
Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Etika gai zabala da, baita labainkorra ere, gero eta heterogeneoagoak diren gizarteetan, baina beharrezkoa da geure jarrera nondik abiatzen den edo abiatu beharko lukeen zehazteko. Niri, pertsonalki, animalien etikaren ikasketek lagundu zidaten antiespezismoa ulertzen eta horretara atxikitzen. Hori dela eta nahiko nituzke ekarri txoko honetara zaintzaren etikaren zertzelada batzuk. Irudi lezake egunerokoan egiten diren hautuak norbanakoen indibidualismoaren ondorio den erabaki librean oinarritzen direla. Alabaina, herritarren sozializazioa baldintzatu duten arauak zoru etiko batean eraiki dira. Jarrera politikoen zimenduak dira ildo etikoak, zeinek norbanakoa eramanen duten egokien deritzon moduan jokatzera. Eta, feminismoan Kate Milletek ohartarazi zuen moduan, “pertsonala politikoa da”.
Karnismoa
Antiespezista izatea hautu politiko bat bada, animaliak jatea ere bada: naturaltzat jotzen den gizakiz besteko animalienganako diskriminazioan oinarritzen den sistema baten sustengu izateko erabakia. Melanie Joy psikologoak carnism ingelesezko kontzeptua zabaldu zuen, deskribatzeko “haragia jatera bultzatzen duen sinesmen sistema”. Alegia, animaliak jateko hautua ez da despolitizatu behar eta afera indibidual bezala tratatu.
Azken hamarkadetan, hainbat joera etikok gizartearen ikuskera antropozentrikoa deseraikitzeko argudioak ekarri dituzte mahai gainera. Antropozentrismoak gizakion interesak hobesten ditu gainontzeko animalienen aurretik; humanista batek erranen luke aldatu ezinezko jokaera bat dela, gizakiak garenez gero. Amaitu ezinezko eztabaida izan liteke zer neurritan egin ahal zaion ihes ikuskera antropozentriko bati. Gakoa da gizakiz besteko animaliengan arreta jartzea eta moralki kontsideratzea. Finean, antiespezismoaren subjektu politikoak ez gara gizakiak, baizik eta gainontzeko animaliak.
Animalia guztiek gaitasuna dutenez sufritzeko eta gozatzeko, gertatzen zaiena bizi ahal izateko, gizakiek arduraz jokatu beharko lukete bizitza horiei egin diezaiekeen kaltean. Gainontzeko diskriminazioak bezala, espezismoak ausazko arrazoiak ditu oinarrian; ez dago zimendurik gizakiak gainontzeko animaliekiko duen jarrera supremazista justifikatzen duena. Ez dago balizko argudiorik. Oscar Horta aktibistak, esaterako, beste hainbestek bezala, argi bildu zituen dezente adibide eta azalpen Un paso adelante en defensa de los animales liburuan (2017).

Zaintzaren etika zera da, animalia guztiak enpatiaren espektroan biltzen dituen joera, mugimendu feministatik eratorria. Horren arabera, gizakiak ez du atentzioa soilik inguruan dituenetara mugatu behar, kidetasuna edo antza duela sentitzen duen horietara. Zaintzaren agenteek enpatia garatu behar dute sentitzeko gauza den edozein izakirekin, animalia guztiek baitute gozatzeko eta sufritzeko gaitasuna. Horregatik kezkatu behar dute gizakiek ere gizakiz besteko animaliez, gizakien ekintzek zuzenean eragiten dietelako.
Enpatia, sinpatia eta errukia
Lori Gruen zaintzaren etika aztertu duen ikertzailerik garrantzitsuenetako bat da. Entangled empathy kontzeptuaren sortu zuen:
Zaintzaren ikuskera bat da, bestearen ongizateari arreta jartzean ardazten dena. Esperientzia prozesu bat da, emozioak eta kognizioa biltzen dituena, zeinean onartzen dugun gainontzekoekin lotura bat dugula. Lotura horiekin arduratsuak izatera eta erreakzionatzera deituak gaude, bestearen beharrak, interesak, desirak, itxaropenak, ahultasunak eta sentiberatasunak aintzat hartuz.
Zaintzaren etikaren balioespenak balio izan du gainontzeko joeren normatibotasuna azaleratzeko. Donovanek azaldu moduan, gailendu den etika garaikideak arrazionaltasunera bideratutako joera maskulinoak islatzen ditu. “Eraikuntza abstraktu unibertsala” ere dei dakioke. Ezaugarri pertsonalak, testuingurukoak eta emozionalak baztertzeaz gain, afera etiko baten elementu politikoak ere ekiditen ditu, Donovanen arabera. Beraz, hark defendatzen du iturri bezala onartzea egiazko ezagutza eta erantzun emozionalak eztabaida filosofikoaren erdigunean berrezartzea. Izan ere, justiziaren aurretikoa da enpatia (Donovanek “sinpatia” kontzeptua darabil), hori sentitu behar baita edozein justizia aldarrikapen gerta dadin. Gruenek, alde horretatik, uste du arrazoimena eta emozioak ezin direla bereizi.

