Gertu da nazioartean Beganismoaren eguntzat hartzen den eguna, azaroaren 1a. Beganismoa, gure ikuspegitik, posizio politiko antiespezista baten ondorioa besterik ez da, eta hori nahi izan genuen azpimarratu orain dela 4 urte Bilbon: espezismoa dela arazoa eta Animalien Askapena genuela helburu. Euskal Herri mailako lehen manifestazio antiespezista deitu genuen 2018an, borborrean zegoen mugimendu gazte eta indartsua osatzen zuten beste eragile askorekin batera. Orain, protesta hiru urtez bertan errepikatu eta gero (2018, 2019, 2021), aldarria Donostiara ekarri nahi izan dugu.
Norbanakotik egiturara eta egituratik norbanakora doan arazoa da espezismoa. Egun munduko animalien gehiengoa gizakien menpe dago, eta hauen gehiengoa etekin ekonomikora bideratutako esplotaziopean. Argitaratu den azken ikerketen arabera munduko ugaztunen %36a gara gizakiak, eta ia bikoitza, %60a, esplotatutako behi, txerri, ardi edo beste ugaztunak. Beste %4a basatiak dira eta hauek ere, segur aski, gizakien menpe daude ehuneko handi batean. Bestalde, munduko hegaztien %70a dago gizakien esplotaziopean. Honek esan nahi du, adibidez, 50 mila milioi oilo hiltzen direla jateko urtean, 136 milioi egunean.
Baina, zenbakietatik haratago, nola eragiten die honek norbanakoei? Oiloak, adibidez, espazio mugatu batean jaiotzen dira, toki beste oilorekin batera, eta bizitza osoan zehar izango duten janari eta estimulu bakarra pentsua izango da. Jaki honek haien gorpuak ahalik eta azkarren eta ahalik eta handien haztera behartuko ditu. 42 egun betetzen dituztenean, esplotatzaileentzat etekin handieneko unean, hiltegira eramango dituzte. Bertan, Euskal Herriko hiltegiak ikertu genituenean erakutsi genuen bezala, buruz behera zintzilikatu dituzte, ur elektrifikatuan sartu eta azkenik lepoa zulatuko diete, odolustu daitezen. 136 milioi aldiz gertatzen da hau egunean. Behi, txerri, ardi edo menperatuta dauden beste animalia askok ere esplotazioa sufritzen dute. Forma eta modu desberdinetan bada ere, etekin posible handienaren bila haien interesak, gorpuak eta bizitzak mugatu egiten dira, eta ondorioz, haien askatasuna. Kapitalismoaren eta espezismoaren arteko aliantzaren emaitzak izugarriak dira.
136 milioi izan zitezkeen azaroren 1eko protestara batzeko arrazoiak, baina askoz gehiago dira. Askoz haratago doa. Animalien esplotazioa eta menderakuntza da salatu nahi duguna, hau normalizatu, onartu eta ahalbidetzen duen sistema ezbaian jarri eta espezie diskriminaziorik gabe, norbanakoen askatasuna errespetatuko duen mundu berri bat aldarrikatu. Gizakion etekinak gainontzeko animalien interesen gainetik jartzeari deitzen zaio espezismoa, eta hori da ezbaian jarri nahi duguna. Ez gaude ados egiten zaienarekin, baina ezta ere hau justifikatzeko erabiltzen diren arrazoiekin.
Militante antiespezistok urteak, hilabeteak, egunak eta arratsalde luzeak daramatzagu Euskal Herriko txoko desberdinetan gure ideiak zabaldu eta animaliak defendatzen, baina azaroaren 1ean denon indarrak batzea beharrezkoa da. Urtez-urte gure aldarria geroz eta gehiago entzuten joan bada ere, oraindik gizakiz besteko animaliek gure elkartasuna eta indarra behar dute. Kaleetara eraman behar dugu aldarria: ez dugula kaiolik ez katerik nahi, ez soka ez sarerik, ez hesi ez barroterik, ez hiltegi, ezta abeletxerik ere. Ez dugu esplotazio lausoagorik eskatzen, edo haien ongizatea, esplotatzen dituzten bitartean. Askatasuna nahi dugu animalia guztientzat, Animalien Askapena.
Iruzkinik gabe