
Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Gune askeak izan dira Euskal Herriko mugimendu sozialek bat egiteko, aterpe hartzeko eta hazteko espazio bat. Ehunka pertsonak imajinatzen zuten mundu ideal hori islatzen saiatu izan dira gaztetxeetan eta bestelako espazio okupatuetan: sexismorik gabeko mundu bat, berdintasunezko harremanetan oinarritutakoa, hierarkia gutxikoa, botere pilaketarik gabea, elkartasunezkoa. Asmo horrekin, gune aske horietan aurre egin nahi izan diote gainean dugun gizarte kapitalista, espekulatzaile, heterosexista eta suntsitzaileari, besteak beste. Azken finean, gune askeak zapalkuntzen aurkako errealitatearen espazioak dira, edo hori izaten saiatzen dira (ahalegin miresgarriak eginda).

Euskal Herriko espazio autogestionatu eta aske horiek Europa osoan ezagutzen zituzten. Oraingo hamarkadaren hasieran konturatu nintzen horretaz, Herbehereetara ikastera joan nintzenean. Han, eskola bat okupatu zutenekin izan nintzen; hainbat musika taldetan arituak ziren Europa osoan, Euskal Herrian ere bai. Harrituta geratu ziren hemen herri orok gisa horretako espazio bat zuelako; borrokarako tresna izugarria iruditzen zitzaien, eta inbidia sentitzen zuten, haien herrialdeetan okupazioak indar handia izanagatik ere. Hala ere, harrituta geratu ziren beste gauza batekin ere: hemengo gaztetxeetan oso ohikoa zen animaliak edo animalien esplotaziotik eratorritako produktuak saltzea. Penaz kontatzen zidaten gauero afaltzeko eskaintzen zizkieten platerek beti zituztela animaliak, esnea, gazta edo gisakoak. Ez zuten ulertzen.
Zapalkuntzarik gabeko espazioak sortu nahi baditugu, ezinbestekoa da gizakiz besteko animaliak kontuan hartzea. Beste norbanako batzuen gorputzak kontsumitzeak adierazten du haien gainetik gaudela pentsatzen dugula; animalia horiek kontsumitzen ditugunean, guk ustiatzeko produktu hutsak direla adierazten dugu, eta jarrera supremazista bat islatzen dugu modu horretan. Nire ustez, bai eta Herbeheretako nire lagunen ustez ere, jarrera hori guztiz inkoherentea da espazio aske baten ideiekin. Nik gaztetxeetan islatu nahi dudan munduan ez diote inori jazartzen, ez dute inor esplotatzen, eta ez dute inor baztertzen justifikaziorik gabeko arrazoiengatik. Gaztetxeak mundu ideal hori irudikatzen badu, han ezin ditugu zapalduen gorputzak saldu eta produktutzat hartu.

Errekaleor Bizirik, Gasteizko Errekaleor auzoa, 2012an sortu zuten, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko asmoz. Hutsik zeuden etxeak okupatu, eta auzo aske bat sortzeko bidea egiten hasi dira. Izugarriak dira auzo horretan erresistitzeko egin duten lana eta sortu duten guztia. Euskal Herri osoarentzat eredu bihurtu da auzoak debeku guztiei aurre egiteko izan duen modua: argindarra moztu zietenean, adibidez, eguzki plakak erosi zituzten auzoa hornitzeko.
Erresistentziarako gisa horretako espazioetan ere gertatzen dira beste barne erresistentziak, noski. Errekaleorren bada oiloak hazi eta esplotatu nahi dituen jendea, bai eta animalia horiek defendatu nahi dituen jendea ere. Azken horiek ehunka modutan saiatu izan dira azaltzen ez dela koherentea, ezta bidezkoa ere, auzo aske bat izateko beste espezieetakoak esplotatzea. Orain oilategi bat eraiki dute Errekaleorreko inguruetan. Hamarnaka oilorentzako espazio bat sortu dute: aukeratze genetikoak kondenatuta daudenez, oiloek egunero arrautza bat jartzen jarraituko dute han. Auzoko militante batzuen eta besteen arteko talkak jarraitzen du; antiespezistek hilabeteak eman dituzte animaliak babestuko dituen akordio baten bila. Oraingoz, oiloak ez dira aske izango, baina badituzte aliatuak auzoan, eta badakigu haien alde jarraituko dutela borrokan.

Zorionez, beste espazio batzuek, haien akats, hobetu beharreko eta kritika guztiekin, errespetatu beharreko subjektu gisa onartu dituzte gizakiz besteko animaliak. Antsoaingo Txoko Gorrin beti hartzen dituzte kontuan animaliak –pintxo-poteak, bazkariak eta afariak %100 begetalak dira–; Zarauzko Putzuzulon hilabete oro egiten dute jantoki begano arrakastatsu bat; eta Hernaniko Urumea Herri gunean, bai eta Bilbon sortu berri duten Anna Campbell espazio okupatuan ere, onartu dute ez dituztela erabiliko beste espezieetako animalien esplotaziotik eratorritako produktuak. Bejondeiela!
Ez dago arrazoi bakar bat ere espazio askeetan beste norbanakoei askatasuna ukatzen jarraitzeko; bihur ditzagun, beraz, gure ametsetako gune, zapalkuntzarik gabeko espazio.
Iruzkinik gabe