
Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Borrokak ez dira ez abstraktuak (auzi teoriko huts bat) ezta unibertsalak (planteamendu global/homogeneo bat) ere. Borrokak momentu jakin batean eta leku konkretu batean ematen dira. Historian eman den prozesu baten erantzuna dira. Horregatik gaur egungo Euskal Herrian mugimendu sozialek izaera konkretu bat dute: kolektibotasuna, elkarlana eta elkarlaguntza, konpromezua, zaintza etabar luze bat barne hartzen dituena. Nolabait ere gure lurraldea errebeldeon herria bilakatu da.
Antiespezismoa mugimendu nahiko gaztea denez, oso garrantzitsuak bilakatzen dira ematen ditugun lehen pausuak. Horregatik premiazkoa da sortzen dugun mugimendua kontestuarekin lerrokatua egotea, hau da, izaera kolektibo eta borrokalari bat edukitzea. Gurean klabe kultural/sozialak batzuk daude, izaera konkretu bat dago. Honek sare sozialetan aritzen diren lider/influencer batzuek egiten dutenarekin talka egiten du. Munduko beste punta batean funtzionatzen duenak (eta segur aski ez du funtzionamendu handirik izango kapitalismo espezistarentzat ez bada) ez du zertan hemen funtzionatu behar.

Bestalde influencer-en kontuak dependentzia eta autonomiaren eztabaidara eramaten gaitu. Planteamendu dependiente batek, pertsona, testu edota dogma bati men egiten dio. Aldiz autonomoak, norberaren hausnarketaren ondorioz sortutako printzipioetara. Influencer-ek mugimendu antiespezistaren izaera dependientea indartzen dute, delegazioari esker existitzen direlako. Haiengana delegatzen ditugu gure iritzia edo ekintza politikoak… haiek adituak direlako eta gu baina “hobe” egiten omen dituztelako gauzak. Orduan guk haien mezua zabaltzen dugu soilik. Horrela jarraitzaile edo fan rola besarkatzen dugu.
Aurreko puntua akritikotasunarekin lotuta dago, subjektu akritikoak bihurtzen gara haien mezua asko pentsatu gabe zabaltzen dugunean. Direnagatik zabaltzen ditugu haien mezuak, haien hitzak gureak egiten ditugu egoera politikoaren azterketa bat egin gabe. Adibidez, influencer batzuek argumentu estandarrak zabaltzen dituzte jendeak “beganismoa hedatzeko” erabili ditzan. Mota askotarikoak izan daitezke, hedapen masiboa bilatzea beste helbururik ez dute.
Gainera normalean haien irakurketa politikoak (nolabait esateagatik) oso sinplistak dira: beste munduko txoko batean gertatu den gauza (konplexu) baten inguruan 5 minutuetara sortu duten iritzia plazaratzen dute. Egoera kultural/sozial/politikoen inguruko analisiak konplexuak eta motelak dira, ez 5 minututan sortutako kontsigna errazak. Akritikotasuna eta harreman hierarkikoa txanponaren bi aldeak bilakatzen dira.
Berehalako “gai guztietarako erantzunak” gure gizartea pairatzen ari den azelerazio prozesuaren baitan ulertzen da. Guztiok izan gaitezke Instagram edo Twiter-eko tertulianoak ezta? Berehala izan behar ditugu erantzunak eta iritziak… aurrera egiten ari al gara horrela?
Asanbladak eta kolektibo antiespezistak motelagoak dira, pentsamendu kolektiboaren eta kontsentsuaren ondorio direlako: nolabaiteko asimetria bat dago taldeen (kontsetsuaren) eta influencer-en (berehalako erantzun indibidualaren) artean.
Haien existentzia jarraitzaileen onarpenari esker da posible. Berrelikadura hegemoniko batean erortzen dira, beti gizartearen oniritziarekin bat egiten duten gauzak zabaltzen dituztelako. Gero eta retweet edo jarraitzaile gehiago izateko helburuak mezuaren desitxuratzea sor dezake. Nola izango dute inpaktu edo finanziazio gehiago, gaztelaniaz ala euskaraz? Genero ikuspegi erradikal bat izanik ala ez?

Honek azkeneko puntu batera eramaten gaitu, sistemaren bizirautearen puntura. Influecer asko enpresen finantziaziori esker bizi dira eta hau ez da beste edozein lan mota bezalakoa. Haien mezua onargarria bada eta enpresek begionez ikusten badute aukera ekonomiko gehiago izango dituzte; horrela bere jarduera “politikoaz” bizitzeko aukera izango dute. Hortaz, haien mezuak ez du kapitalaren logikaren aurka joko, ez dute hazkunde ekonomikoa eta produktiboa kolokan jarriko eta are gehiago: ez dute kapitalismo etikoaren faltsukeria agerian utziko, idei horien gainean eraiki direlako haien bizi eredua, euren sustengu direlako.
Orduan, zer? Influencer-ak ala asanbladak?
Iruzkinik gabe