Animalien Askapenerako Fronteak (AAF) Euskal Herriko hainbat txokotako 25 ehiza dorreri eraso egin zien joan den abenduaren 26tik 27rako goizaldean. Egun berean, ekintzaileek hainbat ehiza postu bota zituzten, Ermuan, Eskoriatzan, Mendiolan, Pasaian, Garesen, Eunaten, Erreniegan, Azkoienen eta Kintoan. Ez da azken asteotako ekintza bakarra izan: urtarrilaren 4tik 5erako goizaldean, AAFko kideek Arangurengo (Nafarroa) bertze bost ehiza posturi, dorre bati eta ehiztarientzako etxola bati egin zieten eraso.
“Espezismoak milaka heriotza eragiten ditu segundo oro, eta, ondorioz, premiazkoa da aurre egitea”, erran zuten AAFko kideek, Euskal Herriko erasoen ardura hartzeko plazaratutako oharrean. Espezismoak egun dituen hamaika aurpegietako bat da ehizarena. Jarduera horren aurkako sabotajeak ez dira oraingo kontua, eta nazioarteko hamaika tokitan gertatu dira 1958. urtetik, hau da, League Against Cruel Sports (Kirol Ankerren Aurkako Liga) izeneko taldeak aurreneko ekintzak egin zituenetik Ingalaterrako Devon eta Somerset herrietako orein-ehiztarien aurka. 1950eko hamarkadako hori izan zen gizakiz bertzeko animalien aldekoek aldarrikatutako ehizaren aurkako lehendabiziko sabotajea, baina ez zen, inondik inora, azkena izan.
Ehizaren aurkako hasierako ekintzaile horien oinordeko dira gaur egungo The Hunt Saboteurs taldeko kideak, adibidez. Aitor Garmendia-Tras Los Muros ekintzaile antiespezistak elkarrizketa bat egin zien 2017. urtean; haien jarduera ezagutzeko aukera izan zuen Bristolen. Urte hartan, milaka pertsonak parte hartu zuten Ingalaterran azerien ehiza debekatzen duen legea indarrik gabe utz ez zezaten. Araudi horrek, halere, ez du ehiza galaraztea lortu: herri horretako eliteak azeriak hiltzen jarraitzen du. Eta ehiza sabotatzeko ekintzaileek ere borrokan jarraitzen dute jarduera horren aurka. Beren gorputzak arma bakar gisa hartuta, ehiztarien eta tiroz akabatu nahi dituzten azerien artean jartzen dira, animaliok salbatzea beste helbururik gabe.
Euskal Herritik hurbilago, Galizian, xede bera zuten hamaika ekintzaile atera ziren herri horretako mendietara, hilaren hasieran, herriz herri egiten dituzten azeriak harrapatzeko lehiaketak sabotatzeko asmoz. Ehiztari batek eraso egin zion ekintzaile horietako bati, ukabilkada bat emanez. Ingalaterrako sabotajeetan bezala, Galiziako ekintzaileak ehiztarien eta azerien artean jarri ziren, zarata eginez, ehiza oztopatzeko asmoz. Galiziako sabotajeak ere ez dira egungo kontua. Equanimal taldeko kideek ere egin izan zituzten, bertzeak bertze. 2011. urteko urtarrilean, 120 kidek sabotatu zuten Pontevedran antolatutako estatuko txapelketa.
Milaka eskopeta eta milaka biktima
Eskopeten aurrean jartzea ez da arriskurik gabeko ekintza bat. 2017. urteko urtarrilean, arma-baimenik ez zuen ehiztari batek bi basozaini tiro egin zien Katalunian. Biak hil zituen. Egunotan ari dira epaiketa egiten. Nafarroan badira 20.000-25.000 ehiza-baimen, Nafarroako Ehiza Federazioak emandako datuen arabera. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, berriz, 15.400 daude, 2017ko datuak kontuan hartuta. Gehiago dira hiru herrialde horietan dauden ehizarako armen baimenak: 58.900, hain zuzen ere. Nafarroan, berriz, badira 44.000 ehizarako arma; ehiztariek eskopeta bat baino gehiago izaten ohi dute.
Eskopeta horien bidez, ehiztariek hamaika espezietako milaka eta milaka animalia hiltzen dituzte urtean. Pirinioetako hainbat herritan, sareak erabiltzen dituzte iparraldeko herrietatik hegoalderanzko migrazioan mendilerro hori zeharkatzen duten usoak harrapatzeko. Etxalarren, azaroaren 20an bukatutzat eman zuten sasoian, 818 uso hil dituzte; Pirinioetan dauden sare bidezko postuetan, denera 5.470 uso akabatu dituzte. Gehiago dira urtean Nafarroan ehiztariek akabatzen dituzten basurdeak: 9.000 inguru, bakarrik herrialde horretan.