Gruenek dioenez, jarrera moralek (enpatia, sinpatia eta errukia) onartzen dute ezin direla arrazoimenaz bereizi, eta horrek erreminta garrantzitsuak eskaintzen ditu harremanak berriz pentsatzeko. Hala eta guztiz ere, animalien sufrimendua aztertzeko irakurketa politikoa egitea nahitaezkoa dela deritzo Donovanek:
Ulertzeak animalia bat mina sufritzen ari dela edo arriskuan dagoela –harekin enpatizatu edo sinpatizatuta ere – ez du ziurtatzen, ordea, gizakiak etikoki jokatuko duenik animaliarekin. Horregatik, lehenengo erreakzio emozionala, enpatia, ikusmolde etiko eta politiko batekin ordezkatu behar da (formakuntzaren eta hezkuntzaren bidez erdiesten da hori). Horrek ahalbidetuko dio gizakiari egoera bat kritikoki aztertzea, zehazteko nor den animalien sufrimenduaren erantzule eta nola arindu daitekeen sufrimendu hori.
Iruditzen zait aipatu ditudan ezaugarri guztien isla gorena direla animalien babeslekuak, bertako jardun osoa zaintzaren ingurukoa baita. Babeslekuetan jartzen dute izaki ororen bizitza erdigunean, eta ongizatea eta zaintza dira eguneroko bazka eta egitekoa. Hor lortzen dute, halaber, animaliek haien indibidualtasunean haztea, industriak ukatzea eta zapaltzen dituzten jarrerak garatzea. Ederki egiten dute, bestalde, eurak ez bezala hil dituzten edota esplotatuak diren gainontzeko animalien ordezkari lana. Ez dira, beharbada, leku perfektuak, baina bai jazarriak izatera kondenatutako animaliak bizi daitezkeen eremurik onenak. Aterpetuak (2018) liburua nahitaez irakurri beharrekoa da.
Mark Bekoffek bere lanean bildutako hausnarketa batekin amaituko dut:
Identifikatu gabeko aipu eder batek ondo azaltzen du hau: “Animaliek mina, beldurra, gosea eta antzeko sentimendu subjektiboak dituztela onartzen badut, eta oker banago horretan, ez dut inolako kalterik eraginen; baina kontrakoa onartzen badut animaliek halako sentimenduak dituztelarik, orduan mota guztietako krudelkeria mugagabeari irekiko diot atea. Animaliek zalantzaren onura izan behar dute, oraindik zalantzarik baldin badago”.

Erreferentziak
- Bekoff, M. (2007). The Case for Animal Emotions and Why They Matter. En The emotional lives of animals. (pp. 1–28). Novato, CA: New World Library.
- Donovan, J. (1996). Attention to suffering: a feminist caring ethic for the treatment of Animals, Journal of social philosophy 27(1), 81–102.
- Donovan, J. (2006). Feminism and the Treatment of Animals: From Care to Dialogue.
- Signs: Journal of Women in Culture and Society, 31(2), 305–329.
- Gruen, L. (2014). Seekin an Alternative Ethic. En Entagled Empathy.
Iruzkinik gabe