Animaliek laborategietan bizi dutenaren deskribapen laburtua

Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Historia
Animaliekin esperimentatzea edo in vivo esperimentatzea esperimentu zientifikoetan animaliak erabiltzea da. Esperimentu hauen lehen zantzuak kristo aurreko II. eta IV. mendeetako idatzi grekoetan aurki ditzakegu, non Aristoteles eta Erasistratok egin zituzten esperimentuak deskribatzen diren, besteak beste. Galenek, II. mendeko mediku erromatarrak, zerri eta ahuntzen post mortem disekzioak egiten zituen eta Avenzoar, XII. mendeko mediku arabiarra Espainian, giza pazienteei aplikatu aurretik prozedura kirurgikoak probatzeko metodo esperimental bat ezarri zuen.
Definizioak
Animalia probak, animaliekin egindako esperimentazioa, animalien ikerketa, in vivo probak eta bibisekzioa terminoek antzeko esanahiak baina konnotazio ezberdinak dituzte. Literalki, “bibisekzioa” animalia baten “ebakuntza bizia” esan nahi du, eta historikoki animalia bizidunen disekzioa inplikatzen zuten esperimentuak deskribatzeko erabili izan bada ere, denbora igaro ahala animaliak erabiltzen dituzten edozein esperimentu definitzeko erabili da; adibidez, Encyclopædia Britannicak honela definitzen du bibisekzioa: “Animalia bizi bati ebakuntza egitea haien osasunerako ordez helburu esperimentaletarako; edo era zabalagoan: animalia biziei egindako esperimentazio oro”. Bibisekzio hitzak konnotazio negatiboa du, tortura, sufrimendua eta heriotza adierazten dituena. Ikerketa mota honen aurkakoek nahiago dute “bibisekzioa” hitza, zientzialari esperimentadoreek “animalien esperimentazioa” terminoa erabili ohi duten bitartean.
Animalia esperimentazioa irakaskuntzan
Hezkuntzan animalien erabilera geroz eta urriagoa bada ere, unibertsitateek ikerketak egiteko duten atalean askotan izaten dute animaliekin esperimentatzeko laborategi bat, animaliategi deiturikoa.
2014ean Askekintzak espainiar estatuko unibertsitateen gehiengoak animaliategia izan eta animaliekin esperimentuak egiten dituztela frogatu zuen informe honetan eta egun hego Euskal Herriko unibertsitate publikoek animaliekin esperimentuak egiten dituzte. EHUk Leioa, Donostia eta Gasteizko campusetan ditu animalarioak eta UPNAk Iruñeakoan ere .

