Antiespezistak gara, eta animalien askapena dugu helburu. Guztiena. Eta horregatik dugu garbi hiltegirik gabeko etorkizuna dugula zain. Hori lortzeko ari gara lanean, irabazteko dugun gizarte ereduan zapalkuntzak ez duelako tokirik, inor ez delako inoren jabe. Testuinguru horretan, Laudioko (Araba) hiltegi publikoak bere ateak itxi izana berri ontzat jo behar dugu, eta etsipena agertu, aldi berean, herritar talde batek animaliak hiltzeko esplotazio zentro horren aldeko plataforma osatzeko urratsa egin duelako.
Irabazteko dugun gizarte ereduan zapalkuntzak ez duelako tokirik, inor ez delako inoren jabe.
Baserritarrek, harakinek eta kontsumitzaileek egin dute bat sortu berri duten plataforma horretan. Ez da harritzekoa. Beren testuinguruan, eta gizakiz bertzeko animalien interesak bazter uzten dituen gizarte eredu baten barruan, defendatzen ari dira bidezkotzat eta egokitzat jotzen dutena: hiltegiak publikoa behar duela, eta baserrietatik eta harategietatik hurbil egon behar duela, kontsumitzaileek tokiko produktua kontsumitu ahal izateko. Kapitalismoak sustatzen dituen azpiegitura industrialak bazter utzi nahi dituzte, eredu ustez iraunkorrago baten alde.
Kapitalismoari aurre egiteko beharra erdigunean jartzerakoan ondoan izanen gaituzte. Suntsitzen ari garen planeta honi eutsi nahi badiogu, bertan bizi garen guztiok etxe bat izaten jarrai dezagun, ezinbertzean eman behar ditugu desazkunderako pausoak. Eskala txikiari erreparatu behar diogu, aurrera egiteko gai izanen diren komunitate burujabeak osatzeko. Hori lortzeko bidean jarriko gaituen iraultzaren ordua dugu, eta, ezinbertzean, elkarri lagundu beharko diogu.
Kapitalismoari aurre egiteko beharra erdigunean jartzerakoan ondoan izanen gaituzte.
Elkar laguntze horrek, baina, ezin ditu sistemak baztertutakoak atzean utzi; ezin ditu gizakiz bertzeko animaliak ahaztu; eta ezin du, batez ere, burujabetza gizakiz bertzeko animalien erabilerarekin lotu. Gainerako animaliak ere badira iraultzara behartzen gaituen sistema kapitalista suntsitzailearen biktima; haien gorpuak bilakatu ditu lehengai eta salgai, bai eta hondakin ere. Baina testuinguru kapitalista batetik kanpo ere, baliabide huts dira gizakiz bertzeko animaliak, oraindik ere, eta premiazkoa da auzi hori erdigunean jartzea. Sistema errotik aldatu nahi duen iraultza ororen oinarrian egon behar dutelako gainerako animaliek ere.
Gainerako animaliak ere badira iraultzara behartzen gaituen sistema kapitalista suntsitzailearen biktima; haien gorpuak bilakatu ditu lehengai eta salgai, bai eta hondakin ere.
Antiespezistak gara, eta animalien askapena dugu helburu. Guztiona. Gizakiona eta gizakiz bertzekoena. Zapalkuntza ororen aurka ari garelako lanean, eta bidean, emantzipazio borroka guztien arteko elkarlana dugulako amets.
Iruzkinik gabe