sentitzeko gaitasuna duten norbanakoak objektu huts bilakatzen ditu; produzitzeko gorputz eta lehengai, aldi berean. Baliabideak. Hori salatzeko asmoz, Madril, Bartzelona, Kanaria Handia, Valentzia edo Salamancaren gisako hamaika hiritan elkarretaratzeak eta manifestazioak eginen dituzte, urriaren 5ean. Erdigunean jarri nahi dituzte hiltegiak, sistema espezistak gizakiz bertzeko animaliak milioika akabatzeko sortutako espazio horiek salatzeko eta ixteko eskatzeko.
Animaliok norbanakoak dira espazio horietara ailegatzen direnean; haragi bilakatuta ateratzen dira. Nor zirenak, zer baino ez dira bihurtzen hiltegietan. Binefar hirian (Aragoi, Espainia), Europako hiltegirik handiena jarri dute, aurten, martxan. Egunean 32.000 txerri hiltzeko gaitasuna du azpiegitura horrek. Industria gero eta hiltegi handiagoak eraikitzen ari da. Binefarrekoa da azkenetako bat, baina ez da bakarra. Zafran gisako bertze bat dago (Badajoz, Espainia). Handi eta txiki, Espainiako estatuan, denera, 600 hiltegi baino gehiago badira. Euskal Herrian daude haietako 30 inguru.
Espainiako estatuan, urtean, 50 milioi txerri hazten dituzte, baliabide gisa erabiltzeko. Euskal Herrian ere datuek agerian uzten dute zenbaterainokoa den espezismoaren indarra: 2018. urtean, 66,5 milioi animalia baino gehiago hil zituzten Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako hiltegietan. Benetako kopurua anitzez ere handiagoa dela badakigu, Eusko Jaurlaritzak ez duelako hildako untxi eta hegaztien inguruko daturik zabaltzen. Nafarroan bakarrik, iaz, 2,2 milioi untxi baino gehiago hil zituzten, eta 63,6 milioi hegazti baino gehiago (Broiler arrazako oilaskoak ziren gehienak: 62,9 milioi).
Diruz lagunduta
Datuek agerian uzten dute, neurri handi batean, gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntza zenbaterainokoa den. Halere, gaur egungo gizartean, oraindik ere, datu horien atzean dagoen errealitatea normaltzat jotzen da. Sistema espezista ahalegintzen da bertze animalien aurkako indarkeria eta zapalkuntza hori guztia normalizatzen eta legitimatzen. Publizitatea da industriaren laguntzaile nagusia zeregin horretan. Azken egunotan Donostian egon den Ham Passion Tour ekinaldiko Ham Truck da horren adibide.
Europako Batasunak diruz lagundutako kanpaina da hori; Europako hainbat hiri bisitatu ditu kanpainako kamioiak, herritarrak urdaiazpikoa kontsumitzera deitzeko. Donostialdeko Askekintza talde antiespezistak ekintza zuzenaren bidez utzi du ekinaldi hori agerian. “Kanpainak helburu bakar bat du: irabaziek gora egitea. Horrek ekartzen du langileak, animaliak eta natura baliabide soiltzat hartzea; animalien erailketa sistematikoa beharrezkoa eta naturala dela sinetsarazi nahi dute”, salatu dute ekintzaile antiespezistek. Urriaren 5ean, berriz eginen dute. Hamaika hiritako ekintzaile antiespezistak aterako dira karrikara, hiltegiak erdigunean jartzeko.
Iruzkinik gabe