Euskal Herritik, Palestinara. PAL Palestinian Animal League taldearekin duen harremana eta elkarlana sendotzeko asmoz, Nor taldeak bidaia egin du, eta ekintzaile antiespezista palestinarrekin emanen ditu datozen asteak. Nor kolektiboak Euskal Herria du eragin esparru, baina PALek okupaziopean egiten duen aktibismoa zuzenean ezagutzera joan dira taldeko kideak.
Nor kolektiboko eta PALeko ekintzaileek hagitz testuinguru ezberdinetan egiten dute lan. Urte hasieran, aktibista palestinarrek beren egunerokoaren berri eman zuten, Euskal Herrira egindako bisitan, hain zuzen. Kolonialismoaren eraginpean eta israeldarren okupaziopean bizitzea zer den azaldu zuten: egoera horretan, existitzea erresistitzea baita. 1948. urtean, 700.000 palestinar bota zituzten beren lurretatik, eta berriz lekualdatu behar izan zuten 1967ko gerraren ondorioz. Erresistitzeko borroka horretan, PALeko kideek ez dituzte gizakiz bertzeko animaliak bazter utzi. “Gizakiak bertzeko animaliak tratatzen dituzten bezala tratatzen gaituzte palestinarrok”, erran zuten, Hernaniko Urumea Herri Gunean eskainitako hitzaldian.
PALek subjektu zapaldu guztien alde egiten du; Nor kolektiboak ere hori du helburu, eta, horretarako, beharrezkotzat jo du ezagutzea Europa mendebaldeko beganismo zuriaren hagitz bertzelakoak diren errealitateak, eta jakitea zer borroka molde ari den garatzen antiespezismoa testuinguru horietan. “Gurean, askotan, beganismoaz hitz egiten da, gure kontsumoan eta jaten ditugunetan oinarrituz. Ez du zentzurik gure borroka horretan zentratzeak; gainera, aukera ematen dio kapitalari borroka hori merkantilizatzeko. Diskurtso horrek ez ditu kontuan hartzen gaitasun, egoera eta jatorri ezberdinetako ekintzaileen errealitateak. PAL, berriz, munduaren beste aldetik, gizakiz besteko animaliekin dugun harremanaz ari zaigu; hori jartzen du erdigunean. Palestinarrek sistemak eragiten duen zapalkuntzaz hitz egiten dute, eta argi uzten dute zapalkuntza horri aurre egiteko militante izan behar dugula”, nabarmendu du Nor taldeko bozeramaileak.
Euskal Herrian izan zirenean, PAL tadeko kideek esaldi bakar batean laburbildu zuten beren diskurtsoaren oinarria: “Gure lurra askatu nahi badugu, lehendabizi gizakiak eta bertze animaliak askatu behar ditugu”. Hango ekintzaile antiespezistek uste dute palestinarrek indarkeria “normalizatu” dutela, okupazioa dela-eta, eta errealitate hori errotik aldatzeko sortu zuten PAL, 2011. urtean. Bereziki haur eta gazteekin egiten dute lan, haiek ahalduntzeko, gizakiz bertzeko animaliak laguntzeko asmoz.
Ikasteko beharra
Datozen egunotan, Nor taldea palestinarrek egiten duten aktibismoaren lekuko izanen da. Egiten duten lanaren berri zabaldu nahi dute, eta, aldi berean, israeldarren okupazioa salatu: “Elkartasuna agertu nahi diegu palestinarrei, eta Israel agerian utzi”, nabarmendu du Nor taldeko eledunak. PALeko kideek Euskal Herrira egindako bisitan plazaratu zuten bertze gai bat aipatu nahi izan du Nor-eko ekintzaileak: gizakiz bertzeko animalien aldeko borroka palestinarren aurkako indarkeria eta zapalkuntza justifikatzeko eta zuritzeko erabiltzen dutenen jarrera, alegia. Ingelesez, veganwashing (zuriketa beganoa) erraten zaio estatu israeldarra zuritzeko jarrera horri, eta Nor-ek gogor salatu du.
Taldeko kideek nabarmendu dute “ikastera” joan direla Palestinara. Bere egin dute maiatzeko Hernanino topaketa antiespezistetan Boliviako ekintzaile Daniela Claderak emandako lezioa: “Mendebaldeko ikuspuntutik egin diogu so munduari, beti, eta, ondorioz, mendebaldeko ikuspuntu horretatik ulertu izan dugu mundua bera, bai eta gizakiz besteko animaliekin planeta partekatzeko dugun modua ere. Atzera egin behar dugu historian, espezismoaren benetako sustraiak ezagutzeko eta beste animaliekin ditugun harremanak aztertu ahal izateko. Orain, sakontzen jarraitzea da mugimenduaren lan nagusietako bat”. Ahalegin horretan ari da Nor taldea, eta, datozen asteotan, ikusi eta ikasitakoaren berri zabalduko du Palestinatik.
Iruzkinik gabe