PAL : Palestinarrak borrokan
Azken astea da Palestinan, eta bukatzen ari da bidaia izugarri hau; izugarri ederra, hain zuzen, hemen zaindu nauten pertsonei eta lanean ari diren aktibistei esker.
Bi aste hauetan gauza asko ikasi dizkiet pertsona zoragarri horiei, eta haiengan ardaztua behar zuen nire bidaiaren kronika honek. Haien esfortzuei esker ikusi baitut Palestina, eta haien lanari esker ulertu gauzak.
Ahlam, Ahmed, Renan, Khaled…Haiek izan dira bidai honen zatirik garrantzitsuena. Hiriko hummusik onena jatera eraman naute; beren familiak aurkeztu eta istorioak kontatu dizkidate; tokiz toki eraman naute palestinarren errealitateak ezagutzera; eta zer bisitatu gomendatu didate.
Hebronen errealitate makabroa, Qalqiliya harresiz inguratua, Jerusalemen okupazio mehatxatzailea… Horiek guztiek askoz ere zentzu handiagoa dute haiek ondoan izanda. Jakinda ezin direla beren lurretara itzuli, familiak Gazan bakarturik edo errefuxiatuen esparruetan bizi direla askotan, ura egunean bi orduz dutela etxean. Hori guztia sufritu, eta oraindik indarra dute animalien alde egiteko. Bereziki horretarako sortu zen PAL, Palestinanian Animal League: indarkeriaren zirkuluarekin hausteko.
PAL-en zenbait proiektu
Bi aste hauetan PAL -en egoitzan egon naiz lotan, ateak zabal zabal ireki baitizkidate. Denbora horretan, haien ondoan izan naiz, egiten duten lana eta proiektuak ikusten, eta, ahal izan dudan heinean, laguntzen saiatu naiz.
Hala ere, hain da handia talde horrek hartzen duen lan karga, ezen ez bainekien nondik hasi ere. Animalien alde aritzen den lehen Palestinako eragilea dira, eta horrek esan nahi du bakarrik daudela Euskal Herrian hamaika eragilek egiten duten lana egiteko.
Kaleko animalien ardura hartzen dute, errespetuaren inguruko programak egiten dituzte haurrekin, dokumental baten grabaketan ari dira, nazioartean hitz egiten dute palestinarren egoeraz, aurre egiten diote Israelen marketin kanpainari… Hori dena, okupaziopean.
Klinika
PAL -eko klinika zerbitzuak ostegunero irekitzen ditu ateak. Albaitari boluntarioei esker, albaitaritza zerbitzuak oso merke eskain ditzakete Ramallah hirian. Kaleko animalientzat, zerbitzua guztiz dohainik da, eta animalia adoptatuei ere hala ematen zaie tratamendua urtebetez.
Palestinan izan naizen bitartea, birritan ikusi dut klinika martxan. Auzotarrak bertaratu, eta giro politean egiten da animalien zaintza. Egun aproposa izaten da PAL-eko kideak elkarrekin egoteko ere.
Palestinan, txakurrak bereziki larri daude, gizarteak animalia zikintzat jotzen baititu, eta, ondorioz, eraso egiten diete. Bertan ikusi nuen nola aldatzen ziren ume eta helduen begiradak animaliekin erlazionatu ahala. Niretzat, horixe da PAL -en klinikaren balioa: harreman berriak sortzen ditu gizakiz besteko animalien eta gizakien artean.
Adopzioa
Hari berari segituz, aktibistak adopzioa sustatzen saiatzen dira. Egoera txarrean, gaixorik edo kalean eraso egin dieten animaliak erreskatatzen dituzte; gero, errespetuz eta maitasunez tratatuko dituzten familiak bilatzeko lan egiten dute.
Maite bi egunez egon zen klinikan nirekin bizitzen, familia batek zaintzeko ardura hartu zuen arte.
