Sandra ez da inoiz izan bere buruaren jabe. Orangutana gizakien artean jaio eta hazi da; 1986. urteko otsailaren 14an sortu zen, Alemaniako Rostock hiriko zoologikoan. 1994an, handik Argentinako Buenos Airesko zoologikora eraman zuten, Max izeneko orangutan gaztearekin batera. Herri bereko Cordobako zoologikora eraman zuten gero, eta Buenos Airesera itzuli zen 2008an. Geroztik, joan den irailera bitarte, hiri horretako zoologikoa izan du etxe. Irailean, Ameriketako Estatu Batuetara eraman zuten, eta azarotik Floridako Center for Great Apes izeneko babeslekuan bizi da.
2015. urteko urriaren 21eko sententzia batek eraman du Sandra Argentinako zoologikotik AEBetako babeslekura, egun hartan Elena Liberatori epaileak erabaki baitzuen Sandra gizakiz bertzeko pertsona bat zela, eta ezin zuela zoologiko batean itxita egon. Sandrak sentitzeko duen gaitasuna onartu zuen epaileak, eta haren oinarrizko eskubideak errespetatzeko agindu zuen. 2014ko abenduko lehen sententzian, epaileek Sandraren alde egin zuten, behin-behinean, eta erabaki hori berretsi egin zuen Liberatorik, 2015ean.
AFADA Animalien Eskubideen Aldeko Funtzionarioen eta Abokatuen Elkarteak eraman zuen Sandraren auzia epaitegietara. Elkarteko abokatuek salatu zuten Buenos Airesko zoologikoan porlanezko kutxa moduko batean zeukatela, eta eskatu zuten tximino handientzako babesleku batera eramateko, espezie bereko bertze animalia batzuekin bizi ahal izateko, eta, ahal zen neurrian, aske. Floridako babeslekuak denera 22 orangutani ematen die aterpe. Guztiek dute atzean Sandrarenaren gisako bide bat: gizakiaren menpe eta itxita bizi izan dira, babeslekura ailegatu arte.
Aterpean, animalion interesen alde egiten dute, baina asmo horrek badu muga bat, zeren, hainbat urtez itxita bizi eta gero, primate gehienek ezin baitute berezkoa duten habitatera itzuli. Orangutanek Asia dute berezko bizileku. Borneon eta Sumatran 67.000 inguru bizi direla uste da, 2014. urtean Birute Mary Galdikas adituak plazaratutako datuen arabera. Inor baino gehiago hurbildu da bera animaliongana. 1971. urtean joan zen Borneora, ametsa bete eta orangutanak ikertzera; ez zuen berriz utzi oihana. Han gelditu zen. Eta han ikasi du animalia nahiko bakartiak direla orangutanak, mamuen gisakoak, oihanetako zuhaitzen gainean. Reflections of Eden liburuan jasota ditu haien ondoan bizi izandakoak. Birute Mary Galdikasek egin du lan gizakiek harrapatutako orangutanekin ere, eta bostehun baino gehiago itzuli ditu beren habitatera. “Gizakiok baino pertsona hobeak dira orangutanak”, erran zuen Berrian 2014an.
Galdikasek pozik hartu zuen 2015eko Sandrari buruzko sententzia. Ebazpen hori ez da primate bat gizakiz bertzeko pertsonatzat jotzen duen bakarra: 2016an, Argentinako bertze epaile batek, Maria Alejandra Mauriciok, sentitzeko gaitasuna onartu zion Cecilia izeneko txinpantzeari, eta zoologikotik Brasilgo babesleku batera eramateko agindu zuen. Han bizi da orain. AEBetan ere txinpantzeak gizakiz bertzeko pertsonatzat hartzeko eskatu dute animalion aldeko hainbat eragilek: Nonhuman Rights Project elkarteak auzitara jo zuen Leo eta Hercules izeneko txinpantzeak askatzeko, New Yorken. Esperimentuak egiteko erabiltzen zituzten. Hasieran, 2015eko apirilean, epaileek animalion alde egin zuten, baina lehen erabakia ez zuten berretsi. Tommy eta Kiko txinpantzeak askatzeko elkarte berak egindako eskaera ere atzera bota zuten auzitegietan. 2018an, halere, Leok eta Herculesek lortu zuten laborategiak atzean uztea, eta AEBetako Project Chimp babeslekura eraman zituzten, azkenean.
