Tras los Murosek eldiario.es hedabidean argitaratutako artikulua (2017/06/06), zeinaren bertsio osoa traslosmuros.com webgunean dagoen. Elkarrizketa hau 2016an egin zien Tras Los Murosek Bristol Hunt Sabseko (Ingalaterraren hego-mendebaldean) hainbat kideei.
1958ko abuztuan, League Against Cruel Sportseko (Kirol Krudelen Kontrako Liga) hainbat kidek arrasto faltsuak utzi zituzten ehiztari batzuek uxaldi bat antolatuta zuen tokian. Beren helburua zera zen, bertan oreinak hilko zituzten Devoneko eta Somerseteko ehiztariek erabiltzen dituzten ehiza-txakurrak edo uxariak nahastea, oreinak aurkitu ez zitzaten. Daily Telegraph egunkariak horrela deskribatu zuen ekintza: “orein ehizaren aurkakoek, kirol hori geldiarazi ezinda, sabotajearen bidea hartu dute”. Historiako ehizaren kontrako lehen sabotaje errebindikatua izan zen. Lehena bai, baina ez bakarra.
Horren osteko bi ehiza-denboraldietan, taktika hori bera erabili zuten, eta LACSeko kideen kopurua nabarmen igo zen sabotaje ekintzek lortutako propagandari esker. Horren adibide, bakarka aritzen ziren militanteen sabotajeak komunikabideetan agertzen hasi ziren. Pertsona horietako bat Gwen Barter izan zen; garai hartan ezagun egin zen ehiztarien ibilgailu bati bidea moztu baitzion. Hilabete batzuk geroago, azeri-ehiza bat ekidin zuen, bere burua azeritegiaren irteeraren eta ehiztarien artean kokatuta.
Hainbesteko entzutea lortu zuten ekintzok, ezen, 1963an, Brixhameko kazetari gaztea zen John Prestigek, LACSen ekintza kopuru urria ikusita, Hunt Saboteurs Association (Ehiza Sabotatzaileen Elkartea) sortu baitzuen. “Hemen gaude ehiza saihesteko. Mugimendua [HSA] nire herentzia xume batek eta bazkideen kuotek finantzatuta dago”, adierazi zion prentsari. Lehenengo egunetan, ehun pertsonak eman zuten izena, eta mila eskutitz baino gehiago jaso ziren. Taktika berriek eta HSAren sorrerak gizakiz besteko animalien askapenerako mugimenduaren historiaren bidea aldatu zuten, eta, horiei esker, ekintza zuzenak gidatuko zuen aro berri bat hasi zen.
HSAren ondotik, sabotajearen eta desobedientzia zibilaren esparruan jarduten ziren taldeak etorri ziren; areago, ekintza horiek haratago eraman zituzten. 1972an, Lutonen ehiza-sabotatzaile talde bat osatu berri zuen Ronnie Leek eta Cliff Goodmanek iritzi zuten HSAk zerabilen esparru legala ez zela nahikoa eta zerbait gehiago egin behar zutela. XIX. mendetik ehiztarien eskopetak erabilezin bihurtzen zituen Royal Society for the Prevention of Cruelty to Animals gazteen elkarteetatik izena hartuta, Band of Mercy sortu zuten. Lee eta bere kideentzat eskopetak erabilezin uztea ekintza zuzenaren adibide zen. Bi urte geroago, laborategi bat erasotzeagatik atxilotu eta 12 hilabeteko espetxealdia ezarri zieten. Libre geratu zirenean, Goodman mugimenduaren poliziaren lehen informatzaile bihurtu zen, baina Lee indarberrituta irten zen kartzelatik. Azken horrek, ezkutuan egindako animalien askapen ekintzen herri sustenguak gora egiten zuela ikusita, 30 pertsonako talde bat sortu zuen animalien ustiapena baliatuta diruztatzen zirenak beldurtzeko. Taldearen izenak mugimendu iraultzailearen ideia islatu behar zuen, eta Band of Mercyk ez zirudien oso egokia, eta hala jaio zen Animalien Askapenerako Frontea (Animal Liberation Front).
ALFen jarduteko moduak, taktika eta ideia politiko berdinak zerabiltzaten deszentralizatutako taldeen nazioarteko sare gisa antolatutakoak, ALFen berri zabaltzea ahalbidetu du. Hori dela eta, gaur egun, 20 herrialdek baino gehiagok dute Animalien Askapenerako Fronte bat. FBIaren arabera, 1996tik 2002ra doan tartean, Ipar Amerikako Animalien Askapenerako Fronteak 43 milioi dolar baino gehiagoko kalteak eragin zizkion sabotajeen bidez animalien ustiapenerako industriari.
