2021eko maiatzaren 7, 8 eta 9an Nor kolektiboak formakuntza digitalak antolatu zituen, besteak beste, pentsamendu kritikoa sustatzeko. Honetarako, aurreiritziak ezbaian jartzea eta eztabaidatzea beharrezkoak dira, horrela, azaleko ideietatik sakonagoetara mugitzeko eta bidegabekerien ulermen errotikoagoa izateko. Ezinbestekoa da beraz, burua martxan duen komunitatea izatea, aldaketarako, ikasteko eta hausnartzeko prest dagoena.
Formakuntza hauek, 2019. urtean Hernanin antolaturiko topaketa antiespezisten nolabaiteko jarraipena dira. Nolabaiteko zeren, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren testuinguruan, formakuntza digitalak egin izanak, antiespezistok elkar ezagutzeko, eta elkarrekin jolasteko aukerarik gabe utzi baikintuen, tamalez. Aldiz, formakuntzaren izaera digitalak, hitzaldiak grabatu eta web-zerbitzari batean zintzilik uzteko erraztasun gehiago eskaintzen ditu. Hori aprobetxatuz, honako honetan, hitzaldi guztiak blog sarrera bakarrean bildurik uzten ditugu.
Marxismoa eta Animalien Askapena; nahitaezko lotura bat (gazteleraz)
Hitzaldi honetan, Christin Bernhold-ek, Marxismoa eta Animalien Askapenaren Aldeko Aliantza-ko kide denak, eurek landutako “Marxismoaren eta animalien askapenaren gainean XVIII tesi” izenburupeko txostena aurkezten zuen.
Txosten hau, Bündnis Marxismus und Tierbefreiung (Marxismoa eta Animalien Askapenaren Aldeko Aliantza) kolektiboak 2018an Thesenpapier: Für die Vereinigung von Marxismus und Tierbefreiung! (Marxismoaren eta animalien askapenaren gainean XVIII tesi) izenburuarekin argitaratu zutena da.
Ondokoa da bere sinopsia: “Militante marxistek ez dute animalien askapena beraien diskurtsoan txertatu, eta antiespezistak ez dira langile klasearen emantzipazioa eta gizarte sozialista baten eraikitzea beraien aldarri egiteagatik ezagunak. Baina biek dute etsai berdina: burgesia. Artikulu honetan agertzen diren tesiek justifikatzen dituzte zergatik bi mugimenduek batu behar dituzten indarrak egiazko proiektu iraultzaile baten izenean.”
Txosten hau osorik irakurri nahi izanez gero, oraindik euskaraz ezin bada ere, hainbat erdaretara itzulita dago, hala nola, ingelesera, frantsesera, espainierara, portugesera, turkierara eta italierara.
Prozesu parte-hartzaileak proiektu berrien eraikuntzarako (euskaraz)
Iruñerrian eragile antiespezista bat sortzeko helburuarekin Erein prozesua jarri zuten martxan eta bertako partaide Aitor, Aimar eta Olaiak prozesu honen berri eman ziguten. Gainera, prozesu hau deskribatuz “Erein: prozesu eratzailea” izenburua duen txostena ere argitaratu zuten, beste eskualdeetako eragileen eratze prozesuan lagungarri izan daitekeelakoan.
Zehazki, 2021eko otsailean aurkeztu zuten publikoki Erein prozesua, zeinak Iruñerrian eragile antiespezista bat sortzea izango zuen helburu. Hilabete batzuen ondoren Zaunk! Iruñerria antiespezista kolektiboa ernatu zen prozesu honetatik. Formakuntza hauen aldian, artean Erein prozesuan murgildurik zeuden, eta hitzaldian beronen berri eman zuten. Prozesu hau hiru ardatz nagusirekin abiatu zuten: antiespezismoa erdigunean jarri, euskarari garrantzia eman eta edozein zapalkuntzaren aurkako jarrera izan.
Ondokoa da hitzaldiaren sinopsia: “Iruñerrian eragile antiespezista berri bat sortzeko helburuarekin Erein prozesua martxan jarri genuen duela hilabete batzuk. Formatzeko, eztabaidatzeko eta finean eratze prozesu kolektibo bat burutzeko. Guretzat aberasgarria izan den prozesu hau mugimenduari ekarpen egiteko baliatu nahiko genuke.”
Zigorraren kulturarekin haustea: Gizartea eraldatzeko begirada (euskaraz)
Hitzaldi honetan Salhaketa Nafarroa elkarteko June San Millán izan genuen hizlari. Bertan hausnarketarako hainbat gako eman zizkigun. Hemen bat:
Pertsona bat norbanako isolatu moduan giltzaperatzen dugu, jendartearen antolamendu eta dinamikek horretan zerikusirik izango ez balute bezala. Gainera, jendartean orokortuta dagoen ikuskera zera da: “delitu hori egin badu zigortua izan behar du, nik ez dut zerikusirik berak horrela jokatu izanean, zigorrak gogortu behar dira, horrela ikasiko dute…”. Gaizkile deiturikoak ziegan sartu eta atzentze ditugu, gizarte mailako problemak horrela konponduko direlakoan.
