Lorratzean dokumentalak mugimendu antiespezistaren jaiotzatik hasi eta Euskal Herrian borroka honek izan duen ibilbidea aztertzen saiatzen da. Horetarako, dokumentalak 12 militanteren hitzak eta bizipenak biltzen ditu, animalien askapenaren aldeko mugimenduaren barneak eta erraiak erakutsiz. Bertan, besteak beste, mugimenduan egondako eta dauden ekintzak, kolektiboak, desadostasunak, errepresioa eta estrategia desberdinak aztertzen dira.
Urrian Gasteizen estreinatu eta gero, Bilbon, Donostian eta Iruñean proiektatu da, ondoren @argia.eus -n egon da ikusgai eta orain Nor-en Youtube-ko kanalean ikusgai dago.
Gehiago zehaztuz, dokumentala Europako testuinguruan kokatzen da eta azken bi mendeotan gertatutakoak izan ditu giltzarri. Horiek oroitu eta aztertu nahi izan ditu Lorratzean dokumentalak, orain arte egindako urratsak ezagutuz aurrera urrats irmoak emanez ibiltzeko gakoak bildu nahian.
Egiletzari dagokionez, aipatu behar da, dokumentala Nor taldeak ekoitzi duela, lan kolektibo baten emaitza dela eta baliabide mugatuak izan dituela.
Militanteen aipuak
Jarraian, dokumentalean parte hartu duten kideen hainbat aipu ekarri dira eta bidenabar gure eskertzik beroena adierazi nahi diegu:
Libe Treku. AEAEko militante ohia eta Askekintza taldearen sortzaileetako bat.
Orain konturatzen naiz guk egindako lanak eragina izan duela. 18 urteko pertsona batek orain badaki zer den antiespezismoa, politizatua badago behintzat. Pazientzia izan behar da, eta segurtasuna egiten dugunak eragina baduela.
Maddi Azkoiti. Antsoain Antiespezista.
Ezin dugu ulertu borroka antiespezista bat Euskal Herriko marko politikoan ez dagoena. Ez zaigu interesatzen estatu mailako talde antiespezista bat sortzea, Euskal Herria gaudela aldarrikatzen dugu, eta gainera Nafarroan, daukagun zailtasun handiarekin.
Maialen Alvarez. Arkanbele.
Borroko desberdinen arteko sareak sortzea beharrezkoa da, jazarpena edo errepresioa denok jasango ditugulako.
Maialen Sagues. Nor.
Erantzuna eman behar horretan, ez dugu ulertzen hautu pertsonala denik animaliak kontsumitzea ala ez (…) Ulertu behar dugu estruktura bat dagoela animalietatik etekina ateratzeko interesa duena eta horren aurka egiteko antolaturik borroka molde berriak sortu behar ditugula
Jenny Alvarado. Equanimal-eko militante ohia.
Bai, asko zaintzen genuen irudia, ordura arte kontuan hartu ez zena. Alabaina, inoiz geratu ez zen ekintza zuzenari ere eutsi genion. Denetarik egin zitekeen, eta, egin genuena, nik uste dut, une hartan animaliekiko egin genezakeen onena izan zela.
Ana Txurruka. Medeak.
Zein garrantzitsua den mugimenduen artean saretzea eta artikulatzea (…) Pertsonalki asko aberastu dit feminismoan antiespezismoaren ideiak sartzea.
Angela Diaz. Errekaleor.
Auzoko antiespezistak etorri ginen auzora antikapitalista delako, autogestioa bilatzen duelako, feminismoa eta euskal identitatea bultzatzen dituelako… eta hori lotuta dago gure antiespezismoarekin.
Olaia Freiria. Equanimal-eko militante ohi eta Ética Animal -eko kide.
Konturatu ginen mugimendu osoaren aurkako errepresio kanpaina bat zela. Sumario eta Guardia Zibilaren barne-dokumentuetan ez ginen soilik gu agertzen, aktibismo mota oso desberdinak egiten zituzten taldeak zeuden, eta hauek ez zuten inoiz imajinatuko horrelako prozesu errepresibo baten parte izango zirenik [Trokola Operazioa]
Idoia Rodriguez. Roke-enea (@rokeeneamicrosantuario).
Nahiz eta kalean eragin efektibo gutxi genuela iruditu mugimendu bat krimentzeko epaile bat jendea atxilotzen jartzea industriari benetan kalte egiten ari zitzaiolako da
Maria Gonzalez. La Vida Color Frambuesa. Igualdad Animal -eko militante ohia.
Ekintzailetzan hasi nintzenean berau kalekoa zen, informazio-ekintzak kalean bertan egitean zetzan. Egia da hasi zenean oso erradikala zela. Hasieran mundu guztiarekiko gorroto hori duzu, zuk ikusten duzuna ikusten ez dutenekiko. Ekintzailetza zuzen xamarra zen, jendearentzat desatseginagoa: odoleztatutako kartelak, animaliak hiltegietan, mezu salatzaileegiarekin…
Ion Cerezo. Askekintza.
Nahi genuena zen jendartean antiespezismoa zabaldu, animaliekiko genuen erlazioa errotik aldatu. Horretarako beharrezkoa zen planteamendu iraultzaile bat izatea, estrategia bat erabiliz eta hortik mugimendu bat sortzea.
Aritz Burges. Piztiak.
Borrokatzen ari zaren zapalkuntza-sistemaren ordezkariak, zure zain daudenean edo defentsa-egoeran jartzen direnean, horrek esan nahi du egiten ari zaren hori eragina izaten ari dela.
Kresku Martinez. Bilboko kolektibo desberdinetan jardun du eta gaur egun Infoanimal -eko kide da.
Baina gero, urteen joanaz gizarte-mugimenduek, gaztetxeek eta abarrek urratsak eman dituzte honantz. Eta, hain zuzen ere, uste dut arrazoi genuela, zeren animaliak subjektu moraltzat hartzen hasi diren gizarteko lehen segmentuetako bat hauek izan baitira.
Iruzkinik gabe