Testuinguru soziopolitiko horretan bertan, Animal Liberation Leaguesak (Animalien Askapenerako Ligak) nabarmendu behar ditugu. Jatorri ingeleseko talde horiek ere urgentziaren eta ekintza zuzenaren beharraren ondorioz sortu ziren, eta desobedientzia zibilaren esparruan jarduten zuten, baina ALFek ez bezala, egunaren argitan eta modu masiboan egiten zituzten egin beharrekoak. Liga horien ekintzei raids (erasoaldi) zeritzen, eta hamarnaka pertsona biltzen zituzten animaliekin esperimentatzen zuten laborategietara masan joan eta frogak eta dokumentazioa lortzeko, irudiok publikoari erakuste aldera. 1980ko ekainean, berrehun aktibistek Babrahameko Nekazal eta Abelazkuntza Ikerketa Zentroa hartu zuten Cambridgen. Ekintza hartan jasotako materiala animalia-esperimentazioaren industriaren kontrako froga-erakusketa handienetarikoa da, eta oihartzun handia eskuratu zuen herrialdeko hedabideetan.
Talde guzti horiek gatazkaren hotsa entzunarazi zuten, helburu bikoitzarekin. Alde batetik, enpresa jakin batzuek animaliak ustiatzeari uztea nahi zuten, baita gizakiz bestekoak beren zapalkuntzatik askatzea eta publikoari erakustea ustiapen eta esperimentazio zentroetan gertatzen dena ere. Bestalde, animalien ustiapenaren zilegitasunari buruzko eztabaida agenda soziopolitikoan kokatu nahi zuten.
Gainera, inspirazio iturri izan ziren milaka pertsonarentzat, asko eta asko animalien askapenerako borrokara batu baitziren. Gaur egungo komunikazio teknologiarik gabe –Internet edo telefono mugikorra, kasu–, banaketa eta prestakuntza sare alternatibo bat sortu zuten (komunikatuak, ekintza zuzenerako eskuliburuak, barne eztabaidak, analisiak…). Horrek beren militantzia eredua zabaldu zuen mundu okzidental gisa ezagutzen dugunaren parte handi batean zehar.
Alabaina, errepresioa uste baino goizago agertu zen. Militante ingeles ugari modu askotara errepresaliatuak izan ziren, eta dozenaka aktibistek beren askatasunarekin ordaindu zuten. Haietako batzuek beren bizitzarekin ere ordaindu zuten. Mike Hill 1991n hil zuten, eta Tom Worby, 1993an, biak ehiztariek ibilgailuz harrapatuta modu baketsuan bidea mozten ari zirenean. Gidariek ez balaztatzea erabaki zuten. Antzera, 1995eko otsailaren 1ean, Jill Phipps aktibista erail zuten, kasu honetan, txahalak garraiatzen zituen kamioilari batek harrapatuta, animaliok Coventryko aireportura eramateko kamioien bidea modu baketsuan oztopatzen ari zela. Halaber, 2001ean, Barry Horne bere laugarren gose greban hil zen gobernu britainiarraren mendean 18 urteko espetxealdia betetzen ari zen bitartean.
Urte batzuk igaro dira ordutik, ez gehiegi, baina, gaur egun, animalien askapenerako mugimenduaren noraez sentimenduak urruntasun ilusioa sortzen du. GKE moduko antolakuntza eredua nagusitu da, animalien eskubideen aldeko mugimenduan gero eta errotuagoa dagoena, eta, ondorioz, animalien eskubideen aldeko mugimenduak espazio nahikotxo kendu dio aipatutako taldeek lortutako erabateko askapenaren aldeko borrokari. Ez dugu zertan deskribatutako taldeen taktikekin ados egon antzeman ahal izateko aipatutako ingurune borrokalariak mugimendu honen eraketan izan zuen garrantzia. 2016ko azaroan, mugimenduaren sorrera eta bilakaera ulertzeko asmoz eta mugimenduaren historia aldarrikatzeko prest, Ingalaterrara joan nintzen. Bertan, Bristol Hunt Sabs taldea lagundu nuen bere sabotajeetako batera. Beren ekintzen lekuko izan nintzen, eta grafikoki dokumentatu nituen. Horrez gain, taldekideekin hitz egin nuen beren taktiken, helburuen eta animalien askapenari buruzko beste gai batzuen inguruan.
Elkarrizketatutako pertsonek anonimoki erantzutea erabaki dute segurtasun arrazoiengatik. Elkarrizketan agertzen diren izenak fikziozkoak dira.
Nortzuk zarete ehiza-sabotatzaileak?
Michael: Jende arrunta gara,ehizaren aurka gaudenak, eta modu erradikalean erakusten dugu. Mendira irten, eta ehiza ekiditen dugu. Ez da gaitasun berezirik behar ehiza-sabotatzaile izateko. Beste talde batzuek ehiztariak monitorizatzen dituzte, esate baterako, sasitza artean kamera batekin esertzen dira ehiztarien txakurrek azeri bat nola ehizatzen duten dokumentatzeko. Material horrekin, ehiztariak epaile aurrera eraman ditzakete. Guri ez zaigu interesatzen azeri bat nola erailtzen duten ikustea auzitegian kondena bat lortzeko. Guri interesatzen zaiguna animalien bizitzak momentuan bertan salbatzea da.
