OHARRA: Kolonbiako CEALA eragileak Nor taldeko bozeramaile Maialen Saguesi egindako elkarrizketa, Animales y Sociedad aldizkarirako. Jatorrizko elkarrizketa hemen [1] irakur dezakezue, ondorengo lerroetara euskarara itzulirik dakarkigu.
Hasteko, jakin nahiko genuke zer den Nor, noiztik dagoen martxan eta nolako antolaketa duzuen.
2018aren bukaeran jaiotako eragile antiespezista bat da Nor. Batez ere komunikazioaren arloan gabiltza lanean; izan ere, taldea jaio zenetik, beharra ikusi genuen Euskal Herriko mugimenduan zer gertatzen zen kontatzeko.
Proiektua helburu argiekin sortu zen: alde batetik, euskarazko material antiespezista sortzea, antiespezista euskaldunok ingelesera, fratsesera eta gaztelaniara jo behar baitugu beti informazioa lortzeko. Gure hizkuntzan egin ahal izatea garrantzizkoa iruditu zitzaigun.
Animaliek bizi duten egoera ezin dugu giza antolakuntzaren sistematik bereizi.
Azken bi urteetan, Animalien Askapenaren aldeko hamar eragiletik gora sortu dira Euskal Herrian. Horregatik, mugimendua bateratzen eta sareak sortzen ahalegintzen gara. Gure helburua da egiten diren ekintza guztien berri ematea, ekitaldiak bultzatzea eta elkar ezagutzeko topaguneak antolatzea.
Esan duzue zuen helburuetako bat dela Euskal Herri mailako mugimendu lokal bat sortzea; horregatik, zuen lana euskaraz izan ohi da. Zer motibazio politikogatik hartu zenuten erabaki hori?
Uste dugu komunikatzeko biderik onena lokala dela. Aukera ematen digu momentu historikoa ezagutzeko, harreman sozialak, espazio kulturala… Hori dena kontuan hartu behar da gure mezua eraikitzeko orduan. Gizarte espezifiko baten parte gara, eta, horrekin, nola erlazionatu behar dugun pentsatu behar dugu.
Animaliek bizi duten egoera ezin dugu giza antolakuntzaren sistematik bereizi. Sistema kapitalista gizaki batzuen interesei men eginez eraikitzen da, eta horrek zuzenean eragiten die animaliei, era bereziki bortitzean, gainera.
Beste arazo batzuen artean, inperialismoaren kulturaz hitz egin dezakegu, eta Espainiako eta Frantziako estatuek gure herrian eragin duten zapalkuntzaz.
Indarkeria hori dela-eta, senti dezakegu arazoak lehentasuna duela, eta, urgentzia horri esker lor daiteke aktibistek indarrak biltzea esplotazio forma espezifiko bat konpontzean. Baina gogoan izan behar dugu superestruktura baten aurrean gaudela, askori eragiten diela, eta arazoaren zati bat konpontzea sistema jasangaitz bati partxeak jartzea bakarrik dela.
Beste arazo batzuen artean, inperialismoaren kulturaz hitz egin dezakegu, eta Espainiako eta Frantziako estatuek gure herrian eragin duten zapalkuntzaz. Euskara urtez eta urtez jazarritako hizkuntza bat izan da, eta, azken urteetan zenbait egoeratan hobetu den arren, oraindik badira txikitzen saiatzen direnak.
Belaunaldi oso batek gorde zuen hizkuntza klandestinitatean, eta haiei esker darabilgu gaur egun ere. Euskara indartzen jarraitzea gure arduratzat dugu, hitz eginez eta erreproduzituz.
Euskal identitarearen inguruan pixkat bat gehiago kontatzea gustatuko litzaiguke, ea nola uztartzen den antiespezismoarekin. Ongi ulertu badugu, euskal nazionalismoak eragin handia du landa eremuetan. Jakin nahiko genuke nolako harremana izan duzuen sektore horrekin.
Kontu zaila da, animalien esplotazioa gehien normalizatzen duen sektorea baita, baina, aldi berean, animaliekin harreman gehien duten pertsonak dira. Haiek mantendu dituzte bizirik desagerrarazi egin nahi izan duten herri baten kultura eta tradizioak. Guretzat, neurri batean haiek gordetzen dute gure herriaren memoria, baina bada garaia zenbait elementuri uko egiteko ere, ez baitigute uzten gizarte justuago baterantz aurreratzen.
Uste dut beharrezkoa dela beste zerbait ere esatea: landa eremuaz mintzatzen garen arren, zenbait pribilegio ekonomiko dituen lurralde jakin bati buruz ari gara. Industriaren eta kapitalismorik gosetuenaren garapenak eraldatu egin dute sektore hori. Ezin ditugu baserriak erromantizatu pentsatuz garai bateko ekoizpen- eta familia-unitateak direla, komunitatean era autogestionatuan irauten zutenak.

