Lurrean eserita, eta tronpeta jotzen. Gisa horretan irudikatu zuen Aitor Garmendia-Tras Los Muros ekintzaile antiespezistak, Bilbon, 2016. urtean, Holiday zirkuak karpa azpiko bere ikuskizunean erabilitako hartz arrea. Aske direnean, lasaitasuna maite dute animaliok, bertze edozer gauza baino gehiago. Gautxoriak direla uste izan da, ilunabarrean hasten ohi dutelako zer jan bilatzeko bidea; gizakiak inguruan ez direnean, halere, edozein ordu izan daiteke ona hartzak bere etxe bilakatutako eremuan mugitzeko. Bakartiak dira, eta miopeak. Usaimena hagitz ona dute, ordea, eta ibiltzean irudi baldarra duten arren, trebeak dira korrika egiten, eta are gehiago zuhaitzetara igotzen.
Nekez ikas edo igar dezake hori guztia hartzen inguruan animalia lurrean eserita eta tronpeta jotzen ikusten duenak. Gizakiz bertzeko animaliak pailazo, malabarista edo akrobata bilakatzen dituzte zirkuetan, indarrez. Gizakien barrea eragiteko objektu huts. Azken urteotan, baina, gora egin du gisa horretako ikuskizunen aurkako mugimenduak, eta gero eta gehiago dira, ondorioz, gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen dituzten zirkuak debekatu dituzten hiriak edo erkidegoak. Euskal Herrian, Gasteiz izan zen aitzindaria, eta Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hogei herrik behintzat onartuak dituzte horrelako zirkuen aurkako mozio edo ordenantzak, tartean Iruñea, Donostia eta Bilbo. Nafarroako Parlamentuak ere egin du gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen dituzten zirkuak bazter uzteko urratsa.
Karpa azpian lan egiten duten artista anitz ere ohartu dira gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen dituzten zirkuen errealitateaz, eta bazter utzi dute gizartearen zati handi batek jada zaharkitutzat ematen duen eredu hori. Bertzelako zirku artistek eta ikuskizunek duten arrakastaren adibiderik argienetako bat da Cirque du Soleil proiektua. Ez da bakarra, halere. Euskal Herrian ere bertzelako zirku eredu baten aldeko bidea egiten ari da proiektu berezi bat: Gure Zirkua izenburupean, hainbat euskal artistak euskaraz egindako zirku ibiltari bat sortu dute Iker Galartza aktoreak eta egitasmo horretan parte hartzen duten gainerako kideek.
Joan den maiatzean hasi zuen bigarren denboraldia Gure Zirkua proiektuak, Gipuzkoan. Geroztik, zirkuko kideek Euskal Herriko hamaika txokotan zabaldu dute karpa, eta harmaila lepo bete dute ia guztietan. “Zirku txikia da gurea; 250 pertsonarentzako tokia dugu, hurbiltasun hori bilatzen dugulako”, azaldu du Gure Zirkuko kide Joseba Usabiaga aktoreak. Argi du gizakiz bertzeko animaliak erabiltzeko beharrik ez dela “kalitatezko ikuskizun bat” eskaintzeko.
Ez du hain garbi zein den Gure Zirkuak bere bidea hasi zuenetik izan duen arrakastaren gako zehatza. Gure Zirkuak “eskaintza osoa” egiten duela nabarmendu du, akrobaziak, dantza, antzerkia, malabarismoa eta zuzeneko musika nahasten dituelako, bertzeak bertze. Irailaren 27an Elizondora (Baztan, Nafarroa) ailegatuko da Gure Zirkuaren karpa, eta gero, urrian, Leitzan zabalduko dute. Zirkuak Nafarroan itxiko du oraingo bigarren sasoia, hain zuzen.
Helmuga, urruti
Gizartea ari da bide bat egiten gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen ez dituzten zirkuen alde. Nazioartean, bai eta Euskal Herrian ere. Protestak izaten dira, urte oro, bertze animaliak zapaltzen dituzten ikuskizunen aurka. Lan horrek ekarri du animaliak erabiltzen dituzten zirkuak debekatzen dituzten legeak onartzea, baina araudi horiek ez dute lortu espezismoa erabat bazter uztea: izan ere, gisa horretako legeek, gehienetan, basatitzat jotzen diren gizakiz bertzeko animalien erabileraren aurka egiten dute, baina ez dute debekatzen gizakiak etxekotutako bertze hainbat animalia zapaltzea: bertzeak bertze, txakurrak edo zaldiak.
Urratsak egin dira, baina helmuga urruti da oraindik ere, eta gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen dituzten zirkuek bisitatzen dituzte Euskal Herriko hiri eta herriak. Abuztuan, adibidez, Muller zirkuak zabaldu zuen karpa Hendaian. Linas Korta ekintzaile antiespezistak grabatu zituen zirku horrek zapaldutako animaliak.
Iruzkinik gabe