Lauren: Desberdintasun handi bat dago tokiko ehiza-sabotatzaile taldeen eta Ehiza Sabotatzaileen Elkarte Nazionalaren artean: tokiko ehiza-sabotatzaileek, segur aski, ikuspegi politiko zabalagoa izango dute elkarte nazionalarenarekin konparatuta. Saboteatzaileetako askok ditugun ideiak klase borrokak dituenetatik gertu kokatzen dira, lurra lantzeari dagozkionak eta abar. Aitzitik, elkarte nazionalaren eginkizun bakarra animalien ehiza geldiaraztea da.
Zeintzuk dira ehiza-sabotatzaile taldeen helburuak?
L: Berehalako helburua animalien ehiza geldiaraztea da, baina beste xede zabalago bat ere badugu: ehizaren industria amaiaraztea. Ehizaren biktimak ez dira basapiztiak soilik, baizik eta ehiztariek erabiltzen dituzten zaldiak eta txakurrak ere. Industria bera eraitsi nahi dugu; lurjabe pribilegiatuei aurre egin nahi diegu.
Mugimenduaren eztabaida batek aurrez aurre jartzen ditu animaliak orain salbatu nahi dituzten pertsonak, eta etorkizunean animalia gutxiago erail daitezen kontzientzia sortu nahi dutenak. Zuen kasuan, animaliak zuzenean salbatu, eta horrekin batera kontzientziatzen duzue; ondo ulertu badut, taktika horrek helburu bikoitza du, ezta?
L: Ehiza sabotatzeak, aipatu duzun moduan, animaliak zuzenean salbatzen ditu eta ehizaren inguruko kontzientzia areagotzen du. Halere, nabarmendu behar dugu ehizaren gaineko kontzientziazioak ez duela asko lagundu; esate baterako, Britainia Handiko gizartearen gehiengoak azeri-ehiza existitzen dela daki eta horren aurkako jarrera da eurena, baina horrek ez du ehiza geldiarazi. Eztabaida interesgarria da, eta, ziurrenik, bi taktikek mesede egingo diote elkarri. Halere, publikoa ehizaren aurkako bihurtzera konbentzitzea baino lagungarriagoa dirudi ehizari buruzko irudiak eta informazioa erabiltzea gainontzeko animalia espezieekin dugun harremana zalantzan jartzeko.
Zer nolako taktikak erabiltzen dituzue?
L: Ehiztarien taktiken antzekoak dira gureak: ahots-deiak, adar-deiak eta zarata ateratzen duten zartailuak. Horien bidez, ehiza txakurrak kontrolatzen ditugu eta ehizatzen ari diren animaliengandik urrun mantentzen ditugu. Zitroinezko espraiak ere erabiltzen ditugu biktimaren usain-arrastoak ezabatzeko. Hortik kanpo, ehizaren gainean kontzientziatzeko, informazio-mahaiak antolatzen, eskuorriak banatzen, eta kartelak ipintzen ditugu.
M: Beste hainbat taktika ere erabiltzen ditugu, adibidez, ehiza-txakurren uluen grabaketak. Izan ere, txakurrek, biktimaren arrastoa atzematen dutenean, negarraren antzeko soinu bat egiten dute. Hori baliatuta, txakur-taldea guregana erakartzeko, guk grabatutako txakurren uluak erreproduzitzen ditugu. Horrez gain, ehiztariek daramatzaten zartailuak daramatzagu eta rating deiturikoarekin konbinatzen dugu, hots, ehiztariek txakurrak geldiarazteko erabiltzen duten oihuarekin. Ehiza-txakurrak zartailua ekiditeko entrenatuta daude, eta, haren soinuaren bidez, txakurrak geldiarazten dira. Horrela, txakur horiek salba ditzakegu errepideetatik edo trenbideetatik gertu dabiltzanean ere.
Nola definituko zenukete HSA, sortzetik 50 urte igaro direnean?
L: Nik uste HSA zaharkituta geratu dela, eta ez dela beharrezkoa erakunde gisa. Taldeen sare sendo bat dugu herrialde osoa hartzen duena, eta erakundearen laguntzarik gabe ere funtzionatu dezake.
M: HSAren helburu bakarra behar dutenei laguntza ekonomikoa ematea da. Ehiza-sabotatzaileen tokiko taldeek gogoz lan egiten dute herrialde osoko beste talde batzuekin batera antolatu, eta elkarlanean aritzeko edo dirua biltzeko. Hortaz, sarri, ez dute HSAren beharrik ere izaten.
Dozenaka tokiko talde zaudete britainiar lurralde guztitik sakabanatuta. Horien arteko ezberdintasun esanguratsurik ba al dago?
L: Ehiza-sabotatzaileen mugimendua oso anitza da. Tokiko taldeok jarduera ezberdinak ditugu, baita politika ezberdinak ere talde batetik bestera. Batzuek ez dute arazorik espezismoarekin –animalien ehizaren kontra daude, beste barik–, beste batzuek ez dute klase perspektibarik, edo segurtasunarekiko ikuspegi ezberdinak dituzte; beste batzuek autoritatearekin batera lan egiten dute…
M: Gureak bikain jarduten du talde batzuekin, eta ez hain ondo beste batzuekin. Gu lehenengo lerroan jartzen gara. Gogoan izan behar dugu jendea erail dutela lan honetan. Beste talde batzuekin partekatzen ez dugun puntu bat zera da, segurtasunaren inguruan duten kontzientzia falta.
