
Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Gaur egun beganismoaren inguruan hitz egiten denean askotan jaki batek animalien gorpuzkien zaporea kopiatzeko duen gaitasunaz hitz egiten da. “Ez badituzue animaliak jan nahi zergatik jaten dituzue beraien zaporea duten gauzak?” Ohiko galdera izaten da, eta ohiko erantzuna, gauza batek ez duela bestearekin zer ikusirik izaten da, baina uste duguna baino erlazio handiagoa dute. Nondik dator ohitura hau? Zein asmorekin sortu zen?
Hasteko, beganismoa modako gastronomia bihurtu dela kontuan izan behar dugu, bere momentuan zapalkuntza bati erantzuteko erabaki logikoa zena orain dastatze aukera bihurtu da, etxetik kanpo gaudenean aukerak bilatzea, kapitalaren beste era bat mugimendu bat despolitizatu eta etekinak ateratzeko.
(…) [beganismoa] bere momentuan zapalkuntza bati erantzuteko erabaki logikoa zena orain dastatze aukera bihurtu da, etxetik kanpo gaudenean aukerak bilatzea (…)
Ez-haragiaren bilakaera: antzinatik gaur egunera
Gizakiz besteko animalien gorpuzkien zaporeak kopiatzeko joera berria dela iruditu ahal zaigun arren historian zehar ibilbide luzea du eta asiar kulturan du jatorria. History of Meat Alternatives (2014) liburuaren arabera seitanaren lehenengo erreferentzia K.a. 535ean egiten da Txinako nekazaritza entziklopedia batean. Tofuak K.o. 965ean du, nahiz eta Han dinastian (K.a. 206 – K.o 220) zehar sortu zen, baina garai hartan arkume txuletilla izenarekin ezagutzen zen.
Food of Sichuan (2019) liburuaren arabera izen hori jartzearen arrazoia budistekin erlazionatzen da, Han dinastian zehar Txinan sartu zirenean eta haiekin batera begetarianismoa eraman zutenean. Dieta guztiz begetala jarraitzen zuten, baina bisitak zituztenean pertsona horiek eroso sentitzeko haragia simulatzen zuten platerak prestatzen zituzten. Era horretan plater sofistikatu asko sortu ziren, esate baterako, “marrazo-hegala” edo “karramarro haragia”. Hala ere, budistak ez ziren bakarrak izan. Asiar kulturan haragia hospitalitate eta erritualen sinonimoa zen, horren ondorioz haragi simulazioak sortzen hasi ziren biztanleriaren gehiengoarentzat ez baitzegoen eskuragarri.
(…) seitanaren lehenengo erreferentzia K.a. 535ean egiten da Txinako nekazaritza entziklopedia batean.
Apurka-apurka janari mota horiek Asia osoan zehar hedatzen hasi ziren, History of Meat Alternatives (2014) liburuak esaten duen bezala ezagutzen den yuba-ren lehengo erreferentzia 1587koa da Japonian eta 1815ean tempe-arena Indonesian. Asiatik AEBetara salto egiten du ohitura horrek, 1896an bertan kakahuetezko lehenengo haragia sortuz. Horren ondoren mota horretako produktuek gorakada izan zuten mendebaldean, baina 1995an izan zen merkatuaren gorakada handiena Tofurky-ri esker, “Thanksgiving” jaialdirako indioilarra sortu zenean, Kauffman-en (2017) esanetan. Hasiera batean ez zuen hainbeste irabazi sortu, baina Connolly-ren (2013) esanetan 2012rako 3 milioi dolarreko irabaziak izan zituen. 90. hamarkada bukaerarako produktu mota horiek 500.000 milioiko inbertsioa suposatzen zuten. Era horretan, Burger King, Mcdonalds, Boca Burger edo era horretako enpresek aukera begetalak sartu zituzten beraien menuetan Erresuma Batuan, AEBetan, Herbereetan…

2008an PETAk milio bateko saria eskaini zuen in vitro oilaskoa sortzen zuen lehen laborategiari emateko. 2013an egindako ikerketa batean AEBetako begetarianoen %36ak haragia ordezkatzen zituen produktuak erabiltzen zituztela esan zuten. Conolly-ren (2013) esanetan, urte hartan, Herbereetan, zientzilariek laborategiko lehen hanburgesa sortu zuten behi gihar, fetuaren odola eta antibiotikoak erabiliz. 2014ean Beyond Meat enpresak haragi testura eta zaporea duen lehen hanburgesa sortzen du ilar proteina erabiliz. 2016an Impossible Burger konpainiak odola jario duen hanburgesa sortzen du, horrela haragizko hanburgesa bati gehien iruditu ahal zaion aukera sortuz.

Espainiako estatuan 2017an “aukerarik gabe ez dago askatasunik” lelo pean Heura sortzen da, hasiera batean haragiaren testura soilik imitatzeko asmoarekin, baina ondoren bere zaporeak imitatzen dituen produktuak sortuz. Lehen urtean 200.000€-ko irabaziak izan zituen eta ondoren Mercadona-k erosi zuen, era horretan produktuak gehiago zabalduz eta gaur egun arte aukera osasuntsu bezala supermerkatu gehienetan salduz.
(…) urte hartan [2013an], Herbereetan, zientzilariek laborategiko lehen hanburgesa sortu zuten behi gihar, fetuaren odola eta antibiotikoak erabiliz.
Azkenik, azpimarratu beharra dago azken 7 urteetan egon den aldaketaz, gaur egun edozein supermerkatutan topa ditzakegu haragia imitatzen dituzten produktuak, kate gehienek beraien marka beganoa atera dute, hasiera bateko markei konpetentzia eginez, izan ere, lehen ezagututako Beyond Meat-ekin alderatuz merkeagoak diren produktuak sortzen ari baitira.

