Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Lagunartean nengoela jakin nuen Reala hegaztiak erabiltzen hasi dela Anoeta estadio berrituaren kanpoko aldea babesteko. Berri horrek hainbesteko haserrea eragin zidan, ez baitzidan utzi erabilera injustu horren azalpenak behar bezala ematen; beraz, hemen bigarren aukera.
Hasteko, goazen “arazoaren” iturrira. Anoeta futbol zelaira partidu bakoitzean doazen 30.000 zaletuek ez dute, behar den bezala, jaten dutena-eta zakarrontzietan uzten. Hortaz, lurrean gelditzen den janariak erakarrita, kaioak estadiora hurbildu eta eraikina biltzen duen plastikoan lurreratzen dira, zuloak eraginez.
Zein izan da klubaren soluzioa? Falkonero bat kontratu, eta hark jabetzan dituen sei hegaztiak erabiltzea kaioak usatzeko. Baina zergatik da hori injustua? Hegazti harrapariak, beste edozein animaliaren antzera, aske eta erasorik jaso gabe bizi nahi du. Falkoneroek, hegazti horiek hezteko, askatasun hori urratu eta jaiotzen direnetik edukitzen dituzte giltzapean. “Jabearen” esanei men egitea lortzeko, entrenamendu eta trebatze prozesu batean mantentzen da hegazti bakoitza, batez ere janariaren bitartez. Hau da, haien behar bat ase ahal izateko, manipulatu egiten dira, trikimailuak egitean janaria lortuko baitute. Prozesu horrek suntsitu egiten du hegaztion izaera, bai eta haren ingurunearekin eta antzekoekin erlazionatzeko eskubidea ere.
Heziketa prozesu suntsitzaile horrez gain, haiei egokitzen zaien “lanak” arriskuan jartzen ditu, gainera. Anoetan kaioak uxatzeko egin duten lehen frogan, harraparietako batek kristal baten kontra jo du, eta bertan hil da. Eragindako heriotza; hau da, erailketa. Diario Vasco egunkariak “fallecido en acto de servicio” (zerbitzuan zendua) bezala deskribatu du, animaliaren esplotazio egoera aintzat hartu gabe.
Harrapariei ez ezik, kaioak uxatzeko metodo horrek kaioei ere heriotza ekarri diela adierazi du Diario Vasco aldizkariak, aniquilación hitza erabiliz; hau da, Anoetatik edozein preziotan uxatu nahi dituzte kaioak, hiltzen badituzte ere.
Bukatzeko, harrigarria iruditzen zait kontratatutako falkoneroa, Juan Mari Sanchez, oso esperientziaduntzat deskribatzea, lehen saioan heriotza eragin dionean bere ardurapean dagoen hegazti bati. Are harrigarriagoa da esatea animalien hainbat elkartetan kolaboratzen duela. Badirudi sinetsarazi nahi dutela animaliak errespetatzen dituen norbait dela, animaliak esplotatzen dituen jarduera espezista baten bidez aberasten den arren.
Laburbilduz: Realak animaliak esplotatu eta erabili ditu gizakiek sortutako arazo bat konpontzeko, jarrera espezista lotsagarri eta justifikaezin bat erakutsiz. Benetan ikusleek sortzen duten zakarra arazo bat bada, soluzioak hirian bizi diren animalia guztien (gizakien eta gizakiz bestekoen) interesak eta beharrak kontuan hartuz planteatu beharko lirateke, eta alde batera utzi gizakiak erdigunean jartzen dituen ikuspuntu zapaltzailea.
Plastiko gutxiago, harrapariak hegan, kaioak teilatu guztietan, eta zakarra, dagokion lekuan.
Iruzkinik gabe