Zer uste duzue zuen ekintzek gizartean duten eraginaz?
L: Pentsatu nahi dut dugun eragin edo inpaktu soziala animalien heriotzak saihesteaz haratago doala. Ikusi dugu nola erregulartasunez sabotatzen ditugun ehiztariak arazoak izaten hasten ari diren. Laguntza galtzen ari dira, eta, arazo finantzarioen ondorioz, pertsona gutxiago kontratatzen dituzte. Esango nuke gero eta eragin handiagoa dugula, eta gure taldeetan antolatzen hasi diren pertsonek kontuan hartzen dituztela beste arazo sozial batzuk, ez dira soilik ehizaren biktimak salbatzera mugatzen.
M: Gure lana urrun egiten dugu, mendian, baina eragina gizartera ere iristen da Interneti esker. Antza, iritzi publikoa alde dugu, eta ehiza apurka ahultzen ari da. Ikusi dugu ehiztari talde askok huntman delakoa bota dutela –horrela deritzote uxaldiaren buru den pertsonari, gorriz edo zuriz jantzita joan ohi denari–, edo beren artean eztabaidatan aritzen direla sabotajeen ondorioz, eta, hori dela eta, laguntza guztia galdu dutela. Hori ere sabotatzaileen lana da.
Bost hamarkada eman dituzue militantzian, desobedientzia zibilean, enfrentamenduetan eta sabotajeetan: testuinguru aberatsa eztabaida mamitsu baterako. Zein gairen inguruan eztabaidatu duzue gehien?
L: Mugimendua oso anitza da, eta taldetik taldera alde handiak daude. Irudi publikoari buruz eztabaidatu dugu urteetan zehar. Hausnartu dugu “sabotatzaile” izena “kirol krudelen aurkako pertsona” terminoarengatik aldatzeko aukeraren inguruan, hedabideek erakunde biolentoa izatea leporatu izan digutelako, hori egia ez denean.
Taktikei buruzko eztabaidak ere izan ditugu, baina ez dute praktikan eraginik izan. Agian aldatu dena egiten dugun hedabideen erabilera izan da, edo poliziarekin zein epaitegiekin erlazionatzeko modua. Halere, hori ezberdina da taldetik taldera. Batzuk poliziarekin harremanetan jartzen dira sabotatzaileren bat zauritzen bada. Era berean, zenbait talde komunikabide nagusiekin komunikatzen dira, eta besteak ez.
Sare sozialek aldaketa handia ekarri dute. Alde batetik, tresna erabilgarriak dira dirua biltzeko, baina, bestetik, segurtasun problema handiak sortu ditu.
HSAk animalien ustiapen mota bakarrean du fokua, eta, animalien askapenerako mugimenduarekin nolabaiteko harremana baduen arren, HSAren helburu nagusia ez da animalien askapena. Tamalez, HSAk ez du izaera antiespezistarik hartu, ezta animalien askapenaren aldekorik ere, eta hori oztopo bat da aktibista batzuentzat.
Ibilbide historiko honetan, zein jazoera dituzue garrantzitsutzat?
L: Aldaketa legalak gertatu diren bakoitzean, jendeak uste izan du eragin handiagoa edukiko zutela. Zigor Zuzenbideko Legea (Criminal Justice Act) onartu zenean, askok pentsatu zuten ehiza-sabotajea ilegal bihurtuko zela, baina, egia esan, egoera ez zen asko aldatu. Beste horrenbeste gertatu zen Ehiza Legearekin (Hunting Act); denek pentsatu zuten ehiza amaituko zela, eta, berriz ere, egoera legearen aurretik bezala mantendu zen. Sabotatzaileren bat hil denean edo larri zauritu denean, inpaktu handia sortu du mugimenduaren barruan. Laguntza handia jaso dugu, eta hedabideetan oihartzuna izan dugu, baina, epe luzera, egoera ez da gehiegi aldatu. Bitxia da, baina ehiza-sabotajeak, mugimendu gisa, ez du pentsaera aldatu 50 urtean.
M: Hori da, 12 urte daramatza debekatuta, baina legearen aurretik sabotatzen genituen talde guztiek ehizatzen jarraitzen dute eta legea hausten. Benetan tristea da pentsatzea sabotatzaileek urteetan zehar egindako lanaren ostean, honetan jarraitu behar dugula. Eta, hala eta guztiz ere, lan honi eutsiko diot bizi naizen bitartean, beraiek animaliak ehizatzen saiatzen diren bitartean gu bertan egon beharko baikara, ekiditeko.
Ikusita egoera aldatzen ez dela jende askoren inplikazioa jaso arren eta zuen epe luzerako helburua ehizaren industriarekin amaitzea dela, ez al duzue planteatu ikuspegi estrategikoa aldatzea? Zer dela eta jarraitzen duzue duela 50 urteko metodologiarekin emaitzak aldatzen ez badira?
