Palestinara bidean
Luze iraun du prestaketak, baina azkenik Jaffan nago, kolonoek Tel Aviv deritzoten horretan. Badira hilabete batzuk proiektu hau esku artean daukagula, eta irrikatan nengoen Palestina ezagutzeko. PAL Palestinian Animal League taldeko kideak bisitatu nahi genituen, haiek egiten duten lana gertutik ezagutu, Palestinako egoeraz hitz egin eta Israelek egiten duen zuriketa begano edo veganwashing-aren inguruan idatzi.
Baina printzipioz erraza dirudien zerbaitek –nire familiak behintzat lasai hartu du “Israelera” noala esatea– oso errealitate ezberdina dauka. Israel “markak” hondartza-turismoa eskaintzen du, baina zenbait arazo eduki ditut muga pasatu nezakeela ziurtatzeko. Prozesu hau abentura desatsegina izan da, eta garrantzizkoa iruditzen zait informazioa zabaltzea, hartara ahal den heinean laguntzeko beste militante edo kazetariei, pasatu ditugun buruhausteak kontatuta.
Europarrok Israelen bertan lor dezakegu bisa, aireportuan. Iritsi, hiru galdera erantzun, eta kitto.
- Zertara zatoz?
- Norbait ezagutzen duzu hemen?
- Zer plan daukazu egunez egun?
Aurreko prestaketak
Hala behar luke, baina ez da horrela. Aktibista izanik, erraz asko deporta gaitzakete Palestinarekin erlazioa eduki edo hango norbait ezagutuz gero; ez dute denborarik galduko aitzakiatan. Kontrola sekulakoa da, ez baitute nahi kazetariek edo Palestinaren aldeko inork bertatik informaziorik ateratzerik.
Bidaia hasi baino lehen, zenbait bilera izan ditut Palestinara bidaiatu duten hainbat kiderekin, eta beren esperientziak kontatu dizkidate. Hiru galdera horiek erantzutea zeinen erraza (ala ez) zen jakin nahi nuen.
Lehengoak Ramallah bisitatu behar zuela esan zuen, eta, hortaz, bi ordu pasatu zituen gela batean, bere bidaia-lagunengandik bananduta. Biak galderaz josi zituzten: zertan egiten zuten lan, nola ezagutu zuten elkar, zer helburu zuen bidaiak, kazetariak ote ziren… Bi orduren ostean, turismoa egitera zihoazela ziurtatu zutenean, pasaportean zigilutxo bat jarri zieten, ezer pasatu ez balitz bezala.
Bigarrenak, Fraskok, askotan bidaiatu izan du Palestinara, BDS mugimenduko kidea da eta. Madrilgo auzo batean bildu nintzen berarekin bazkaltzeko, eta bere zailtasunen berri eman zidan. Bost aldiz lortu du Israelen sartzea, baina lanak izan ditu guztietan. Galdetegi guztiak probatu ditu, miatzeak jasan, eta aireportutik jarraika izan ditu behin baino gehiagotan. Aldiz, hainbat aktibistari laguntzen die bidaian, eta zoritxarrez bat baino gehiago deportatu egin dute; adibidez, manifestazio antifaxista bateko argazki batean irteteagatik.
Fraskoren gomendioen artean: eskuko telefonoa hustea, sare sozialak ezabatzea, posta elektronikoa garbitzea eta nire oporren istorioa asmatzea. Horiek etxeko lanak. Istorioa osatu dut, hotelak erreserbatu ditut, eta turismo bisitako edozein galdera mota erantzuteko prestatu naiz (Tripadvisor buruz ikasi dut). Gainera, pasaportea berritu behar izan dut, Maroko, Turkia eta beste herrialde musulman batzuetako zigiluak ikus ez ditzaten. Nahikoa izan da oraingoan.
Zer da Israel?
Badirudi abuztua izanik zortea eduki dudala sarreran, edo agian nire mozorro txukunari esker izan da. Nolanahi ere, Palestinako lurralde okupatuetan nago jada. Trena hartu eta Miami dirudien hiri handi batean nago. Turistak, hondartza eta noizbehinka judu ortodoxo baten jantzi beltza, non nagoen gogorarazten didana. Badakit, ordea, ikusten den lasaitasun irudi hori ez dela benetakoa, ez naizela oporretara etorri.
Zertarako nago, baina? PALek Euskal Herrian egin zigun bisitaren ondoren, gaia mahaira ekarri nahi izan dugu berriz ere. Zoritxarrez, azken urteetan Israelek lan handia egin du bere irudia garbitu eta zuritzeko.
