Egungo kapitalismo espezistaren hiltzeko makinak dira hiltegiak; gizakiz bertzeko animaliak zapaltzen dituen botere egiturak bere esku dituen baliabiderik adierazgarrienetako bat. Euskal Herriko mugimendu antiespezistak hiltegi guztiak itxi nahi ditu, Gasteizko hiltegiko ateak itxi behar izan zituzten bezala. Gizakiz bertzeko animaliak zapalduko ez dituen gizartea nahi dugulako: urratsez urrats, animalion askatasunerantz bidea egiten ari gara.
Euskal Herriko antiespezistok mezu garbia zabaldu genuen, ia duela urtebete, Bilbon: animaliak askatzera heldu ginela erran genuen. Horixe berretsi nahi dugu gaur, orain, Gasteizen, errentagarritasun ezagatik 2005ean itxi zuten hiltegi honen aurrean, eta horixe berretsiko dugu, Bilbon, berriz ere, datorren azaroaren 1ean. Karrikara aterako gara, atzera bueltarik ez duen gure bidean bertze urrats bat egiteko asmoz. Animalien askatasuna dugu helburu, eta hori lortzeko bat egitera deitu nahi ditugu, hemendik, Euskal Herriko ekintzaileak, espezismoaren aurkako jarrera hartzeko prest diren guztiak.
Indarrak batzeko beharra jarri genuen iaz mahai gainean, eta orain ere horixe erran nahi dugu. Indarrak batu behar ditugula zapalkuntza guztien aurka bat egiteko prest garen guztiok. Martxan gara jada, eta honat etorri gara Euskal Herriko hamaika kolektibotako antiespezistak. Gaur atzo baino gehiago gara, eta ehuntzen ari garen sarea gero eta handiagoa da; antiespezismoak Euskal Herriko mugimendu politikoen artean dagokion tokia lor dezan ari gara lanean. Hemendik kanpo ere, Espainiako estatuan, xede bera dute hamaika taldek eta norbanakok, eta indarrak batzeko urratsa egin dute haiek ere, espezismoaren errealitate gordin, gogor eta bidegabea agerian uzteko.
Gasteiz, Madril, Bartzelona, Valentzia eta bertze hamaika hiritan karrikara atera gara espezismoaren zapalkuntza argien islatzen dituzten azpiegituren aurka egiteko: hiltegirik gabeko gizarte bat nahi dugulako; sentitzeko gai diren norbanakoak sistematikoki hiltzeko sortutako eraikinak normalizatzen dituen gizarte bat guztiz bidegabea delako. Kapitalismoak, espezismoaz baliaturik gizakiz bertzeko animalien erabilera eta esplotazioa ohiko bilakatzen ditu, eta horrek ondorio du beste animaliok objektu huts bilakatzea; produkziorako indar, bai eta lehengai ere. Ekonomiaren araberako balioa baino ez dute, gizakion interesen arabera.
Zenbakiek ederki islatzen dute egoera hori: Europako hiltegirik handiena jarri dute, aurten, martxan, Binefarren (Aragoi, Espainia), eta, han, egunean, 32.000 txerri hiltzeko gaitasuna dute. Espainiako estatuan, urtean, 50 milioi txerri hazten dituzte, baliabide gisa erabiltzeko. Euskal Herrian ere datuek agerian uzten dute zenbaterainokoa den espezismoaren indarra: 2018. urtean, 66,5 milioi animalia baino gehiago hil zituzten Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako hiltegietan. Hiltegietan hiltzen dituzten gizakiz bertzeko animalien kopurua anitzez ere handiagoa dela badakigu, Eusko Jaurlaritzak ez duelako zabaltzen hildako untxi eta hegaztien inguruko daturik. Nafarroan bakarrik, iaz, 2,2 milioi untxi baino gehiago hil zituzten, eta 63,6 milioi hegazti baino gehiago (Broiler arrazako oilaskoak ziren gehienak: 62,9 milioi).
Leon Tolstoiren hitzak gure egiten ditugu antiespezistok: hiltegiak existitzen diren bitartean, gudalekuak existituko dira. Denontzako gizarte justuago baten alde lan egin nahi dugulako, hiltegiak ixtera goaz.
Iruzkinik gabe