L: Ehizaren industrian, herrialdeko pertsona dirudunenetakoak daude sartuta. Ehizarekin amaitzea egungo gizarte kapitalistaren mende gauden bitartean ez da erraza izango. Zaila izan daiteke emaitzak neurtzea: egia da animaliak salbatzen ari garela eta sabotatzaileen presiopean dagoela ehiza, baina existitzen jarraitzen du. Beharbada, emaitza hobeak lortu genitzake ikuspuntu zabalagoa hartuko bagenu, animalien askapenarena, lurraren jabetzari eta klase-pribilegioari aurre egingo liokeena.
Laguntza ekonomikorik jasotzen duzue?
L: Bai, nahiko ondo moldatzen gara dohaintzekin. Aitortu beharra dugu inoiz baino hobeto gabiltzala dohaintzekin.
M: Internet laguntza handia izan da. Aukera ematen digu behar ditugun artikuluak lortzeko laguntza eskatzeko, eta artikuluak eskura eduki ditzakegu hurrengo egunean bertan. Behar dugunean, HSAren laguntza jasotzen dugu, baina nahiko independenteak gara, eta dirua gu geu biltzen saiatzen gara. Fisikoki lagundu ezin gaituzten pertsona batzuek ekarpen ekonomikoak egiten dizkigute, eta horrek asko laguntzen du. Libra gutxi batzuk izugarrizko laguntza dira.
Legala da ehiza sabotatzea?
L: Izan daiteke. Ehiztariak grabatu edo animaliak erail ditzaten ekidin dezakegu; ez da ilegala. Halere, ehiza sabotatzeko, lursail pribatuetan sartu behar izaten dugu, eta ez dugu zalantzarik egiten, heriotzak saihesteko, horrelakoren batean sartu behar badugu. Eta, eraso egiten badigute, geure burua defendatuko dugu. Baina, oro har, esango nuke legala dela.
Hala eta guztiz ere, nabarmendu behar dugu autoritateek atentzioa guregan jartzen dutela ehiztariengan baino askoz gehiago; eta hori, jakinda, ehiza erabat ilegala dela duela 12 urtetik.
Zelako harremana duzue poliziarekin? Tartean sartu ohi dira?
Simon: Nahiko azalekoa da, baina batzuetan agertzen dira. Imajinatu egoera: herriko polizia gazteen patruila batek ekidin behar du beltzez jantzitako eta aurpegia estalitako 20 eta 30 lagun arteko talde batek ehiza sabotatzea. Gainera, gogoratu ehiza ilegala dela. Ez zaigu asko axola ere legala edo ilegala den; legala zenean ere egiten genituen sabotajeak, baina panorama ezberdina zen poliziarentzat.
Polizia ehiztarien –erosahalmen handiko jendea– jarduera eta erosotasuna zaintzeko dago; beraz, gure jarduna geldiarazten saiatzen dira, eta, batzuetan, errefortzuak bidaltzen dizkiete. Alabaina, arruntena arazoak ehiztariekin eta horien laguntza taldeekin izatea da –supportersak ehizaren zale amorratuak dira, uxaldietan laguntzen diete, eta sabotatzaileengandik babesten dituzte.
Ehiztariek eraso egiten digutenean, poliziak ez du ezer egin ohi; ez ditugu behar ere. Beraz, geure burua defendatu behar izaten dugu. Beste talde batzuek poliziarekin hitz egin eta kolaboratzen dute. Guk ez. Ez dugu egiten, eta ez dugu egingo.
Ehiza Legeak (Hunting Act) txakurrekin ehizatzea debekatu zuen 2004an, baina existitzen jarraitzen du. Uste duzue lege horrek, zuen lanaren beharra azalarazteaz gain, sabotajeari zilegitasun handiagoa ematen diola gizartean?
L: Ehizaren Legeak ez du garrantzirik izan ez duelako ehiza eten, eta, pertsonalki, ez dut uste gobernutik datozen legeek animalien ustiapena geldiaraziko dutenik. Hala eta guztiz ere, ehiza debekatu ez balute, sabotatzaileok askoz arazo gehiago izango genituzke poliziarekin. Orain, ezin dute askorik egin badakitelako ehiztarien jarduera ilegala dela.
Zuekin pasa nituen egunetan, harritu ninduen egun argitan ere aurpegia estalita daramazuela. Jendea bizi den tokietatik paseatzen zarete eta jendearekin hitz egiten duzue, baina inor ez da harritzen. Areago, halako batean, adineko emakume bat gerturatu eta ehiztarien kokapenari buruzko informazioa eman zizuen. Legala al da aurpegia estalita eramatea halako testuinguru batean? Zergatik daramazue aurpegia estalita talde batzuetan eta beste batzuetan ez?
