Oraingo honetan, Jerusalemdik ari naiz idazten. Egunak dira jada Israel eta Zisjordania artean nabilela, eta bi aldeak zeinen desberdinak diren ikustea da ikaragarrien egin zaizkidan gauzetako bat; izan ere, turistek ezer ikus ez dezaten prestatuak daude bai Tel Aviv eta bai Jerusalem.
Israelek kontu handiz aukeratzen du zer esan kanpotik datorrenari, eta zer erakutsi. Airean ere nabari da zer toki den lasaia eta non ez zaren ongi etorria izango. Harritu nau ikusteak nola aldatzen diren gauzak, ezkutuan, hain metro gutxira. Argi dago hau dena plan bati jarraituta egin dela.
Israel marka
Israelek dirutza erabiltzen du marketina eta propaganda egiteko. Azken urteetan iragarki asko ikusi ditut telebistan oporretan hara joateko; aurreko urteko Italiako Giroaren hasiera Isralen izan zen, eta Eurovision Israelen ospatu da… Agerikoa da Israelek Europaren parte balitz bezala saltzen duela bere herri okupatzailea.
Israel marka deritzogu hori dena sortzen duen ideiari. Izan ere, Israel estatu bat baino gehiago da, ideia bat saldu nahi digute eta; herrialde ireki, aske eta berria lehen arabiar terroristak zeuden tokian. Nola ez duzu, bada, nahiago izango?
Zuriketa beganoa, zuriketa arrosa; Israelek behar duen zuriketa
Baina herrialde ireki eta askea turistek argazkiak egiten dituzten tokietan bakarrik gertatzen da. LGTBI komunitateko kideek ezin dute ezkondu, adibidez, ezkontza zibila ez baita existitzen; Israel herrialde teokratikoa da. Ezagutzen Sodoma eta Gomorraren istoria?
Tel Avivetik edo Jerusalemdik kanpo, irainak eta bazterketa soziala besterik ez daude heteronormatiboa ez den edonorentzat. Baina badakite egun Europan hain agerikoa den diskriminazioa ez dela zilegi; beraz, eremu polit bat eraiki dute, isolatua. Tel Aviven LGTBI hondartza dago, LGTBI hotelak, LGTBI diskotekak..eta LGTBI-friendly den edozer. Duela urte batzuetatik, zenbait askapen-mugimenduk #pinkwashing edo zuriketa arrosa deritzote aurpegi-garbiketa horri.
PAL taldeak beste arazo bat seinalatu du: #veganwashing edo zuriketa beganoa ere existitzen dela diote. Horrek esan nahi du Israel marketin kanpaina hau hedatzen ari dela beste askapen-mugimendu batzuetan ere: paradisu begano gisara aurkezten da, boluntariotzak egiten ditu kibbutzetan, soldaduei bota begetalak eman dizkiete…
Armada beganoa
Armadaren funtsezko helburuetan sartu gabe (aurreko artikuluan irakur dezakezue gehiago), gizakiz besteko animaliekin duten harremanean zentratuko naiz orain. Ez dut leku nahikorik gezur guztiak sakon deuseztatsezko; beraz, azkar zerrendatuko dut Israelek animaliengan eragiten duen kaltea:
- 712 kilometroko harresiak lurra zatitu du edozein espezietako norbanakoentzat.
- Armadak txakurrak eta zaldiak esplotatzen ditu gizaki palestinarrei erasotzeko.
- Bizimoldea ez da jasangarria, eta, horren eraginez, lehortzen ari dira ibaiak, lakuak eta urpeko urak. Geratzen den urria fabrikek kontaminatzen dute; izan ere, Israelek isuri toxikoak Zisjordaniaren aldean isurtzen ditu.
- Zuhaitzak bota eta bota ari dira fabrikak eta kolonia berriak eraikitzeko
- Animalien aldeko aktibistei lana zailtzen die: ez daukate mugimendu askerik, ezin dira “Israelgo” lurretan sartu. Gainera, zenbait kasutan ezin dute atzerrira bidaiatu, eta kanpoko aktibistei arazo mordoa jartzen dizkigute etorri ahal izateko.
- Ezinezkoa da zenbait botika inportatzea.
- Okupazio kulturalak animalien kontsumoa areagotu du, eta industria-garapena bultzatu du; hala, animalien kopurua izugarri ugaritu da.