Ez dugu ukatzen halako proiekturik dagoenik, baina gehien-gehienak enpresa industrializatuak dira, hainbat langile eta animalia ugari dituztenak esplotazioan, eta etekin ekonomikoa sortzea dute helburu bakarra. Joanak dira animaliekiko harremanak hain hierarkikoak ez ziren garaiak, familiekin batera bizitzen zirenekoak, lotura afektibo eta guzti. Gaur egun, behiek zenbakiak dituzte, ez izenak.
Ezin ditugu baserriak erromantizatu pentsatuz garai bateko ekoizpen- eta familia-unitateak direla, komunitatean era autogestionatuan irauten zutenak.
Horrenbestez, ondorioa da lan zaila daukagula aurrean, elkar ulertzea lortzeko eta ikasteko bereizten nor izan dezakegun aliatu eta nor ez den sekula izango.
Bestalde, landa eremuetan askoz eragin handiagoa dute langile mugimenduak, sozialismoak eta anarkismoak. Testuinguru horretan, nolako harremana du Nor taldeak ezker abertzaleko sektoreekin?
Hori da; hirietan beste modu batera egiten zaio aurre debateari. Desberdinak dira hirietako langileen proletariotze etengabea eta borroka antolatuak hartzen dituen formak. Klase horren beraren parte gara, eta, ondorioz, sinergiak sortu behar ditugu mugimendu horiekin. Lehen esan dudan bezala, behar-beharrezkoa da arazo guztiari begirada oso orohartzaile batetik erreparatzea, auzitan jartzeko esplotazio sistema guztia.
Horregatik, uste dugu antiespezisten komunitateak diskurtsoa eta praxi koherentea landu behar dituela. Tesi horretan sakondu behar du, hartara beste perspektiba materialista batetik manten dadin, kontuan hartuta espezismora eraman gaituzten faktore guztiak.
Lehen esan dudan bezala, behar-beharrezkoa da arazo guztiari begirada oso orohartzaile batetik erreparatzea, auzitan jartzeko esplotazio sistema guztia.
Askotan ikusi dugu nola guk geuk ere izugarri sinpletu dugu kontua; esanez, adibidez, “espezistak gara jaso dugun hezkuntzagatik”, nahiz eta hor atzean benetan dagoena zera izan, esplotazioa normalizatzen duen historia baten urteak urteak, lana mekanizatzeko prozesuak, muntaketa kateen itxurako hilketa-sailak hiltegietan, norbanakoen objektifikazioa eta merkantilizazioa…
Diskurtsoa berrikustea oso lan interesgarria da, eta ziur gaude era horretan ondorio, aliantza eta estrategia askoz ere eraginkorragoak lortuko ditugula.
Webgunean diozue zuentzat borroka politikoa dela animalien askapenerako borroka. Azalduko diguzu gehiago zertan datzan harreman hori?
Aurretik esan dudan guztiagatik, ukaezina da antiespezismoa politikoa dela. Politikoa da, espezismoa den bezalaxe, ideia jakin batzuei eta mundu-ikuskera bati erantzuten dionez gero. Borroka politiko bat da zeren era kolektiboan bakarrik gerta baitaiteke, derrigorrean beste hainbat erreibindikaziorekin bat; hain zuzen, zapalkuntzatik aske den gizarte baten paradigma iraultzailea osatzen duten aldarrikapenak dira horiek. Eta gizarte-ikuskera hori zabaldu beharra dago espazio batean bizi diren norbanako guztiei, justiziagatik beragatik.
Antiespezismoa ez da dieta, janzkera eta abar aldatzea, hori azken finean kontsumo-aldaketa bat besterik ez da eta. Antiespezismoa borroka antolatu bat da, helburu duena errotik eraldatzea beste espezieetako animaliekin erlazionatzeko dugun modua. Eta horrek guzti-guztia hartzen du: ehunka animaliaren habitatak banatzen dituen errepidea, etxekotzen denean autosufizientzia galtzen duen espezie bakoitza, edo norbait entzierro batean egotera behartzea. Praktika horietako edozeinekin, esplotazio sistemak indarra hartzen segitzen du.
Horrez gain, esaten duzue talde antikapitalistatzat eta feministatzat (euskaltzaletzat ere bai) jotzen duzuela taldea: zer deritzozue feminismoaren, antikapitalismoaren eta antiespezismoaren arteko harremanari? Eta, zehazki, nolako dinamika dute borroka antiespezistak eta borroka feministak Euskal Herrian?