Ondokoa da bere sinopsia: “Kondena luzeagoak edo zigor gogorrak entzun dira aldarri mugimendu antiespezistaren inguruetan maiz. Zenbaitek, legedia aldatzeko kanpainak egiten dituzte, animaliei ematen zaien tratua erregulatu nahian, indarkeria bortitza ekiditeko asmoz. Baina zigorra al da zapalkuntzaren aurkako erreminta? Kartzelak behar dituen gizartea da eraiki nahi duguna?”
Kapazitisimoa, espezismoa eta anarkismoa (gazteleraz)
Hitzaldi honetan Itxi Guerra izan genuen hizlari, sare sozialetan @itxiguerra bezala ezagutzen dena. Bere proiektu eta lanen hainbat erreferentzi Linktree webgunean estekatuak ditu, bere lana sakonago ezagutu nahi duenarentzat. Hitzaldian bertan, zer pentsatzeko asko utzi zigun, horietatik, formatu idatzira pare bat ideia ekarri dira:
Ez-gaitasuna gizakiek sortutako konstruktu soziala da, horregatik, berau animaliekin lotzea irreala da, zeren euren aniztasuna ulertzeko modua ez baitugu ezagutzen. Alabaina, aldi-berean, ez-gaitasunaren konstruktuak aukera ematen digu animalien aurka dugun jardun bortizkeriazkoa aztertzeko eta bistaratzeko.
Darwin-en arabera naturan indartsuenek bizirauten dute eta axolagabetzen ditu bai zaurgarrizko izateak duen balioa, bai ahula izatearen balioa, bai dependentzia-artekotasunaren balioa. Horrela, izaki ezgai deiturikoen funtzioak hiltzea eta ingurukoentzat zama izatea direla ondorioztatzen da, hauek, izaki aberrante eta anti-naturazkotzat hartzen direlarik. Aldiz, Kropotkin eta beste zientzialari askok eboluzioa aztertzeko beste faktore batean jartzen dute indarra: elkar laguntzeak eta sustengatzeak izakien eboluzioan duen garrantzia handia. Laguntza hau espezie bereko kideen artean ematen delarik eta baita espezie ezberdineko kideen artean ere.
Ondokoa da bere sinopsia: “Hitzaldi honetan antikapazitismoaren inguruan jardungo dugu, ezgaitasuna jorratzeko moduaz eta sistema kapazitistaren jatorriaz. Kapazitismoaren eta espezismoaren indarkeriaren interrelazioan sakondu eta mugimendu antiespezistan edota beste ezein herri mugimenduetan kapazitismoan erortzeko daukagun moduetaz hitz egingo da.”
Des-zentratu ber-zentratzeko: Animalien aldeko aktibismoaren inguruko gogoetak (gazteleraz)
Azken hitzaldia, Melinda Decker Pajuen-ek eman zigun. Bertan, besteak beste arrazakeria eta espeziekeriaren arteko erlazioen gainean hainbat hausnarketa egin zituen.
Decker Pajuen ekintzailetzan Kanaria Handiko kolektibo feminista baten bidez hasi zen eta orduz geroztik espazio kanariar feminista, antiarrazista eta dekolonialetan parte hartzen du. Afroféminas aldizkarian kolaboratzen du eta egun, Colectivo Akwaaba-ko kide da, berau emakume beltz afrodeszendente eta kanariarrez osatutako espazioa dena, non artxipelagoko pertsona afrokanariarren arteko zubiak jostea bilatzen baitu. Decker Pajuen-ek hainbat hausnarketa plazaratu ditu gorputz beltzen inguruan dagoen iruditegiaren inguruan eta hauen animaliazkotzeaz.
Decker Pajuen-ek, hausnarrerako belarra eman zigun, honelako ideiak gure buruetan txertatuz. Kolektibo baztertu batzuetan, ekintzailetza espezista kasuak egoteak ez ditu euren ezinegonak aldarrikatzeko eskubidez gabetzen. Arrazakeria problema bat da espeziekeria ere hala izatearekiko idenpendenteki. Gauza batek ez du bestea kentzen. Pertsona beltz espezistak erraz seinalatzen dira pertsona txuri espezistekin alderatuz. Horrelako jarrerek, aldarri bat baliozko izateko gizon txuri hetero batek onartu beharraren ideia betikotzen dute eta kolektibo hauetako kideei beti gutxiago izatearen eta euren aldarriak bigarren mailakoak izatearen sentipena eragiten diete.
Ondokoa da bere sinopsia: “Hitzaldi honek animalien askapenaren aldeko espazioetan erabiltzen diren praktika eta narratiben inguruan hausnartzeko espazio izan nahi du. Zer gertatzen da parte-hartzearekin espazio hierarkiko guztiz bertikaletan? Sare sozialak gure aliatuak al dira? Animalien zapalkuntza al da garrantzia duen bakarra?”
Iruzkinik gabe