L: Erabat legala da aurpegia estalita eramatea, legedi berezia duten kasuetan izan ezik. Gure identitatea babesteko egiten dugu. Ehiztariek sabotatzaileen argazkiak igotzen dituzte beren webguneetara, eta guk aurpegia estaltzen dugu ehiztariek eta poliziak ez jakiteko nortzuk garen. Talde batzuetan aurpegia estaltzen dugu eta beste batzuetan ez, segurtasun-praktiken arabera. Talde batzuetako sabotatzaileei ez zaie axola beren argazkiak Interneten agertzea, baina gureak hori zaintzen duenez, aurpegia estalita joaten gara.
M: Gogorarazi behar dugu ehiztarien komunitateak azeri hilak utzi dituztela jendearen etxeko atarietan; sabotatzaileen etxeetan agertu direla; autoen gurpilak zulatu dituztela; eta antzeko gauzak egin dituztela. Benetako mehatxuak dira. Ez da jolas bat; pertsona horiek gorroto gaituzte. Beren webguneetan, sabotatzaileen izenak eta helbideak jarri dituzte, baita haien etxebizitzen Google Mapseko irudiak zein lantokien izenak ere, eta kanpainak egin dituzte sabotatzaileak beren lanpostuetatik bota ditzaten. Zer dela eta emango diegu nahi duten informazioa? Pertsona batzuek zalantzak dituzte aurpegia estaltzearen harira, eta ondo deritzot, baina nik ez diet ezer eman nahi ehiztariei. Argazkiak egin eta etengabe filmatzen gaituzte… Niri ehiztariak ez zatzaizkit modu pertsonalean axola, niri bost ehizatik kanpo zer egiten duten; baina beraiei bai interesatzen zaiela zer egiten dugun guk, eta ez dakigu zer egiteko prest dauden gu nortzuk garen eta nola kaltetu gaitzaketen ezagutzeko.
Zelakoa da ehiza-sabotatzaile baten eguna? Nola antolatzen zarete?
L: Hori galdera mamitsua da, kar-kar. Pertsona batek, taldeko harremanetarako pertsonak, eguna antolatzeko ardura hartzen du. Aldi bakoitzean pertsona bat izaten da, pisu guztia sabotatzaile bakarrak ez hartzeko. Astean zehar, ehiztarien topaketen inguruko informazioa pasatzen digute, eta sabotatzeko modu onenak azaltzen dizkigute. Orduan, geratu eta bertan azaltzen gara! Ehiztarien topalekuan agertu, eta jarraika ibiltzen gara; iraintzen gaituzte. Normalean, ehizari utz diezaioten lortzeko moldatzen gara; ia aste guztiak izaten dira arrakastatsuak.
M: Denboraldia amaitu berri da, eta ehiztarien 35 bat talde sabotatu ditugula esango nuke. Animalia bakarra hiltzea lortu dute; hori da gure lanak funtzionatzen duenaren froga. Oro har, sabotaje egunek patroi jakin bati jarraitzen diote, baina ezin dugu jakin, adibidez, bortizkeria erabiliko duten edo ez, astez aste sabotatuak izatearen ondorioa izan ohi delako hori, horregatik, horretarako prest egon behar dugu une oro. Horren harira, guk erabakitzen dugu, kontu handiz eta iraganeko esperientzien arabera, zein ehiztari talde sabotatuko dugun. Zein talderekin batera lan egin ere guk erabakitzen dugu. Horrez gain, behar izango dugun guztia dugula ziurtatzen dugu, esaterako, egun horretan behar izango ditugun tresnak. Horren ostean, online jarraitzen dugu, egunari buruzko erreportajea egiten. Prozesu horretan, antolakuntzak astelehen edo astearteetan jarri ohi ditugu martxan, eta sabotajeak larunbatetan gauzatzen ditugu; prozedura hori ehiza denboraldi osoan zehar errepikatzen dugu.
S: Ehiza motaren eta denboraldiaren araberakoa izan ohi da. Azeri-ehizaren sabotajeetan, partaide gehienak zaldiz joaten dira. Oro har, topagunearen berri badugu –gure kontaktuek uxaldia non egingo den esan ohi digute–, bertara gerturatzen gara, edo, bestela, txakurrak gordetzen dituzten tokitik irteten gara. Normalean, denbora luzea ematen dute hizketan eta edaten, eta, amaitzean, ehizara abiatzen dira. Oinez jarraitzen diegu, eta, oso urrun joateko asmoa dutela ikusten badugu, gure lur orotako ibilgailuetan mugitzen gara.
Ehiztariek bortizkeriaz erreakzionatu ohi dute, diru asko ordaintzen baitute ehizara irteten diren eguneko. Horiez gain, laguntzaileak –supportersak– ere izaten dituzte, gure lana zapuzten saiatzen direnak. Aurpegia estalita etortzen direnean, borrokarako prest datozela susmatu dezakegu.
Batzuetan, polizia agertzen da, ehiztariek aurretiko abisua ematen badiete. Ez dugu agenteekin hitz egiten beharrezkoa ez bada. Gizalegez eskatu ohi digute ezin gaitezkeela lursail pribatuetan sartu, baina ez diegu kasurik egiten.