Ehunka paralelismo daude generoari eta espezieari dagozkien zapalkuntzen artean. Diskriminazio guztiz arbitrario bat da, gorputzen objektifikaziotik eta esplotaziotik eratorria. Are gehiago: genero estereotipoak ere animalien kontsumoaren bidez indartzen dira.
Feministak izan ziren animaliak subjektu gisa aldarrikatu eta haien alde borrokatu ziren lehen mugimenduetako bat.
Ez da arraroa gizonak ikustea beren gizontasuna aldarrikatzen haragi odoltsuak jatearen bidez, beren “adorea” erakusten zezenen aurrean plazan, edo trofeoak irabazten animaliak tirokatzeagatik. Horrek guztiak kultura patriarkala indartzen du, eta elikatu egiten da are indarkeria gehiago sortuz emakumeen kontra, animalien kontra eta genero binarioaren sistemaren disidenteen kontra.
Gure fronte horiek bateratzeari dagokionez, berriz, esango nuke ari garela pixkanaka-pixkanaka. Feministak izan ziren animaliak subjektu gisa aldarrikatu eta haien alde borrokatu ziren lehen mugimenduetako bat. Uste dugu gaur egun ere herri mugimendu hori dagoela irekien hainbat zapalkuntzaren arteko transbertsaltasuna kontenplatzeko, inbidiagarria da haien jarrera, etengabe ari baitira beren burua berrikusten.
Beste alde batetik, mugimendu antiespezistako hainbat sektore huts egiten ari dira. Mugimendu mistoa da, eta, hortaz, ohikoa da pertsona potentzialki erasotzaileak aurkitzea, edo abusuetarako joera dutenak. Mekanismo eraginkorrak behar ditugu pertsona horiek kanporatzeko eta behar dugun guztietan defendatzeko. Uste dut hasi garela lan horretan, baina, leku guztietan bezala, badira talde batzuk kontzientzia handiago batekin, eta beste batzuk guztiz erreakzionarioak dira.
Euskal Herriko borroka feministarekin dugun dinamika elkarrengandik ikastea da. Duela hilabete batzuk, hizlari gisa gonbidatu gintuzten Salda badago feminismo jardunaldietan, non 3.000 lagunetik gora bildu baitziren. Bestalde, guri dagokigunez, mugimendu antiespezistak koordinatuz, eraso matxisten kontrako protokolo bat abiarazi genuen, guztiok seguru sentitzeko. Hortik aurrera, espero dugu elkarrekin ikasten eta lanean segitzea.

CEALAn horizonte bat daukagu: “politika beganizatu eta beganismoa politizatu”. Denborarekin, kontsigna horrek ulerrarazi digu proiektu antiespezista bat proiektu politiko zabal batekin artikulatu behar dela. Uste dugu horretan bat gatozela zuekin. Ideia horiei segika, zer da zuentzat beganismoa, eta zer neurritan hartzen duzue praktika politikotzat?
“Beganismoa” hitz polemikoa da guretzat. Polemikoa da, sistemak asimilatuko duen beldurra daukagulako; gero eta normalagoa da hitz hori erabiltzea sinesten ez ditugun gauzetarako. Gure ustez, beganismoa antiespezista gisa dugun posizio politikoaren praktika bat gehiago da, posizio horren ondorio.
Beganoak egitea baino askoz ere inportanteagoa da gizartea kontzientziatzea botere harremanen inguruan, eta animaliekin erlazionatzeko forma horizontalagoak bilatzea.
Beganismoa ulertzen dugu gure ideologiarekin bat datorren erreakzio batekin: animalien gorputzak ez dira objektuak, eta horregatik ez ditugu kontsumitzen, eta ez sinesten dugulako ekintza txiki horrek kalte ekonomiko itzulezin bat egin dezakeenik. Printzipio hori definitzea oso garrantzitsua da, zeren kontsumitzeko modu bat baita, azken finean, eta ez du zerikusi handirik arazo osoarekin.
Beganoak egitea baino askoz ere inportanteagoa da gizartea kontzientziatzea botere harremanen inguruan, eta animaliekin erlazionatzeko forma horizontalagoak bilatzea. Antiespezistak gara sinesten dugulako posible dela esplotazioan oinarritzen ez den mundu bat.
Erreferentziak
[1] Animales y Sociedad. Publicación Antiespecista. Edición Número 4. Orrialdeak: 110-117. ISSN: 2744-9378. 2020. CEALA: Centro de Estudios Abolicionistas por la Liberación Animal. https://animalesysociedad.com/wp-content/uploads/2020/11/AnimalesySociedad4.pdf
[2] Maialenek CEALAkoei egin zien bideoa “Animales y Sociedad” (4 zenbakia) aldizkaria irakurtzera gonbituz. 2020/11/03. https://fb.watch/3SbAgB0xj8/
Iruzkinik gabe