
Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Kiratsa da lehena. Ustel eta kaka usaina, bizia, ia jasanezina. Heriotzaren usaina. Eztarrian sartu zait bortizki, haizeak ekarrita, hiltegi publikoa estaltzen duen txapazko eraikina ikusi baino lehenago. [Horruntza bidean], aurreko egunean Aldi Baterako Laneko Enpresa (ABLE, ETT gazteleraz/frantsesez) batean egindako elkarrizketan pentsatzen dut. Mahai grisaren atzean eserita, aholkulariak egindako galderak ditut buruan (…) “Hildako animaliez beldur zara? Ez? Odolaz agian? Bertigoa duzu?” Azken galderak zentzu osoa hartzen du bat-batean: “García Pereira jauna, kiratsak jasaten dituzu?” (…) Aholkulariak burua jaitsi eta mahai azpitik kaxoi bat irekitzen du, eta handik zenbait argazki ateratzen ditu. Hamar bat irudi besterik ez. Behiak, txerriak, ahariak, arkumeak… Hanka batetik zintzilik, buruz behera. Edo zoruan, odoleztatuak. Bere begirada sentitzen dut, niregan atsekabezko keinu baten edo kontrolaezina zaidan erreakzio baten bila. Horren ordez, irribarre egiten dut, fanfarroikeri pixka batekin (…) Berak hasperen txiki bat bota, eta argazkiak kaxoian sartzen ditu berriro, kontu handiz, begiratu gabe. Egia esan, pixka bat ukituta geratu naiz, baina lana beharrezkoa dut… Nire burua motibatzeko, berriro diot begiztan: “Ondo lan egiten baduzu eta nagusiak zurekin pozik badaude lortuko duzu kontratu mugagabea”. Azken bi hitz hauek bueltaka darabilzkit nire baitan. Hiru urte daramatzat lantxoekin, bizimodua ateratzen. Berrogeita bat urte eta bi ume ditut. Lan hau behar dut. [1]
Mauricio García Pereira. Maltrato animal, sufrimiento humano. 2019.
Horrela hasten da Mauricio García Pereiraren “Maltrato animal, sufrimiento humano” liburua. Horrela hasten dira hiltegietako langile gehienen istorioak. Askotan entzuten den moduan “inork egin nahi ez duen” lan horietariko bat delako. Ez dira bereziki krudelak edo maltzurrak. Beharrak bultzatuta daude lan horretan. Makineria handiago baten engranajeak dira, erabili eta bota daitezken piezak. Gure gizarte kapitalista eta arrazistaren funtzionamenduaren adibide garbiak dira hiltegiak, zentzu askotan.
Antiespezistok gizakiz besteko animalien zapalkuntza mahai gainean jartzen saiatzen gara, haien bizitzak gure eskuetan ez luketela egon behar aldarrikatuz. Eurak direlako haien bizitzen jabe: burujabe nahi ditugu, ez buru-gabe. Hiltegiak gizarte espezistaren izebergaren punta dira, haien kontrako biolentziaren adibide agerikoena. Horregatik, hiltegiak sistema espezistaren adibide garbienetakoak dira: haien bizitzak noiz hasi eta noiz bukatzen diren gizakion eskuetan daudelako. Baina metafora honetako eta errealitatean hor dabiltzan eskuak ez dira berdinak. Gizarte espezistan, gizaki guztiak (baina bereziki haietaz etekinak lortzen dituztenak) gara esku horiek. Hiltegietan ordea, klase baxuko eta arrazializatu jendearenak dira esku horiek. Mugimendu iraultzaileetan parte hartzen dugunok argi dugu historian beti hala izan delako: boteretsuek ez dituzte haien eskuak zikintzen.