Europaren eta Estatu Batuen onespenaren bila, Israelen mendebaldeko estatu bat sortu dute, beren interes ekonomikoak babestuz eta garapen industriala bultzatuz. Horrez gain, herritarron onarpena lortzeko, askatasunaren egoitzatzat saldu digute; LGTBIQ mugimenduaren paradisua (ezkontza zibilik ez dagoen arren), aukera beganoz betea (biztanleko animalia gehien kontsumitzen dituen herrialdea izan arren), mundu osoko pertsonentzat irekia (721 kilometroko harresi bat eraikitzen ari diren arren)… Badira beste adibide asko ere.
Gogoratu nahi dugu estatu zapaltzaile hau aurretik herri bat zegoen tokian eraiki zutela. Behin eta berriz urratu dituztela Palestinarren eskubideak, lurra eta duintasuna. Ez duela “armada beganorik”, baizik eta larruzkoak ez diren botak eta haragia jaten ez duten soldaduak baizik. Ba al dakizu zertarako erabiltzen diren bota horiek?
Okupazioa
Artikulu bakarrean ezingo dut ikusi dudana laburtu, eta 5 egun bakarrik daramatzat hemen. Gainera, asko idatzi da Palestinaren inguruan, eta ez dut neure burua ezer berririk gehitzeko gai ikusten. Hori bai: behin eta berriz errepikatu beharrekoa dela iruditzen zait, erraz ahazten baitzaigu gertatutakoa.
Egun bat Jaffan (Israel) pasatu dut, bi Ramallah hirian (Zisjordania) eta beste bi Hebronen (Zisjordania). Bi aldeen egoerak oso ezberdinak dira. Israeldarrek hiru eremutan sailkatzen dute lurra; A, B eta C. Lehenengoan, Palestinako gobernuaren esku dago kudeaketa, baina ez da errespetatzen. Bigarrena eremu mistoa da; horrek esan nahi du militarrek kontrolatutako Palestinako eremua dela. Hirugarrenean, kontrola Israeldarrena da guztiz.
Gero eta kolono gehiago doaz A eremura bizitzera. Israelgo gobernuak bidaltzen ditu: etxeak doan eskaintzen dizkiete, eta erraztasun guztiak ematen. Normalean, fede gehien dutenak hautatzen dituzte, zalantzarik egin ez dezaten ingurukoak zapaldu eta lurraren boterea hartzeko.
Aldi berean, palestinarrak mendebaldeko ertzaren Zisjordaniaren barruan bizitzera mugatuak daude. Ez daukate harresia gurutzatzeko eskubiderik (Israelek emandako baimen bereziekin bakarrik egin dezakete), eta, jakina, ezin dute bidaiatu Jordaniako muga pasatuz ez bada. Israelek isolatu egiten ditu; baliabideak lapurtzen dizkie, eta, gero, ura eta argia saltzen dizkie nahieran, eta lurra kendu eta pribatizatu egin du. Adibidez, errefuxiatu estatusa duten palestinarrek ez dute itsasoa ikusteko aukerarik; izan ere, ezin dute Mediterraneoaren kostara joan, ez itsaso hilean sartu ere.
Jalazon errefuxiatu-esparrua
PAL taldearen fundatzaileetako bat da Ahmed Safi, eta bera jaio zen errefuxiatu-esparrua bisitatu dut: Jalazon eremua. Haren gurasoak ezagutzeko aukera izan dut, eta, haien istorioak entzun eta gero, erresistentziaren ikur dira niretzat.
Toki horretan, bizitze hutsa indarra da, eta borroka. Familia horrek bere lurrak utzi behar izan zituen 1948ko Nakban (hondamendia, arabieraz), eta Ramallah aldera migratzera behartu zituzten. Han, behin-behineko errefuxiatu-esparru batean geratu ziren, oihalezko dendak zituztela etxe. Ordutik, bizitzak aurrera jarraitu du Jalazonen: etxeak eraiki dituzte, eta eremu txiki horretan familiak handitzen jarraitu du.
Etxeko zaharrena den gizonak esan dizkidan hitzak betiko geratuko zaizkit buruan: ez du inoiz utziko errefuxiatu-eremua bere lurrera itzultzeko ez bada.
Orain arte ikusi dudanak argi utzi dit herrialde honetan bizitzea bera bizirik irautea dela, eta bizirik irautea, erresistitzea. Hurrengo sarreretan saiatuko naiz azaltzen zer-nolako lan izugarria egiten duen PAL taldeak erresistentzia horren barruan gizakiz besteko animaliak kontuan hartuta.
2 Iruzkinak
[…] funtsezko helburuetan sartu gabe (aurreko artikuluan irakur dezakezue gehiago), gizakiz besteko animaliekin duten harremanean zentratuko naiz orain. Ez […]
[…] ere, Bartzelonako EACAS konferentzietan, Ahlamekin batera izan ginen mahaian. Mundu osoan ari dira okupazioaz hitz egiten eta Israelen zuriketaren aurka. Pertsona horien alde egin behar ez badugu, ez dakit […]