Oharra: Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Argi dago ezagutzak berak ez gaituela bide egokienetik eramango, baina agian lagungarria izan daiteke. Gertu dauzkagu baina ezezagunak dira. Haien inguruetan ikusi ez eta begiratzeko giltzaperatu ditugu. Begiratzen ditugu baina nahi duguna ikusten dugu. Begiratuak izateko daude kaiola garden horietan. Urezko eta kristalezko kaiola horietan.
Akuarioak eta turistifikazioa elkar elikatzen dira
Euskal Herrian besteak beste Donostian eta Miarritzen akuarioak daude. Hauek uretako animalien itxitegi zentralak dira, edo hobe esanda, gizakiontzako antzezpen zentroak. Harri, landare eta inguru faltsuen artean, sortutako dekoratuan, milaka norbanako ditugu. Egotzi diegun paperari indarrez eusten diote, metro gutxitan eta haien inguruekin inolako zerikusia ez duten kristalezko tankeetan. Bizirauten dute, besterik ez. Haien bizitza ereduak geografikoki gertu dauden arren (itsasoa) kontzeptualki oso urrun daude. Bizilekua, izaera eta bizitza lapurtuak. Egungo sistemaren logikaren baitan ematen den lapurketa. Errentagarritasunean eta irabazi ekonomikoetan oinarritzen dena.
Turistifikatuak izan diren hirietan asko dakite horri buruz. Hiri-marka horiek espektakulu zehatzak behar dituzte. Turistak erakartzeko eta bizitza asalariatuaren asperduratik ospa egiteko. Akuarioa horietako bat da. Didaktikaren diskurtsoarekin autojustifikatzen saiatzen dira baina haien publizitatea edo web-orriak begiratu besterik ez dira egin behar esandakoa konfirmatzeko. Esperientzia inmertsiboak, eskaintza entretenigarriak eta animalia exotikoak erakargarri bezala erabiltzen dituzte. Are gehiago, turista-hiria den Donostian “arrainen artean lo egiteko aukera paregabea” eskaintzen dute… Airbnb eta Aquiariuma parez pare logika berdinean.
What a fish knows (Arraiak dakiena) liburua
Didaktikaz eta ezagutzaz janzten dira lehen aipatu moduan baina ikerketek kontrakoa diote: bisitariek ez dituzte segundo batzuk baino gehiago animaliak begiratzen pasatzen. Espektakulu azkarra, ezagutza hutsala. Animaliak ezagutzeko beharra edo nahia izatekotan haien ingurunean ikertu eta izaera eraldatu gabe aztertu beharko genituzke. Haientzat eta antiespezista zein aliatu ororentzat gomendio batekin nator: Jonathan Balcombe idazlearen What a fish knows liburua (gazteleraz eta frantsesez irakurgai dago baina tamalez ez dago euskarazko itzulpenik… oraingoz gutxienez).
Animalia askori buruzko ezagutza eskuragarria eta interesgarria eskaintzen duen liburua da, zentzu horretan, horri esker nire ezezagutza mailaz harritu naiz. Haien gaitasun anitz eta harrigarriak (ikusteko, komunikatzeko, soinuak sortzeko, orientatzeko, kolorea aldatzeko etabar luzea) aztertzen ditu eta adimenaren indarrean dagoen definizioa zalantzan jartzeko arrazoiak ematen ditu. Aldi berean, haien sentitzeko gaitasunean (plazera/ mina) sakondu bai baina haratago ere joan da: oso sentitzeko era anitzak eta konplexuak aztertu ditu, esparru emotibo/ emozionala ahaztu gabe. Ikasketa edo transmisio prozesuak, erlazio sinbiotikoak eta tresna desberdinen erabilera aztertuko ditu eta ezinbestean ezagutzen ez ditugun gauza askotan sakontzen du.
Ezagutza guzti honek hasieran aipatu den moduan ez gaitu indarrez errespetuzko erlazio batera eramango baina segur aski lagungarria izango da. Egotzi diegun paper eta rol horiek zentzugabeak dira, fidagarriak diren ikerketak aztertzerakoan. Haien inguruan sortu ditugun karikaturak alde batera uzteko baliogarria den liburua da: uretan bizi diren animaliak (gizakiz besteko animalia guztiak bezala) ez dira izaki pasiboak, agente aktiboak baizik.
Tilikum, Inky eta batez ere guztien izaera aktiboa
Paradoxikoki azkeneko irakaspen hau akuario batzuetan azaleratu da. Zapalkuntzaren aurrean egindako erresistentzia keinuen bidez egotzitako izaera pasiboa indargabetzen dute. Oso ospetsuak izan ziren Tilikum orkak bere zapaltzaileen aurka egindako eraso bortitzak eta intentzionatutak. Edo beste hainbat animalik egindako ekintza planifikatuak, erresistentzia pasiboa, zarata, hozka, etabar luzea. Adibide interesgarri batekin bukatzeko Inky olagarroaren gertakaria aztertu daiteke. Akuariotik nahiko era konplexuan ihes egin eta itsasorako bidea topatu zuen. Baina gertakari exotiko edo harrigarrien logikatik haratago honelako kasuak izebergaren goiko punta dira: haien izaera aktiboa da, ezkutuan dagoen hori, antiespezistok eta aliatuok aldarrikatu beharko genukeena.
Ezagutza guzti honek hasieran aipatu den moduan ez gaitu indarrez errespetuzko erlazio batera eramango baina segur aski lagungarria izango da.
Gure harrizko buruak eraldatu
Haien urezko eta kristalezko kaiolen aurrean erresistentzia hedatu behar dugu. Haien inguruak ulertzeko eta haien inguruetara bueltatzeko pausuak eman behar ditugulako. Egotzi diegun papera eta sortu dugun irudi karikaturizatu horrekin bukatzeko, errespetuan oinarritzen den ezagutza ezinbestekoa baita. Kapitalaren logikaren aurrean espektakulu pozoitsuak bertan behera geratu behar dira, bizigarriak diren bizilekuak (eta ez biziraute-lekuak) sortu behar ditugulako. Kristalezko, burdinezko eta mota guztietako kaiolekin bukatzeko ezinbestean gure buruetan instalatuta dauden kaiolak apurtu beharko ditugu. Kristala bezalakoak dira, sotilak eta gardenak. Batzuetan ikusezinak. Baina gizakiz besteko animalien erresistentzia keinuak eta haien ahots/soinu/zaratak entzunez gero kristal-kaiolen arrakalak gero eta handiagoak izango dira.
Kaiolak arrakalatu espezismoa suntsitu arte!
Iruzkinik gabe