Animalia esperimentazioa kosmetikoetan
Historikoki oso polemikoa izan den erabilera kosmetikara bideratutakoa da, askotan beharrezko ez den produktutzat hautematen baita. 2009ko martxotik Europar Batasunean debekatuta dago animalietan osagai kosmetikoak esperimentatzea, alternatiba bat izan edo ez, baita data horren ondoren animaliekin esperimentatutako edozein gauza edo osagai Europan saltzea, marketina egitea edo inportatzea ere. Hala ere, onartutako legedi berri honek salbuespen ugari onartzen ditu.
Alde batetik, zuzentaraua aplikatzen hasi baino lehen testatutako eta fabrikatutako produktu guztiak merkaturatzea legala da.
Horrez gain, produktu kosmetikoak ere merkaturatu daitezke, baldin eta, aldi berean, beste esparru batzuetako beste produktu batzuen osagaiak badituzte. Adibidez, krema batek garbiketan ere erabiltzen den substantzia bat badu, non animaliekin testatzea baimenduta dagoen, krema hori merkaturatu ahal izango da, testatutako osagaiak izan arren. Arlo askotarako dago baimenduta oraindik animaliekin esperimentuak egin edo produktuak frogatzea.
Animaliekin testatutako produktu kosmetikoak ere merkaturatu ahal izango dira, baldin eta REACH kategorian sartzen diren substantziak badituzte (substantzia kimikoen Europako erregistroa, eta horrek kontrol-protokolo zorrotza eskatzen du, substantzia horiek gizakien osasunean eta ingurumenean duten eraginagatik), osagai horiek animalietan testatzea nahitaezkoa baita.
Produktu kosmetikoak artikulu horietarako animalietan testatzea nahitaezkoa den merkatuetara esportatzen dituzten enpresa europarrek nahitaezko probak egin ahal izango dituzte, Europako lurretan debekatuta egon arren. Hori da Txinaren kasua -EBko bezero handienetakoa-, animalia-testak eskatzen baititu garrantzia duten kosmetiko gehienentzat, baina ez guztientzat.
Azkenik, legeak zehazten duenez, animaliekin egindako testen ordez beste proba-metodo alternatibo batzuk erabili beharko dira, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak homologatuak, eta metodo alternatibo onargarririk ez badago, animaliekin esperimentatzen jarraitu ahal izango da.
Horrez gain, enpresa batek Batzordeari komunikatu diezaioke haren garapenean kosmetiko jakin baten proba alternatiboak garestiegiak edo zailegiak direla, eta animaliekin esperimentatzen jarraitzeko eskatu, batasunak legez eman dakiokeena.
Hortaz, kontrakoa zehazten duen zigilurik izan ezean, merkatuan dauden kosmetikoak animaliekin testatuak direla aurresuposatu behar dugu.

Zientziara bideratutako esperimentazioa
Europar Batasunean argitaratu den azken informearen arabera 10 milioi animalia baina gehiago erabili ziren zientziara bideratutako esperimentuetara eta hauetatik 1.2 milioi esperimentuetan erabiliko diren norbanakoak sortzeko erreprodukziora behartzen dira.
Espezie erabiliena arratoiak izan ziren eta bigarrenik, arrainak.

Erabilpenari dagokionez gehiengoa gizakien onura bilatzen duen ikerketetara bideratu zen eta beste zati handi bat legediak behartzen dituen frogetara.

Animalien bizi baldintza eta egoerari dagokionez, kontutan izan behar dugu norbanako hauek gatibutasunean jaio, bizi eta hilko direla, eta tarteko bizitza ingurune aseptiko, itxi eta haien interesak bermatzen ez dituena dela. Metalezko kaxak, lurrik gabeko kaiolak, plastikozko kontainerrak eta eguzki izpi edo aire freskoa inoiz sartuko ez den inguruneetan mantentzen dira animaliak, helburua haien gorputzetan eragiten diren frogak kanpo faktoreek ez kutsatzea izaten baita.
Honetaz gain esperimentuak pairatu behar dituzte. Toxikotasun-probak, adibidez, honako hauek izan daitezke: hil arte substantzia toxikoak hartzea; larruazalean, begietan edo mukosetan substantzia korrosiboak aplikatzea; odolean substantzia toxikoak injektatzea; gas kaltegarriak edo keak arnastera behartzea, eta abar luze bat.
Gaixotasunak aztertzeko, hauek animalietan inokulatu egiten dira, geroago hainbat tratamendu probatzeko. Animaliak birusekin infektatzen dira, tumoreak garatuarazi, organoak nahita kaltetu edo hezurrak hautsi, besteak beste.
Automobilgintzarako egiten diren esperimentuetan kotxeen kea arnastera behartzen dira animaliak –2014ean Volskwagenek 10 tximu makakorekin egin zuen bezala – edota istripuak egiteko erabiltzen dira, txerriak adibidez.