Zer da beganismoa? Eta herrialde begano bat?
Gezurra badirudi ere, uste dut hau azaldu beharra dagoela: gogoratu dezagun beganoa ez dela eskaintzen diguten jakia, antiespezistok hartzen dugun erabaki politikoa baizik.
Beraz, Israel beganoen paradisua dela esatea, tira… Egia da badela jatetxe mordoa non 100% aukera begetala duten, baina noiztik dira beganoak toki horietako bezero guztiak? Ez al dugu ulertu kapitalismoak aspaldi lapurtu diela izaera politikoa olo-hanburgesei?
Aldiz, bada egia bat oso ongi ezkutatua marketin plan erraldoi honetan: pertsona bakoitzeko haragi gehien jaten duten herrialdeen artean hirugarrena da Israel. (1) Beraz, oso urruti dago begano izatetik. Hori gutxi balitz, herrialde honetan inon baino oilo gehiago jaten dira pertsona bakoitzeko (2). Haragi kiloak zenbatzea baino hobe da norbanakoen bizitzez aritzea; beraz, datuek Isralek kontra jokatzen dute berriz ere.
Horrez gain, dieta begetarianoaz hitz egingo bagenu ere, estatistikak ikusita, esan genezake Etiopia dela munduko herrialderik “begetarianoena”, etiopiar bakoitzak 7kg haragi bakarrik jaten baititu urteko.
Israelgo beganismoa: Kosher araua eta ostutako kultura
Israelgo gastronomiarekin topo egin dudanean, konturatu naiz Israelek ez duela kultura gastronomiko propiorik. Hau da, Israelgoa omen den gastronomia Palestinakoa da guztiz!
Hummusa eta falafela dira oinarri, beste edozein herrialde arabiarretan bezala; Beraz, bertako kultura ere ostu dute, haiena dela esanez.
Era berean, jaki begetalez ari garenean, bi baldintza hartu behar ditugu kontuan:
- Palestinarrei ostu diete janari tradizionala, eta palestinar gehienak landa eremukoak edo jatorri xumekoak dira. Halakoetan, gizartearen haragi kontsumoa oso-oso mugatua izaten da, ez baitaukate aukerarik halakorik erosteko, haragia luxuzko produktua da eta. Kultura eta gastronomia elikagai begetaletan oinarritzen dira.
- Juduek Kosher araua daukate sukaldean. Arau horrek dio ezin dituztela esnea eta arrautza haragiarekin nahastu: ez sukaldean, ez hozkailuan, ez platerean. Beraz, jatetxeek gazta edo esnea badaukate, ez dago haragirik bertan. Inongo esfortzurik edo animalienganako ardurarik gabe, ehundaka jatetxe begetariano dituzte.
Bi baldintza horiek aukera eman diete Israel paradisu begano modura saltzeko; inongo esfortzurik gabe, alegia, denborak eraman baititu egoera horretara. Hori bai: ongi eta garaiz jakin dute bereganatzen, hartara herrialde progresista baten itxura emateko.
Eragile antiespezistak Israelen
Oraindik ez daukat argi Israelgo mugimenduko aktibista guztiak oso ongi engainatuak dauden ala egoera guztia berdin zaien. Argi dagoena zera da: animalien aldeko mugimendu handi bat dago Israelen.
Nik dakidala, Israelen ez dago eragile antiespezista bakar bat ere palestinarren alde egin duena. Inoiz itsutasun hori bukatuko dela espero dut, baina, bien bitartean, Nor taldeak ez du ezer egiterik haiekin. Gure tokia askatasuna nahi duten herrien alboan dago, herri mugimenduekin batera.
Jakin dudanez, milaka Israeldar daude inoiz palestinar bat aurrez aurre ikusi ez dutenak. Baina ez al dute harresia ikusten?
Oharrak:
1) Worldatlas – Top Meat Consuming Countries In The World
2) Watt global media – Where is per capita poultry meat consumption highest?
Iruzkin 1
[…] Ahlamekin batera izan ginen mahaian. Mundu osoan ari dira okupazioaz hitz egiten eta Israelen zuriketaren aurka. Pertsona horien alde egin behar ez badugu, ez dakit noren alde egin […]