Estatistiketatik kanpo gelditzen dira ehiztariek zaurituta utzitako gizakiz bertzeko animaliak. Estatistikek ezin dute neurtu animalion eta ehizaren gainerako biktimen sufrimendua. Ehiztarien legezko jarduerari buruzko datuei,
gainera, isileko ehiztariena erantsi behar zaio, eta errealitate horri buruzko informazioa, anitzetan, urria da. Ehiza-barrutietan gertatzen diren pozoitze-kasuak dira horren adibiderik argiena: pozoiak jotako animalia guztiak ez dira aurkitzen; uste da bakarrik %10 agertzen direla. Urrian, Europako pozoitze-kasurik larrienaren inguruko epaiketa egin zuten Nafarroan, Tuterako eta Cintruenigoko hiru ehiza barrutitako arduradunen eta zaintzaileen aurka. 2012ko apirilaren 8tik urte bereko irailaren 6ra gertatu zen, eta urte hartan gutxienez 142 hegazti hil zituen pozoiak.
Halako gertaerek zalantzan jartzen dituzte ehiztariek beren jarduera defendatzeko erabiltzen ohi dituzten argudioak: horietan ohikoena da ustez ehizak ekosistemen “orekan” betetzen duen “ezinbertzeko” funtzioa. Horixe nabarmendu du Nafarroako Ehiza Federazioko presidente Jose Angel Remirezek Nafarroako Hitzan. Remirezek erran du, gainera, ehiza jarduera “selektiboa” dela, eta “hiltzeko zorian diren animalia zaharrak” akabatzen dituztela. Oreinen kasua jarri du adibide: “Hamar urtekoak akabatzen ditugu, berez hil baino bost minutu lehenago. Hori nola dakigun? Adarrei, ileari, edo hortzei begiratuta. Gai gara, bai, hil behar dugun animaliaren adina jakiteko. Ehiztariok anitz dakigu”.
Ekologistek ere behin eta berriz ukatu dute ehiztarien hitzetan beren jarduerak duen garrantzia ekosistemen orekari eusteko: “Ehiza eta bioaniaztasuna ez dira bateragarriak”. Espainiako Ekologistak Martxan taldeak ikerketa bat egin du, eta ondorio hori jarri du mahai gainean: “Espainian, ehizak 25 milioi animalia hiltzen ditu urtean”. Erriberako Ekologistak Martxan taldeko Eduardo Navascuesek Nafarroako Hitzan erantsi du ehiza egun “negozio” bilakatu dela, eta ez dela jarduera “iraunkorra”. Kartutxoen berunak ingurumenari egiten dion kaltea ere jarri du ekologistak mahai gainean.
Ekosistemen gainetik, sentitzeko gai diren norbanakoen aurkako jarduera bat da ehiza. Eta hori da Animalien Askapenerako Fronteak bere sabotajeen erdigunean jarri nahi izan duena. “Ez dugu beste aldera begiratuko, sentitzeko gai diren beste animaliak hiltzen dituzten bitartean beste espezie batekoak izateagatik”, erran dute, Euskal Herriko erasoak egin eta gero. Animalien Askapenerako Frontea 1970eko hamarkadan sortu zen, Ingalaterran, eta XIX. mende bukaerako The Bands of Mercy taldeak ditu oinarri. Nazioarteko kolektibo bat da, egiturarik gabekoa eta gizakiz besteko animalien aldekoa. Berez, talde-izaerarik ez du, fronteak ezarritako oinarriekin bat eginez aritzen den ekintzaile orok aldarrikatzen ahal baitu kide dela. Oinarri horiek jasotzen dutenez, AAFren helburua da kalte ekonomikoak eragitea gizakiz bertzeko animalien zapalkuntzan parte hartzen dutenei; haztegi, laborategi eta gisakoetan itxita dauden animaliak askatzea eta sufrimendurik gabe bizitzeko aukera emanen dieten lekuetara eramatea; animaliak zapaltzen dituzten tokietan gertatzen denaren berri zabaltzea; eta hori guztia, ezein animaliari –ez gizakiri, ez gizakiz bertzekori– kalte fisikorik eragin gabe.
Nor kolektibo antiespezistako bozeramaile Maialen Saguesek ere ehizak hiltzen dituen norbanakoen oinarrizko interesak jarri ditu jarduera horren inguruko eztabaidaren erdigunean. “Batzuek animalien ongizatea dugu helburu, eta norbanako horien oinarrizko interesak errespetatzen ditugu; besteek, berriz, zaletasun bat eskubide gisa aldarrikatzen dute. Norbanakoaren desirak ez dira eskubideak, eta desira horiek bete nahi izateak ez du inoren zapalkuntza justifikatzen”, erran du. “Gizakiz besteko animalien aurkako indarkeria oso handia da, eta, ondorioz, elkartasuna erakutsi nahi dutenek gero eta ekintza gogorragoak egin behar dituzte, kapitalak kontrolatutako hedabideek entzun ditzaten. Ehiztariei, zapaltzaileei, animalien gorputzak etekin bilakatzen dituztenei ez zaie interesatzen animalion aldeko ikuspuntua zabaltzea”, amaitu du.
Iruzkinik gabe