Ehizak egun osoa hartu ohi du, eta neka-neka eginda amaitzen dugu.
Mehatxurik jaso duzue noizbait? Mehatxu horiek bete al dira?
L: Bai, baina testuingurua eman behar dugu. Astero mehatxatzen gaituzte, baina, orokorrean, ez dituzte mehatxuak betetzen. Pertsona batzuk zauritu dituzte, ni neu barne, eta ospitalera joan behar izan dut, baina esango nuke, mehatxu gehienak ez direla betetzen.
M: Bai, patroi hori sabotajean errepikatzen delakoan nago. Era askotara iraindu naute, mehatxuak jaso ditut, nire datu pertsonalak Internetera igo dituzte, eraso fisikoak pairatu ditut, eta ospitalera eraman behar izan naute. Uste dute halakoen bidez geldiaraziko gaituztela, baina lortzen duten gauza bakarra mugimendua indartzea da, mota horretako erasoek sabotaje talde guztiak batzen gaituztelako. Areago, halakoen ondorioz, kide gehiago gerturatzen dira sabotajeetara.
Ehiztariek badakite beren ekintzak dokumentatzen ari garela eta zaila dela mehatxu guzti horiek betetzea. Bortizkeria maila jaitsi egin da aurreko urteekin alderatuta, eta zortedun gara hau horrela delako. 80ko eta 90eko hamarkadetan, ez zen ohikoa izaten kamerak eramatea, eta aurrerapauso hori laguntza handia izan da guretzat. Edonolako erasorik gertatzen bada, bideoa Internetera igotzen dugu, eta horrek kalte garrantzitsua eragiten dio ehiza taldeari.
HSA itzal handiko erakundea izan da animalien askapenerako mugimenduaren jatorrian. Halere, bere bilakaera eta diskurtsoa ez dira antiespezistak, eta parte hartzen duten pertsona guztiak ez dira beganoak. Labur esateko, HSAn ez dago animalien ustiapenaren kontrako jarrera sendorik, ezta? Horren inguruko barne eztabaidarik duzue? Zein da taldearen iritzia?
L: Bai, ados nago. HSAren borroka animalia basatien ehizaren kontrakoa besterik ez da, ideologia antiespezistarik gabea. Hori arazo bat da. Gure taldean, eztabaida izan dugu sabotajeetako kideren batek okela jan duenean gure ibilgailu barruan. Halako jendea klase borrokatik etorri ohi da, animalien ustiapena zalantzan jartzen ez duen mugimendu batetik, alegia. Esango nuke, gaur egun, gure taldean ez duzula zertan begano izan; ez diogu inori gure ibilgailuan okelik jaten uzten, baina ez dugu galdetzen zer egiten duen bakoitzak bere etxean. Hala eta guztiz ere, uste dut gai horren inguruko eztabaida sakonagoa behar dugula; gaiarekiko ikuspuntua zabaldu behar dugula. Maiz, ez ditugu ezagutzen gurekin datozen pertsonen politikak, soilik jakiten dugu animalien ehizaren kontra daudela.
Animalien askapenerako mugimendu ingelesaren jatorrian, era askotako ekintza zuzenak egon ziren, besteak beste, ehiza-sabotajeak, animalien askapenak, suntsipenak azpiegituran, edota ligek egindako laborategietako animalien askapen masiboak. Gauza asko aldatu dira ordutik. Zer deritzozue gaur egungo ekintza faltari? Uste duzue mugimenduak hasierako garaien ezaugarri izan zuen espiritu borrokalari hura berreskuratu behar duela?
L: Bai. Uste dut Erresuma Batuko animalien askapenerako mugimendua poliziaren zapalkuntzak suntsitu duela, baita hedabideek, gizartearen arduragabekeriak oro har, eta pertsonek politikarekiko duten konpromiso faltak ere. Gaur egungo mugimendua oso ez-eraginkorra da jendearen axolagabetasunaren eta beldurraren eraginez.
Borroka hau ez dugu sekula irabaziko ez bagara erradikalizatzen eta ez badiogu borrokari ekiten.
Ekintza zuzenak areagotzea positiboa da. Kopurua jaitsi denez, hedabideek aukera baliatu dute sabotatzaileak muturrekotzat irudikatzeko. Orain, 80ko hamarkadako egoeratik oso urrun gaude, eta errepresioaren areagotzeak jendearen beldurra handitu egin du. Baina erresistentziarik egiten ez badugu, gero eta marjinalagoa bihurtuko zaigu.
M: Hori da. Duela urte batzuk, Animalien Askapenerako Frontea ekintza zuzenen patroi bat ezartzen ari zen munduan zehar, indar basati bat ginen… Baina jendea jazarri izan dute, eta SHAC kanpainako aktibistei ezarritako espetxe zigorrek beldurra txertatu zuten animalien askapenerako mugimenduan. Ondorioz, mugimenduaren aurrerapausoak gelditu egin dira.