Gorpuzkiak jaki gisan ikustea eta beganismo kapitalista
Hori guztia kontuan izanda urte batzuk atzera Barry Horn-ek esandakoa gogora ekartzea aproposa da: “animaliek hiltzen jarraitzen dute eta sufrimendua gero eta handiagoa da, zein da egoera horri ematen zaion erantzuna? Veggie burger gehiago, espezie nahasketa berri gehiago eta apatia gehiago. Ez baduzu ezer egiten egoera onartzen ari zara. Ez baduzu borrokatzen ez duzu irabazten. Ez baduzu irabazten hilketa eta sufrimenduaren erantzule zara”. Zigor epaiketak albo batera utzita eta kontuan izanda pertsona bakoitzak bere limitazioak dituela, egia da produktu hauen kontsumoak apatia eta erosotasuna ekar dezaketela. Kapitalak beganoak konformatzeko produktuak sortu ditu, guk horiek kontsumitu eta txalotzen ditugu aurrera pausu bezala eta bitartean animalien errealitatea okerrera besterik ez doa.
Egoera hori dela, beganismoa eta antiespezismoaren arteko desberdintasuna markatzea garrantzitsua da. Lehenak dietan eta jate ohituretan du oinarria, bigarrenak animalien askapena du xede. Bide horretan, animaliak kontsumo objektu bezala indartzen dituzten jarrerak baztertzea ezinbestekoa da eta produktu begetal bati haragi zaporea jartzean animalien gorputza oraindik desira objektua dela onartzen eta indartzen ari gara. Beste zapalkuntza bat izango balitz era berean onartuko genuke objektibazio hori? Gure zapore desioa asetzea beraien gorputzen kontsumoarekin erlazionatzen jarraitzen dugun bitartean, animaliak gure beharrak asetzeko daudela indartuko dugu.
(…) produktu begetal bati haragi zaporea jartzean animalien gorputza oraindik desira objektua dela onartzen eta indartzen ari gara.
Horrekin batera birpentsatzekoa da haragia ordezkatzeko produktuak sortu behar direnaren ustea, haragia beharrezkoa denaren ideia indartzen duena, beharrezkoa den bakarra proteina denean. Egia da haragia kontsumitzen duen kultura batean jaioak izan garela eta ohiturak heredatzea normala dela, baina horiek nola izendatzen ditugun ohartzea garrantzitsua da errealitate berriak sortu ahal izateko. Zorionez edo zoritxarrez euskaraz kontzeptu hori (ez-haragia) ez da hainbeste erabiltzen, baina interesgarria izango litzateke besteekin hitz egitean honi nola egiten diogun erreferentzi gogoeta egitea.
Inor ez da hobea edo txarragoa produktu horiek kontsumitze arren, baina espezista da eta atzetik dakarrena eta horrek suposatzen duena kontuan izatea ezinbestekoa da errealitate hobeak sortu ahal izateko.
Bukatzeko, historikoki produktu mota horiek izan duten bilakaera kontuan izanda, hasiera batetik haragia kontsumitzen zuten pertsonen beharrak asetzeko, gizarte ohituretara moldatzeko edo enpresak aberasteko sortu izan dira, inoiz ez dira animalien beharrak kontuan hartzeko egin. Hala ere, batzuen ustetan jendea beganismora hurbiltzeko aukera eskaintzen dute, baina nahiz eta jendea horregatik hurbildu ez dute animalien sufrimendua gutxitzen eta egoera horretatik onurak ateratzen dituzten bakarrak kapitalismoa eta enpresak dira. Inor ez da hobea edo txarragoa produktu horiek kontsumitze arren, baina espezista da eta atzetik dakarrena eta horrek suposatzen duena kontuan izatea ezinbestekoa da errealitate hobeak sortu ahal izateko.
Arazoaren errora joatea beharrezkoa da eta espezismoa suntsitu nahi badugu egunerokotasunean sortzen zaizkigun inkoherentzien inguruan pentsatzen hasi behar gara, apatiatik urrunduz. Alternatibak sortzea beharrezkoa da, bai, baina ez ditzagun kapitalaren esku utzi aukera horiek, desberdindu gaitezen guzti horretatik borrokatzeko modu bakarra erosketa saskira soilik mugatu baino lehen.
Erreferentziak
[1] Shurtleff, W. eta Aoyagi, A. (2014). History of Meat Alternatives. Soyinfo Center. Esteka Google Books webgunera.
[2] Dunlop, F. (2019). Food of Sichuan. Bloomsbury.
[3] Kauffman, J. (2017). Where does your tofurky come from?. The New yorker. Esteka The New Yorker webgunera.
[4] Connolly, M. (2013). Timeline: a short and sweet history of fake meat. Mother Jones. Esteka Mother Jones webgunera.
Iruzkinik gabe