2024 ez da ahaztuko euskal mugimendu antiespezistan. Hiru atxilotu, bederatzi identifikatu, 100 pertsonako elkarretaratzea eta garrantzitsuena, Aquariumeko animaliak askapenetik urrats bat gertuago.
Azaroaren 1ean, urtero legez, Euskal Herriko Mugimendu Antiespezistak elkarretaratzea egin genuen. Zazpigarrenez elkartu ginen, oraingoan Donostiako Aquarium aurrean, “Animaliak giltzatuz gero erresistentzia espero” lelopean. 12:00etan Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako pertsonek plaza bete genuen. Antolatzaileek komunikatua irakurri zuten hiru hizkuntzetan, Donostiako turistifikazioa eta animalien giltzapetzeak suposatzen duen zapalkuntza salatuz. Ekitaldiaren amaieran antiespezistok tinko gogorarazi genuen datorren urtean berriz kalera irtengo garela.
Animaliak giltzatuz gero erresistentzia espero
Elkarretaratzea hasi berritan, handik metro gutxira, ekintzaile talde batek Aquarium barruko kristalezko tunela blokeatu zuen, bertan dauden norbanakoen askatasuna aldarrikatzeko. Erresistentzia pasiboa borroka bezala erabiliaz instalakuntza honen zonarik bisitatuena oztopatu zuten bertan zebiltzan bisitarien harridurarako.
Aquariumeko eserialdia hasi eta gutxira Ertzaintza etortzen hasi zen. Hamar bat auto eta furgoi hurbildu ziren. Aquariumeko arduradunekin hitz egin ondoren turistak lekutzen hasi ziren. Behin ingurua garbituta ekintzaileei ateratzeko eskatu zieten. Ezezkoa jaso zutenean ekintzaileak bortizki hartu, eta desalojatzen hasi ziren. Erresistentzia ekintza pasiboa izan arren, poliziak indarrez eta arrastaka atera zituen bertatik. Ertzaintzaren porrazoa jaso zuenik ere izan zen. Horietatik hiru atxilotu zituzten arrazoirik gabe. Besteak mantenuko langileek erabiltzen duten atzeko atetik atera zituzten, ate nagusian zain zegoen jendearengandik ahalik eta urrutien. Antiguoko komisaldegian ordu batzuk igarota aske geratu ziren hiru aktibistak. Epaitegi aurretik pasatzeko zain daude. Azaroaren 2an identifikatutako beste bederatziek deia jaso zuten Donostiako epaitegian deklaratzeko zitazioarekin.
Erresistentzia egunari buruz kaleratu diren berri toxiko eta gezurti ugariak ikusirik, gure bertsioa kontatzeko beharra ikusi dugu. Hedabide nagusiek erabateko manipulazioa egin dute ekintza honi buruz, elkarretaratzearen antolatzailea asmatuaz eta garrantzirik gabeko ekintza txiki ezerez hutsal bat balitz bezala tratatuz. Nor taldetik garrantzitsua iruditu zaigu egun honen informazioa zuekin elkarbanatzea.
Iruzkinik gabe