Pertsonalki, sentitzen dut garai horiek bueltan ekarri behar ditugula, pilak jarri behar ditugula, gizakiz besteko animaliek pairatzen dituzten abusuak ez direlako desagertu. Animaliok oraindik hiltzen dira laborategietan, eta, egunez egun, asko eta asko erailtzen dira hiltegietan. Bi gauza behar ditugu: lehenik eta behin, animalia horiek salbatzeko posizioan egotea, eta, bigarrenik, gertaera horien gaineko kontzientziazioa areagotzea, jendea gertatzen denaz benetan jabe dadin. Antza, jendeak, arazoa ikusteko, aurpegi parean ipintzea behar du.
Animalien askapenerako mugimenduan, gero eta ahots feminista gehiagok salatu eta aurre egiten diote militanteen arteko sexismoari. Gainera, zuenaren moduko erakundeen estetika borrokalaria zalantzan jarri izan da jarrera eta harreman sexistak iraunarazten dituen maskulinitate mota jakin bat indartzeagatik. Uste duzue HSAk, bere ekintzen izaeragatik, maskulinitate mota horri lotutako militanteen profil zehatza erakartzen duela?
L: Orain, askoz emakume gehiago etortzen dira sabotajeetara ni hasi nintzenean baino. Halere, oraindik ikusten dut sexismoa mugimenduan; gizonek influentzia handiagoa dute taldeetan, eta seriotasun handiagoz hartzen dira beren ahotsak. Emakumeok lan handiagoa egin behar izaten dugu gainontzekoek serio har gaitzaten. Zertxobait aldatu da, baina ez aldaketa guztiz positiboa irizteko moduan.
Bestalde, ez dut uste taktika eta estetika borrokalariek jokabide sexistak indartzen dituztenik, eta kontuz ibili behar dugu ekintza zuzenak eta borroka gizonen esparrukoak direla esaten dugunean, edo emakumeok borrokatzerik ez dugula diogunean. Zerbaitek ekintza zuzena edo borroka kutsua izate hutsagatik maskulinotzat jotzea ez da zuzena; areago, aurreiritzi sexista da.
HSAk maskulinitate mota horri lotutako militanteak erakartzen ditu, bai, egia da. Ehizaren sabotajeak jarrera matxistak dituzten pertsona batzuk erakartzen ditu, baina horrek ez luke hala izan behar.
Gure aktibismo taldeetan dagoen sexismoari erreparatzen diogunean, aintzat izan behar dugu gizarte patriarkal batean bizi garela, eta saihestezina dela patriarkatua gure taldean sartzea, behintzat, modu aktiboan aurre egiten ez badiogu. Ez badugu lan hori egiten, sexismoak hor iraungo du.
M: Gauza bera pentsatzen dut, eta, gizonezko ikuspegitik diot –horretaz harro egon gabe–, mota horretako jarreraren bat izan dezakegu noizean behin, nahi gabe, baina horiek ekiditeko lan egin behar dugu. Nire ustez, gure taldean horrelako kontuez aritu gaitezke egoera hobetzeko eta taldekide guztiak erosoago sentitzeko.
Sabotatzaileen mugimenduan, botere eta genero harremanen inguruko eztabaidarik duzue? Hala bada, nola jorratzen dituzue gaiok?
L: Ez, ez dut uste mota horretako eztabaidarik dugunik. Nik uste ez dugula egiten, alde batetik, emakumeek ez dutelako gaia mahaigaineratzeko behar den adinako gune segurutzat sentitzen, eta, bestetik, gizonek ez dutelako gaia ateratzen, eurei ez baitie eragiten, eurena posizio pribilegiatua da eta.
Gai hori ahaztuta dago bai gure taldean, baita beste batzuetan ere, baina esan beharra dut gurean gaia landu izan dela, eta, egia esan, kontu batzuk findu behar ditugun arren, beste talde batzuek baino hobeto daramagu.
OHARRAK
[1] Michael Tichelar. The History of Opposition to Blood Sports in Twentieth Century England: Hunting at Bay. Routledge. 2016.
[2] Steven Best, Anthony J. Nocella. The Animal Liberation Front: A Political and Philosophical Analysis. Lantern. 2011.
[3] Steven Best, Anthony J. Nocella, eta gainontzekoak. Terrorists or Freedom Fighters? Reflections on the Liberation of Animals. Lantern. 2004.
[4] Steve Poole. 1963 – Protest to Resistance. web.archive.org [Kontsultaren data: 2017/04/05], huntsabs.org.uk [Kontsultaren data: 2023/04/06].
[5] J.J. Roberts. Against all odds: Animal Liberation 1972-1986. ARC PRINT. 1986.
[6] Hanspeter Kriesi, Dieter Rucht. Social Movements in a Globalising World. Pallgrave Macmillan. 1999.
[7] Northwest Hunt Saboteurs. A tribute to Mike Hill. web.archive.org [Kontsultaren data: 2017/04/05], nwhsa.org.uk [Kontsultaren data: 2023/04/06].
[8] James F. Jarboe. The Threat of Eco-Terrorism. Federal Bureau of Investigation (FBI). 2002. URL: archives.fbi.gov
Iruzkinik gabe