2012. urtean, hainbat zientzialarik Cambridgeko adierazpena onartu zuten. Kontzientziaren alorrean gizakiak ez daudela bakarrik; hori argi eta garbi uztea izan zen adierazpen horren helburua: “Ebidentziak erakusten du gizakiak ez diren animaliek ere badituztela kontzientzia egoerei dagozkien substratu neuroanatomiko, neurokimiko eta neurofisiologikoak, bai eta portaera intentzionalak erakusteko ahalmena ere”. Horiek horrela, ugaztun eta hegazti guztiek zein olagarroen gisako bertze zenbait animaliak izango lukete kontzientzia.
Gizarteari, oro har, errazagoa egiten zaio kontzientzia izateko aukera aitortzea tximino handiei, animaliok gizakiarekin antza dutelako. Epaitegiek gizakiz bertzeko pertsonatzat jo dituenak ere primateak izan dira orain arte. Espezismoak muga sakona ezartzen du, hain zuzen ere, gizakion eta gizakiz bertzeko animalien artean, eta gizakioi baino ez ohi digu pertsona izaera aitortzen. Badira salbuespenak, halere; ez, ordea, gizakiz bertzeko animaliei mesede egiteko. Izan ere, Erdi Aroan, pertsonatzat hartzen zituzten txerriak, zaldiak eta bertze hainbat animalia, baina egoera zehatz batean bakarrik: gizakien aurka egin eta gero, auzitara eramateko, hain zuzen ere. Animalion aurkako epaiketak egiten zituzten, eta zigor gogorrak ezartzen zizkieten. E. P. Evans ikerlariak liburu batean jaso zuen epaiketa horien berri, 1906. urtean. Frantzian, adibidez, 1456. urtean, txerri batek bost urteko haur bat hil zuen, eta gizakiz bertzeko animalia heriotzara kondenatu zuten, epaiketa egin eta gero. Halakoetan, animaliok gizakien arropekin janzten zituzten epaileen aurrera eramateko.
XX. mendean ere gertatu dira gisa horretako epaiketak. 1917an, Mary izeneko elefante bat epaitu eta hil zuten, AEBetan. Elefantea zirku batean zegoen itxita, eta bere zaintzailea hil zuen. Urkatuta hiltzera kondenatu zuten. Garabi batekin urkatu zuten animalia, hil arte. Gizakiek gainerako animaliak zapaltzen jarraitzeko eraman izan dituzte txerriak, zaldiak eta bertze hainbat espezietako norbanakoak auzitara; aldiz, animalion interesak kontuan hartuta eta interes horiek errespetatzeko asmoz pertsonatzat jo dituzten norbanakoen kasu bakarrak salbuespena bertzerik ez dira. Gizakiz bertzeko animaliak pertsonatzat hartu dituzten sententziek ere badituzte mugak: orain Sandraren etxe den Floridako tximino handientzako babeslekuak bere webgunean zehaztu du Argentinako ebazpenak ez duela eraginik AEBetan. Hau da: han Sandra ez da gizakiz bertzeko pertsona bat. Babeslekuko arduradunek argi utzi dute, halere, haientzat tximino handi guztiek dutela sentitzeko gaitasuna, eta, ondorioz, errespetua merezi dutela. Sandra zaintzea hartu dute xede, baina orangutana, oraindik ere, ez da bere buruaren jabe.
Iruzkinik gabe