Gizakiz bertzeko animaliak zapaltzeko zentroak dira zoologikoak. Deus gutxi ikas daiteke animalioi buruz itxita dituzten eremu horietan. Hala eta guztiz ere, Nafarroako ikastetxe anitzek tematuta segitzen dute beren ikasleak Nafarroako Sendaviva zoologikora eramaten, bertzeak bertze. Hezkuntzaren izenean egiten dute, gainera. Hezkuntzaren izenean, hain zuzen, hobe lukete azaroaren 27an Bilbon eginen duten Azoka Beganora joan, eta arretaz entzun Aula Animal-eko Pilar Badia. Educacion desde el respeto a los animales izenburuko hitzaldia emanen du.
Zaragozako (Espainia) egitasmo bat da Aula Animal izenburukoa, eta helburu du antiespezismoaren berri ikasgeletara eramatea. Xede berarekin idatzi dute Aula Animaleko Pilar Badiak eta Diego J. Hernandezek Las voz de los animales liburua (Diversa argitaletxea). Nerabeei zuzendutako liburu bat da, gogoeta egin dezaten gizakiz bertzeko animaliekin dugun harremanari eta harreman hori aldatzeko beharrari buruz.
“Edozein adin ona da gizakiz bertzeko animaliekin dugun harremanaz hitz egiteko; espezismoa zer den azaldu behar diegu haurrei ere, baina beren kodeak erabilita” Violeta Sanchez Trexu
Violeta Sanchez Trexu asturiarrak ere hezkuntzaren arloan eragiteko beharra nabarmendu nahi izan du, eta bere ekarpena egin du: Por mi y por todas mis compañeras izenburuko proiektua du esku artean, haurrei beganismoa zer den azaltzeko. Ez da haurrentzako ipuin bat; haur bat protagonista duen liburu didaktiko eta interaktibo bat da, umeek haren bidez jaso dezaten gizakiz bertzeko animaliekin bertze modu batera harremantzeko giltza. “Edozein adin ona da gizakiz bertzeko animaliekin dugun harremanaz hitz egiteko; espezismoa zer den azaldu behar diegu haurrei ere, baina beren kodeak erabilita”.
Hori da Por mi y por todas mis compañeras liburuaren asmoa, hain zuzen. Haurrek antiespezismoa “ohikotzat” har dezaten lagundu nahi du. Diseinatzaile grafikoa da Violeta Sanchez Trexu, eta gradu amaierako lan gisa egin zuen liburua, 2014. urtean. Argitaratuko duen etxe baten bila aritu da, baina oraingoz ez du lortu. “Mihiz eta azal-hegalez betetako liburu bat da, haurrek maneiatu dezaten. Liburu dibertigarri bat egin nahi izan dut”. Horrek, baina, argiraratzeko prozesua garestitzen du, eta, ondorioz, Sanchez Trexuk baiezkorik jaso gabe jarraitzen du.
Antiespezismoa zapalkuntza ororen aurkako borroka gisa ulertzen du Violeta Sanches Trexuk, eta hizkuntzarena ere kontuan hartzekoa dela garbi du.
Violeta Sanchez Trexuk nahiko luke bere liburua asturiarrez argitaratu. Hizkuntza horren ofizialtasuna aldarrikatu du, hain zuzen ere, eta egun pairatzen duen bazterketa salatu. Antiespezismoa zapalkuntza ororen aurkako borroka gisa ulertzen du Violetak, eta hizkuntzarena ere kontuan hartzekoa dela garbi du. Abendurako, hain zuzen, Xuntanza Vegana izeneko (topagune beganoa) jardunaldia antolatu du Sanchez Trexuk, Xixonen. Hizkuntza aldarrikatzeko baliatu nahi du aukera, baina, batez ere, antiespezismoaren inguruko gogoetak erdigunean jartzeko. 2019an egin zuten lehendabiziko Xuntanza Vegana, eta aurtengoa izanen da bigarrena.
Jardunaldia abenduaren 11n eginen dute, 10:00etatik 21:00etara, Xixongo Jovellanos institutu zaharrean. Jardunaldiaren orrian dago programa osoa eskuragarri (https://www.facebook.com/events/1970128919821040).
Iruzkinik gabe