Bi aste hauetan, bi katu txiki hauetaz maitemindu naiz, eta Pistatxo eta Kakahuete jarri diet izena. Kosta egiten zait animaliekin afektiboki erlazionatzea, baina hain zeuden txera beharrean, ezen gainean eduki baititut ordu luzez.
Animalia langileen zaintza
Gizakien egoera ekonomiko prekarioak ondorioak uzten dizkie animaliei. Kasu horietako bat da garraiorako edo lanerako erabiltzen dituzten animalien egoera. PAL -eko kideek animalia horien erabilera abolitzea nahi dute, noski, baina badakite ezinezko lana dela errealitate horretan bizi diren pertsonei hori eskatzea; horregatik, sekulako esfortzuak egiten dituzte animalia hauek zaintzeko.
Ahmedekin batera, astoak eta zaldiak erabiltzen ziren baserri batera joan nintzen. Animaliak eremu zabal batean zeuden, zuhaitzetara lotuak, itzal bila. Barazkiekin gerturatu ginenean, gogoz jan zituzten. Ahmedek solasalditxo bat izan zuen baserritarrarekin ere, eta erakutsi zidan badagoela elkar ulertzeko aukera, eta pixkanaka egindako lanak balio handia duela.
Ahmedek ez du irribarrea sekula galtzen; izerditan eta eguzkipean, hurrengo egunerako plan zoroak egiten jarraitzen du.
Kontzientziazioa haurrekin eta helduekin
PAL -ek animalien zapalkuntzaren inguruko informazioa zabaltzen du. Horretarako, hainbat ekintza, tailer eta hitzaldi antolatzen dituzte astero, PAL -en egoitzan.
Argi eta garbi salatzen dute Israelen kolonizazioak herrialdea industrializatu duela, eta ordutik bertako egoerak okerrera egin duela, gizakientzat, baina baita animalientzat ere. Industria eta fabrika handiek areagotu egin dute animalien kontsumoa, eta hildako animalien kopurua bikoiztu baino gehiago egin da. Horregatik, palestinarren erroetara itzuli nahi dute; burujabetzara, lurrera eta landa eremua oinarri duen dieta begetarianora.
Ramallah hirian eman nuen azken egunean, esnekien inguruko hitzaldi bat eta bertako produktu begetalak biltzen zituen ekitaldi bat antolatu zuten. Labaneh gazta probatu nuen, azken aldiz elkar agurtu bitartean.
Nazioarteko komunikazio lana
Hasieran esan dudan bezala, PAL superheroi talde bat iruditzen zait batzuetan. Ideiaz beterik dituzte buruak, alde batetik bestera; kanpotik laguntza behar dute, ordea, okupazioak jartzen dizkien arazoei aurre egin ahal izateko.
Askotan, klinikako botikak lortzea ezinezko lana da; ekintzetarako dirua lortzea, oso zaila, edo, bestela, aktibisten eta euren familien egoera latzak aktibismoan aritzea oztopatzen die. Horregatik, ezinbestekotzat dute munduan hainbat babes talde edukitzea: Ingalaterran, Australian, Espainian, Frantzian… Elkartasun taldeek lan egiten dute haien egoeraren berri eduki dezagun eta mundu osoan entzun daitezen bertatik irten ezin diren palestinarren ahotsak.
Duela hilabete batzuk izan genituen Ahlam eta Ahmed gurean, hitzaldi batzuk ematen, eta, gero ere, Bartzelonako EACAS konferentzietan, Ahlamekin batera izan ginen mahaian. Mundu osoan ari dira okupazioaz hitz egiten eta Israelen zuriketaren aurka. Pertsona horien alde egin behar ez badugu, ez dakit noren alde egin dezakegun.
Nor taldetik, babes osoa, indarra eta behar duten guztia eskaini nahi dizkiegu; eskerrak, bihotzez, zuen lanagatik.
Iruzkinik gabe