Langileek dituzten baldintzak eta ondorioak
Kasu batzuetan autonomo-faltsu bezala dihardute eta beste batzuetan Aldi Baterako Laneko Enpresen (ABLE, ETT gazteleraz/frantsesez) bidez, zeintzuetan araua, beti, prekarietatea baita: “lanaldi amaigabeak, produkzioaren araberako ordutegiak, oporrik gabeko lan-egutegia…” [2]. Sindikatuetan antolatzeagatik, nola ez, arazoak dituzte. Enpresa asko, egoera irregular edo kaxkarretan dauden migratzaileez baliatzen dira lanarekiko duten menpekotasun egoeraz probesteko; beharraren beharraz lana utzi ezin dutenez, oso baldintza txarrak ezartzen dizkiete. Lanetik kaleratzea da haien bizkarretan duten mehatxu konstantea. Beldurra dute emozio ohikoena.
Lanaldi luzeek eta mugimendu errepikakorrek arazo muskularrak sortzen dizkiete, eta guzti hau gutxi ez eta, lan-istripu asko eta nahiko larriak izaten dituzte. Ohikoenak ebakiak dira eta kasu dezenteetan hatz batzuen edo eskuren baten galera pairatzen dute. Muturreko kasu batzuetan gainera, ez dute behar duten mediku-arreta jasotzen (anbulantzian erietxera eraman eta han artatzea adibidez) produkzio-katea gelditu ez dadin. Honi gehitu behar zaio lan-eremuek duten ikuskapen falta eta prebentzio-neurri falta. Lan arriskuen prebentziorako formakuntzak adibidez, gazteleraz soilik egiten dituzte espainiar estatuan nahiz eta kasu gehienetan langileek ez duten ezer ulertzen [2]. Langileen osasunak ez du inolako garrantzirik hiltegien jabeentzat: koronabirusaren garaian agerian geratu zen moduan (informazio gehiagorako ikusi [3]).
Hala ere, nahiz eta ondorio fisikoak oso gogorrak izan, ondorio emozional/mentalak are latzagoak dira gehienetan. Rachel MacNair-ek ikertu duen moduan, hiltegietako langileek “drogekiko menpekotasuna, antsietatea, izua, depresioa, paranoia, disoziazioa edo amnesia” [4] dute kasu askotan, bere ustez, Perpetratzeak Induzitutako Estres Traumatikoaren (Perpetration-Induced Traumatic Stress/ PITS) ondorioz. Gizakiz besteko animaliei eragin behar dizkieten erasoak, haien oihuak, kiratsak, ikusi behar dituzten egoerak, lan-baldintzak (lanaldi luzeak, errepikakorrak eta arriskutsuak)… jasanezinak dira haietako askorentzat. Baldintza hauetatik induzitutako ondorioek (depresioak, izuak…), muturreko kasuetan, suizidio saiakerak eragiten dizkiete [5].
Lan istripu eta gaitz fisiko/emozionalen ondorio larriena, zalantzarik gabe, hiltegietako langileen heriotza da, eta tamalez, ez dira gutxi: Binefar-eko (Aragoi) makrohiltegian adibidez, bere ateak ireki zituenetik (2019), hiru hildako egon dira. Guzti honegatik, mugimendu antiespezistan ez gara jomugaz nahastu behar: langileek ondorio latzak jasotzen dituzten bitartean jabeek etekinak jasotzen dituzte, esku bete diru. Eskuak zikindu gabe.

Animalien erresistentzia agerian
Pasa den hilabetean, Sheung Shui-ko (Hong Kong) hiltegian, txerri batek, bera erailtzen saiatzen ari zen langile bat bultzatu zuen; honek labanarekin istripua izan, eta ondorioz hil egin zen. Berri hau asko zabaldu zen interneten gertakari harrigarriaren morboak eraginda, bitxikeri bat izango balitz bezala [6]. Baina gertakari horrek agerian uzten duena zera da, gizakiz besteko animaliek erresistitzen dutela: haiek erail behar dituztenei, kolpeak, saltoak, ostikadak, hozkadak, bultzakadak… ematen dizkietela. Hain zuzen ere, hiltegietako langileen artean lan-arrisku nabarmena da animalien erresistentzia: mozketak edo hatzen galerak eraginez askotan. Horrela aurreikusten dute sektoreko arrisku prebentziorako sasi formakuntzetan, animaliei agentzia aitortuz.