Psikologia ikerketetan bestalde, estresa, antsietatea, traumak, garuneko lesioak, droga-mendetasunak eta beste batzuk eragiten dira animaliengan, nahita.
Bataz besteko dosi hilgarria edo LD50 froga toxikologiko ezagun bezain gogorra da. Esperimentu honen bitartez zehazten da substantzia, erradiazio edo patogeno batek animalia multzo baten erdia hiltzeko behar duen dosia. Hau da, animalia talde bat hartu, demagun 10 arratoi, eta horietatik 5 hiltzeko behar den produktu kantitatea zehaztea du helburu. Noski, animalia hauek intoxikatu eta erailtzearen bitartez. Bizirauten dutenak ere hil egiten dira, nekropsia baten bitartez datu gehiago azalaratzeko asmoz.
Euskal Herrian medikuntzara bideratutako laborategi garrantzitsuenetako bat Donostiako ospitalean kokatua dago. Biodonostia du izena eta bertan sagu, txerri, untxi eta arratoiekin esperimentuak egiteko eskaintza ematen dute. Medikuntza eta erizaintza ikasleen bitartez jakin dugunez txerriak ebakuntzak egiten irakasteko erabiltzen dira.
Esperimentu militarrak
Zaila da jakitea zehazki zer egiten den animaliekin arlo militarrean, estatuek informazio hau klasifikatua edo sekretupekotzat mantentzen baitute. Animalien ongizaterako elkarte edo erakundeek ez dute bertan gertatzen dena ikuskatu edo kontrolatzeko ahalmenik, gainera.
Hala ere, zenbait informe argitaratzea lortu denean jakin da gehienbat esperimentu militarretan armak frogatzeko erabiltzen direla animaliak, edo arma hauen zauriak sendatzeko medikuntza militarrerako erabiltzen direla.
Arma ia guztien ondorio eta kalteak pairatu dituzte animaliek froga hauetan. 1946ean eztanda nuklear bat eragin zuten 4000 txerri, ahuntz eta arratoi zeuden irla batean.
Porton Down laborategian (Ingalaterra) 2006 eta 2009 urteen artean egindako beste esperimentu batean, 119 txerri lehergailu-proben biktima izan ziren. Laborategi berdinean, beste milaka animalia arma kimikoen eta biologikoaren probak jasan zituzten, besteak beste ardiek, tximinoek eta behiak ere.
Kanadak, Danimarkak, Norvegiak, Poloniak, Estatu Batuek eta Erresuma Batuak animaliak erabiltzen dituzte medikuntzako ariketa militarretan, batez ere txerriak eta ahuntzak, traumatismoak kirurgikoki kudeatzen entrenatzeko, besteak beste, arnasbide zailak, zauri sarkorrak, tiroen zauriak eta odoljarioak anputatzeko. Estatu Batuetan untxiak ere erabiltzen dituzte bularreko gaitzetako frogak eta begietako kirurgiak praktikatzeko.
Animalien esplotaziora bideratutako ikerketak
Animaliekin egiten diren esperimentuak ez dira soilik laborategietan gertatzen. Jateko animaliak esplotatzen dituzten enpresak etengabe ari dira haien etekinak mantendu edo handituko dituzten moduak bilatzen, eta horretarako esperimentu desberdinak bultzatzen dituzte.
Errusiako ikerketa talde batek, eta baita Herbeeretako Wageningen Unibertsitateko beste batek, behiei errealitate birtual betaurrekoak jartzen bazizkieten haien esne produkzioa handitzen zela frogatu zuten. Irudietan belar zelaiak erakusten zaizkie uneoro, espazio itxi batean bizi badira ere.

Euskal Herrian ere egiten dira animalia gorpuen kontsumora bideratutako esperimentuak. Gorlizen Bizkaiko Diputazioak finantziatzen duen Foru Abeletxean adibidez, inseminazio behartuak egiten dira, haien helburua “abeltzainek animaliak beren ekoizpenak hobetzeko eta, hortaz, beren abeltzaintza-ustiategien errentagarritasuna eta lehiakortasuna hobetzeko erabiltzea” izanik.
2020ean Arkauten NEIKERek duen zentroan ardien metano isuriak neurtzeko baliatzen dituzten kutxak erabiliz egingo duten ikerketa aurkeztu zuten. Haien prentsa oharrean zehazten zutenaren arabera “Arnasketa-ganberen bidez lortutako informazioa oso erabilgarria da emisio gutxiago sortzen dituzten elikadura pautak diseinatzeko. Genetikoki eraginkorragoak diren eta metano gutxiago isurtzen duten animaliak identifikatzeko aukera ere ematen du”.
Hau da, ardiak ganbera hauetan bizitzera behartuko dituzte, genetikoki manipulatu eta haien interesak urratu, ardien esplotazioa betikotzeko.

