Oharra: Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Kristalezko kaiola zuriz marrazturiko labirinto batean nago. Iluntasunak eta laborategi usainak nahasten naute. Kaioletatik ateratzen den argi zuriaren gogortasunak min ematen dit. Nola eragingo die ontziratuta dituzten norbanakoei? Zer sentituko dute? Indarkeriaz inguraturik gaude; Donostiako Aquariuma bera zapalkuntzarako tresna da. Txiki-txiki eginda daude animaliak: manta-arrainak, marrazoak, dortokak, marmokak… 5.000 espezie baino gehiago; 5.000 norbanako baino gehiago. Ez zaie entzuten; zarata gehiegi dago gizakiak sorturiko itsaso artifizialean.
Jendez lepo dago Aquariuma: haur, gaztez eta helduez beteta. Haurrek ilusioz begiratzen diete kristalezko kaioletan dauden animaliei. “Ama begira balea”, esan du batek. 1878. urtean ehizatu zuten. 1934. urtetik sabaitik zintzilik dago balearen hezurdura. Kaiola batetik bestera igarotzen dira bisitariak, segundo batzuk egon eta hurrengora pasatuz. Bisitarientzat segundo gutxi batzuk diren arren, bizitza oso bat da kaiolatuta daudenentzat.
Marrazo bat gainetik igaro da, bat, bi, hiru, lau, bost, hamar, hogei, hogeita hamar bira eman ditu. Ia minutu bakoitzeko bat. Estereotipia deitzen da marrazoak garatu duen gaixotasuna.
Marrazoen tunelera iritsi gara; Aquariumeko lekurik bisitatuenera. Elkarri heldu, tunelaren erdian eseri, eta harresi beltz bat eraiki dugu. Isilik eta animaliaz inguraturik gaude. Animalien askapena dioen banderola eskutan bisitarien bidea oztopatzen ari gara. Gorputza gogor daukat; tenk dagoen lokarri baten antzera. Urduritasuna, emozioa, beldurra, harrotasuna eta beste zirrara asko nahaspilatzen dira tunelean. Marrazo bat gainetik igaro da, bat, bi, hiru, lau, bost, hamar, hogei, hogeita hamar bira eman ditu. Ia minutu bakoitzeko bat. Estereotipia deitzen da marrazoak garatu duen gaixotasuna.
Animaliekiko errespeturik ez duen leku bat bada ere, isiltasuna espero nuen. Oker nengoen. Jendea oihuka dago, ahots ozenez hitz egiten eta haurrak negarrez. Kaioletako ura urdina da oso, eta argiak dir-dir egiten du zoru hotzean. Bisitariak zelatan daude, noiz jaikiko garen esperoan. Hala ere, animaliei begira jarraitzen dute, ezer gertatuko ez balitz bezala indarkeriari bizkarra ematen.
Haur bat galdezka hasi da: “Zertan ari dira?”. “Protestatzen ari dira hau ez delako animalien etxea eta itsasoan egon beharko luketelako. Zuk zerbait gustuko ez duzunean –edo nik– protestatzen duzun bezala, baina oihukatu eta kolperik eman gabe”, erantzun dio ahots goxoz berarekin doan helduak. Ez dakit zer gertatuko den, baina gutxienez, horregatik bada ere, merezi izan du. Hunkitu gara.
“Protestatzen ari dira hau ez delako animalien etxea eta itsasoan egon beharko luketelako. Zuk zerbait gustuko ez duzunean –edo nik– protestatzen duzun bezala, baina oihukatu eta kolperik eman gabe”
Ez dakit zenbat denbora pasa den, beharbada ordu bat; hirurogei buelta gainetik pasa den marrazoarentzat. Zarata ez da eten; kontrara, handitu egin da. Gainerako animaliengandik bereizten gaituen kristala ura bezain gardena da. Hala ere, inork ez du ikusten beste aldean dauden norbanakoen mina. Noiz arte geratuko garen galdetu digute. “Animalia guztiak aske izan arte”, erantzun dugu.
Beste hirurogei buelta eman ditu marrazoak; beharbada gutxiago edo gehiago. Denboraren sentsazioa galtzen hasia naiz. Gorputza nekatzen hasi da: tentsioa, desesperazioa, poza eta beste emozio asko nahasten dira. Gure jarrera lasaia da; eserita gaude. Hala ere, egoera bortitza da: kosta ala kosta bisitarekin jarraitu nahi duen jendearen haserrea, animaliak gatibu eta polizia noiz agertuko ote den zera horrek sortzen duen tentsioa. Halere, ez da falta gure arteko zaintza. Hanka laztantzen didan kide baten eskua sentitzen dut, animozko hitzak, zer moduz gauden jakiteko galderak, musuak, begiradak, besarkadak eta laztanak.
Megafoniatik entzun da Aquariuma ixten ari direla. Tantaka atera dira azken bisitariak. Bat-batean isiltasuna heldu da, baina gutxi iraun du. Triki-traka, mugimendu azkarrak eta oinkada ozenak entzuten hasi gara. Tunel beltz batetik datorren laino ilun moduko bat dago; Ertzaintza da. Bitartean marrazoak biraka jarraitzen du, eta beste hogei buelta eman ditu edo beharbada gehiago.
Ez dakit nora begiratu biraka dabilen marrazoari, kolore eta aurpegi goibela daukan manta-arraiari, aurpegia estalirik duen poliziari edo urak eta argiak zoruan egiten duten marrazkiari. Ertzainen botei begira, nire baitan galdu naiz. Zenbat eta zein animalia hil izanen dituzte bota guzti horiek egiteko? Zenbat pertsona zapaldu eta kolpatu dituzte bota horiekin? Pla, pla, pla, entzuten da Ertzainek urduri hanka astintzen dutenean. Batzuetan urrunago eta besteetan gertuago.
Lagun batek dioen moduan barrikadak eta musuak.
Zintzoki, ez dut indarkeria poliziala deskribatzeko gogorik ez indarrik. Zoritxarrez denok ezagutzen dugu zein tresna eta bide erabiltzen dituzten. Baina gauza bat azpimarratu nahi dut Ertzaintzak kolpeka eta arrastaka atera gaitu. Bitartean, ahal genuen moduan, gure arteko zaintzari heldu diogu. Lagun batek dioen moduan barrikadak eta musuak.
Hiru orduz jesarri gara, 180 minutuz. Luze egin bazaigu, pentsa barruan jarraitzen duten animalientzat. Hiru ordu guretzat, 180 bira baino gehiago marrazoarentzat. Testu hau idatzi eta irakurri bitartean beste horrenbeste. Ezin dugu ahaztu gatibu jarraitzen dutela kristalezko kaioletan dauden norbanakoek.
Iruzkinik gabe