Gizakiz besteko animaliek ez dute erailak izan nahi, hori argi dago. Horregatik ihes eta oihu egiten dute. Eta lehen aipatu den moduan, sortzen diren egoera gogorrek, hiltegietako langileei ere kalte emozional/mental handiak eragiten dizkiete. Gaitz horiek ere agerian uzten dute animaliak subjektuak direla eta nortasuna zein sentitzeko gaitasuna dutela. Horrela ez balitz, hiltegietako langileek ez lukete horrelako kalterik edukiko (Perpetratzeak Induzitutako Estres Traumatikoa adibidez). Animaliak subjektuak direlako, eta ez objektu hutsalak, sortzen dira halako kalte emozional/mentalak.
Aliatu potentzialak, ez etsaiak
Mugimendu antiespezistaren sektore batzuetan ohikoa bihurtu da gizakiz besteko animalien zapalkuntza ikusgai bihurtzeko, beste zapalkuntza batzuekin alderatzea edo erailtzen diren gizakiz besteko animaliak “milaka miloi direla” esatea, noiz eta hiltegietako langileen baldintzak edo bestelako arazo sistemikoak seinalatzen direnean. Baina “nork sufritzen duen gehiago” edo “nor dagoen egoera okerragoaren” erretorika oso pozoitsua da eta ez gaitu inora eramaten [7]. Gizakiz besteko animalien eta klase baxuko langile arrazializatuen zapalkuntzak ez dira egoera kontrajarriak edo isolatuak bezala aurkeztu behar: hori sistema honen funtzionamenduaren ulermen eza izango litzateke. Bi zapalkuntza horien arteko lotura beharrezkoa izan da bai sistemaren garapenean eta baita bere biziraupenerako ere. Sistemaren engranajeak eta kateak elkarlotuak daude eta guztiak suntsitu behar ditugu, makineria osoa, baldin eta gaur egungo sistema lekuz kanpo utzi nahi badugu.
Antiespezistok ez gara etsaiaz nahastu behar: batzuk esku bete diru izateko beste batzuk zikintzen (eta batzuetan galtzen) dituzte. Batzuk langileak dira eta gehienetan arrazializatuak/migratzaileak, besteak ordea, enpresa-buruak eta aberatsak. Gure gorrotoa ongi zuzendu behar dugu. Hiltegiak desagertzeko interesatuak langile horiek ere badirelako, aliatu potentzialak dira, ez etsaiak! Hiltegietako langileekiko dagoen dominazio erlazioa, eta era berean, hiltegiak ere desagertu egin behar dira, nola ez. Baina hasieran aipatu den moduan hau izeberg handi baten punta da. Sistema kapitalista, arrazista eta espezista bere osotasunean suntsitzeko beharra dugulako, elkartu ditzagun gure bideak. Bidelagunak garelako. Gure bideak askatasuna helburu dutelako!
Erreferentziak
[1] Mauricio García Pereira. Maltrato animal, sufrimiento humano. Ediciones Península. 2019.
[2] Dani Domínguez eta Ana Rojas. Miedo, la palabra más repetida entre los trabajadores de la industria porcina. lamarea.com. 2021.
[3] Sarah Babiker. Binéfar: una historia de despidos, contagios y coacción. elsaltodiario.com. 2020.
[4] Rachel MacNair. Perpretation-Induced Traumatic Stress: The psychological consequences of killing. Greenwood Publishing Group. 2002.
[5] Confessions of a slaghterhouse worker. bbc.com. 2020.
[6] Un cerdo mata al carnicero que se disponía a sacrificarlo en un matadero de Hong Kong. lasexta.com. 2023.
[7] Stephanie Marek Muller. Zombification, Social Death, and the Slaughterhouse: U.S. Industrial Practices of Livestock Slaughter. American Studies (amsj). 2018.
Iruzkinik gabe