
“Gure helburua da animalien ongizate maila gorena lortzea, ez soilik eurekiko dugun erantzukizun moralagatik, baizik eta konbentzituta gaudelako ezingo dugula ikerketan bikaintasuna lortu animalien ongizate egokirik gabe”. Vivotecniaren webgunean irakur zitekeen esaldia, eskandaluaren irudiak lau haizeetara zabaldu zirenera arte. Cruelty Free International Gobernuz Kanpoko Erakundeak bi urtez egindako ezkutuko lanaren emaitza da Madrilgo laborategi honetako terrorearen erretratua.
[BIDEOA: https://youtu.be/joH_DR8heJI . Izenburua: Toxicity testing on animals at Vivotecnia, Spain. Oharra: irudi gogorrak direla eta bideoak adin-murriztapena du eta ez du hemen txertatzen uzten, Youtubetik ikusi behar da.]
Irudiek harrabotsa sortu dute Espainiako Estatuan eta mundu zabalean. Protestak ugaritu dira laborategi atarian eta sare sozialetan jende andanak egin du bat auzi honek eragin duen higuin kolektiboarekin. Harrituta, euren buruari galdetu diote ea nola den posible halako praktikak existitzea, ustez aldiroko inspekzioak egiten zituen enpresa batean. Zientzialarien komunitateak, tartean Lluis Montoliu CSICeko Etika Batzordeko presidenteak, sostengatzen du Vivotenciaren tankerako laborategiak salbuespena direla eta protokolo zorrotzak martxan daudela, halakorik errepika ez dadin.

Espainiako Gobernuak bizkor erreakzionatu du eta bideo-zaintza kamerak ezartzea proposatu, animaliekin esperimentatzen duten laborategi guztietan. Itxurazko zorroztasun horren atzean dago, ordea, gardentasun falta orokortua. Espainiako Estatuan urtero 800.000 animaliatik gora eta Europan milioika erabiltzen dira Vivotecniaren tankerako esperimentazio laborategietan, horietako batzuk gainera, partzialki diru publikoarekin finantzatzen dira. Eskandaluak bete-betean kolpatu ditu enpresa horiek, baina isilik daude langileak eta itxita laborategietako ateak. Zergatik ez diote polemikari aurrea hartu eta gizarteari erakutsi laborategietako barne funtzionamendua? Zein berme ditu biztanleriak Vivotecnia salbuespena dela sinesteko?
Zergatik ez diote polemikari aurrea hartu eta gizarteari erakutsi laborategietako barne funtzionamendua? Zein berme ditu biztanleriak Vivotecnia salbuespena dela sinesteko?
Emakume batek ezkutuan grabatu zituen bideo sonatu hauek 2018 eta 2020 urteen artean, Vivotecniako langilea zen garaian. Laborategiko muturreko basakeria ezagutzerakoan, enpresako zuzendariei jakinarazi zien, baina hauek ez zioten jaramonik egin. Cruelty Free International erakundeko abokatua da Carlos Contreras, animalien eskubideetan espezializatua, eta haren esanetan “Vivotecniako bideoa garrantzitsua da, lehen aldiz erakusten duelako laborategi baten barnean gertatzen dena”, izan ere, dioenez “proba hauek sekretuak izan ohi dira patente arrazoiengatik”.

Begiak ireki
Irudiak ikustearekin batera dator shocka. Edonork senti dezake enpatia bere begien aurrean beste norbait modu bortitzean kolpatzen dutenean, droga eta konposatu kimikoekin pozoitzen dutenean, begietatik odola anestesiarik gabe eratortzen diotenean. Txakurrek, untxiek, txerriek, saguek, arratoiek… denek ezagutzen dute itolarri berbera. Baina ziurrenik, hankak zein besoak tiraka dituen tximinoaren aurpegia da sufrimenduaren definizio adierazgarriena. Begietan igartzen zaizkio izua eta oinazea.

Haitzulotik irten eta argia ikustean aldatu ohi da gizakion begirada. Gizarteko zati batentzat, harresi zeharkaezinek mantentzen zuten ilunpean laborategietako animalien eguneroko sufrimendua eta akaso Vivotecnia izango da pertsona horietako askorentzat inflexio puntua, animaliekiko sentsibilitatea betiko aldaraziko dien unea. Hori da tankera honetako ikerketak argitaratzeak sorraraz dezakeen olatu mediatikoaren onuretako bat.
Baina olatua hazi bezala apaltzen da eta horrek badu arriskurik. Izan ere, kaiola atontzeak ez dakar presoaren askatasuna. Pertsona batzuek defendatzen dute untxiekin “sufrimendurik eragin gabe” esperimenta litekeela bideo-zaintza kamerez jositako laborategietan, beste batzuentzat zilegi da “aske hezitako txerriak” haragitarako saltzea. Finean, ez dira horren jarrera ezberdinak.
Kaiola atontzeak ez dakar presoaren askatasuna
Animaliak ez dira objektu
Animaliak ez dira gureak. Espekulazioa eta esplotazioa sustatzen dituen kapitalismoaren logikan izan daitezke jabetza, produktu, norbere beharrak asetzeko tresna soil. Baina eurengana hurbildu eta nolakoak diren ulertzen saiatzen den edonor ohartuko da agentziadunak direla, beren interes eta sentimendu propioak dituztela. Modu xaloan erantzungo dizute laztantzen badituzu, atzera egingo dute, beldurtuta, euren aurka indarkeria adierazten edota erabiltzen baduzu. Ez dute sufritu nahi eta gu bezala ahalegintzen dira oinazea ahalik eta gehien ekiditen.
“Animaliekin esperimentatu gabe, ez genituzke covidaren aurkako txertoak edukiko” defendatu zuen CSICeko Montoliuk, Vivotecniako eskandaluaren harira. Zientzia komunitatean, ordea, geroz eta ugariagoak dira bibisekzioak gizakiongan duen erabilgarritasuna zalantzan jartzen duten ahotsak. Europar Batasunak 2011n abiatu zuen Animalietan Testatzeko Alternatibak bilatuko dituen Erreferentziazko Laborategia.
Apirilak 24, Laborategiko Animalien Mundu Eguna. 1979an ezarri zuen oroitzapen egun hori Londresko Bibisekzioaren Aurkako Sozietate Nazionalak eta ordutik erreferentziazko data izan da animalien eskubideen aldeko mugimenduan, hauek esperimentaziorako tresnatzat erabili ez ditzaten aldarrikatzeko. Aste honetan bertan, apirilaren 20an oroitu da beste efemeride seinalatu bat: Animalien Askapenerako Fronteak Kaliforniako Unibertsitateko Laborategitik askatu zuen Britches, animalien esperimentazioaren aurkako ikur bilakatu zen tximinoa. Lau hamarkada geroago, orduko aldarrien indarra igar liteke animalien aldeko egungo oihuetan.
Gaur Vivotecnia, bihar askatasuna.
Iruzkin 1
Kaixo, honen inguruan…Covid aren aurkako txertoa ipintzeko hitzordua nun baina atzera jo nun…nere buruan eta beganismoan dagoen eztabaida…botika edo txertoak hartzea…osasun edo biziraupen arrazoiak direla justifikatu ahal daiteke?…nire ardurapean inor ez balego ez nuke txerto edo botikarik hartuko…baino baditut norbanakoak nire ardurapean…beraie ere txertoa ipini diet beharrezkoa denean…zer deritzozue?…