Arrantzuarekiko Zientzia eta Teknika Iraskundea (AZTI) Pasaian (Gipuzkoa) eta Derio eta Sukarrietan (Bizkaia) kokatzen den zentro zientifikoaren helburua itsasoko animalien esplotazioa hobetzea da. Itsasoan aske daudenak zenbatu, aztertu eta ikertzen dituzte, geroago informazio hori arrantzaren industriarekin partekatu eta honek etekinak hobetu ditzan. 2014 eta 2020 artean, adibidez, Espainiar estatuko itsasoetan zeuden arrain kantitateak aztertu zituen AZTIk euskal arrantza flotak emaitzak erabili zitzan.

3 ERREEN Propaganda
3 erreen printzipioa 60ko hamarkadaren hasieran Russel eta Burch biologo ingelesek formulatu zuten eta ordezkatzea, murriztea eta fintzearen siglak dira (Replace, reduce, refine ingelesez).
Ordezkatzea animaliak erabiltzea saihesten edo ordezkaten duten metodoari deritzo. Horren barruan sartzen dira bai ordezkapen absolutuak (hau da, animaliak eredu informatikoekin ordezkatzea), bai ordezkapen erlatiboak (hau da, ornodunen ordez, minaren pertzepzio txikiagoa duten animaliak jartzea, baita ornogabe batzuk ere).
Murrizte-aukerek edozein estrategiari egiten diote erreferentzia, baldin eta estrategia horren emaitza bada ikertutako gaiari erantzuteko behar adina datu lortzeko animalia gutxiago erabiltzea, edo animalia bakoitzetik lortutako informazioa maximizatzea, horrela beste animalia batzuen ondorengo erabilera mugatu edo potentzialki saihesteko, animalien ongizatea arriskuan jarri gabe.
Fintzeko aukerek animaliak haztea edo mina eta larritasuna murrizteko prozedurak aldatzea aipatzen dute, bai eta jaio zirenetik hil arte zientzian erabilitako animalien ongizatea hobetzea ere.
3 erreen printzipioak animalien sufrimendua murriztu eta gradualki animalien esperimentazioaren bukaeraruntz eramango gaituela badirudi ere esperimentazioaren lobbyaren propaganda tresna bihurtu da. Esperimentuetan erabiltzen den animalia kopurua ez da jeisten ari, ez da kontutan hartzen esperimentuak proposatzen direnean eta, orokorrean, ez da garrantzizkoa esperimentatzaileen artean.
Portugalen zientzialariei egindako inkesta batean, ikertzaileek ikusi zuten “ikertzaile kopuru harrigarri handi batek ez zekiela 3Ren printzipioa, ezta 10 urte baino gehiagoz animalia-ereduekin lan egin zutenek ere” eta ondoren jaso zuten hiru erreen inguruko formakuntzak “ez zuela pertzepziorik aldatzen animalien erabilerak dituen egungo eta etorkizuneko beharretan. Egileek egiaztatu zuten ematen zuten prestakuntzak ez zuela izan eragin handirik ikertzaileek animalien esperimentazioak zituzten alternatibak onartzean.
Beraz, berrestu dezakegu egun, gizakiz besteko animalien esperimentazioa iritzi publikoaren aurrean defendatzeko eta betikotzeko erabiltzen den terminoa dela hiru erreena, Nafarroako Unibertsitateak bere web orrian egiten duen moduan.
Iruzkinik gabe