
Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Usteldu zaigu urte askoz Animalien Askapenerako Mugimenduak izan duen preso ezagunenetako bat, bere kiratsa aldiz ez zaigu ezezaguna egiten; eko-faxismoaren kiratsa baita. Walter Bondez ari naiz.
Dirudienez kartzelatik irtetear zelarik hasi zitzaion kirats hori nabaritzen, anarkismoari uko eginez lehenengo; honen botere-harremanen inguruko ereduak hipokritatzat deskribatuz eta hierarkiaren naturaltasuna defendatuz besteak beste. Eta gutunak idazten zizkioten zenbait pertsonari propaganda eko-faxistarekin erantzunez geroago [1].
Gisako pentsakerak aktibista askoren jokaeretan ere topatzen dira, kapitalismoa zuritzen denean, arrazakeriaren edota matxismoaren instrumentalizazioa egiten denean ala beste giza borroketaz zuzenean paso egiten denean.
Bahiturik egoteari utzi dio orain Walterrek eta presondegitik kanpo eman dituen pausoak bide beretik jarraitu dute. Camille Marino preso ohiarekin batera izen beldurgarria duen webgunea zabaldu dute euren “mugimendu” berria sustatzeko: http://veganfinalsolution.com/ (Azken Irtenbide Beganoa). Hau da bertan topa daitekeen agiri batean beraien auto-deskribapena: “Gerra deklarazio bat – Jendea hiltzea animaliak eta ingurumena salbatzeko”. Giro beganoetan eta mugimenduan eragin-posizio handiko pertsonak dira eta honetaz baliatzen dira entrismo eko-faxista egiten saiatzeko [2].

Jarrera ez transbertsalen agerpenen igoera
Zoritxarrez, hau ez da kasu isolatu bat eta antiespezistok adi ibili behar dugu gure inguruan hedatzen diren ideiekin, bereziki mugimenduaren batasuna mantentzearen aitzakian kritikotasuna zalantzatzen ari den garai hauetan. Denak ezin dira ongi etorriak izan jarrera zapaltzaile ororen kontra borrokatu nahi duen mugimendu honetara. Eta neoliberalismoak eragiten duen beganismoaren despolitizaziora eta honen apropiaziora gero eta ohituago bagaude ere, badira bestelako eragin toxikoak. Gizakiz besteko animalien bizitzak gizakien gainetik jartzen dituztenen ideiak maiz entzun ditzakegun komentarioetan islatzen dira. Gisako pentsakerak aktibista askoren jokaeretan ere topatzen dira, kapitalismoa zuritzen denean, arrazakeriaren edota matxismoaren instrumentalizazioa egiten denean ala beste giza borroketaz zuzenean paso egiten denean.
Faxismoaren hazkundea bizitzen gabiltzan garai hauetan antiespezistok, beste borroka politikoen modura erne ibili behar dugu, ez baikaude faxismotik salbu.
Zenbaitetan faxismoa bera izan da zuzenki zuritua izan dena antiespezismoaren bitartez, horren adibide ezaguratsua dugu Madrileko Hogar Social Madrid-eko (HSM) kideena. Animalien Askapenerako zenbait aldarri eskuratzen ari diren onarpen zabala ikusirik eurenganatzen saiatu dira. Batzuetan mugimenduko kideen laguntzaz egin dute; iazko otsailean APADEVIko lehendakaria eta Ilustre Colegio de Abogados de Madrid-eko animalien eskubideen saileko arduraduna beraien egoitzan izan zen hitzaldi bat ematen [3].

Badira publikoki jarrera ez transbertsal horiek defendatu izan dituzten “erreferente” eta eragileak. Horien artean famatuak dira esate baterako “Non Human First” manifestuaren sinatzaileak: 269life, Alliance For Animals, Veg foods… edota aipatutako Camille Marinorekin batera beste preso ohi bat: George House [4]. Ildo bereko adierazpenak egiteagatik oso kritikatuak izan dira Paul Bashir, Anonymous For The Voicelessen sortzaileetako bat, eta Gary Yourofsky hizlaria [5]. Txarto ulertutako antinatalismo batetik ere askotan eratortzen dira onartu behar ez genituzkeen adierazpenak. Gogoratu beharra dago antinatalismoak giza deshazkundea bilatzen duela, jaiotza-tasen murrizketen bitartez hain zuzen ere eta ez inolako beste moduren bitartez.
Faxismoaren hazkundea bizitzen gabiltzan garai hauetan antiespezistok, beste borroka politikoen modura erne ibili behar dugu, ez baikaude faxismotik salbu. Denon ardura izan behar du gure mugimenduaren baitan eman daitezkeen jarrera hauek identifikatu eta baztertzea. Eta bien bitartean, Estraperlo Distriko gure kideen bitartez iritsi zaigun testuaren izenburuak adierazten duen bezala: Agur Walter Bond [2].
Erreferentziak
[1] Unoffensive Animal: Defend Direct Action. Walter Bond and his eco-fascist trajectory. 2020/07/28. https://www.unoffensiveanimal.is/unoffensive-reports/walter-bond-and-his-eco-fascist-trajectory/
[2] Estrapero Distri: Material antiautoritario eta antiespezista banatzen 2016tik. AEB: Agur Walter Bond. 2020/07/28. https://estraperlodistri.noblogs.org/agur-walter-bond/
[3] Dani Cabezas. La ultraderecha y la defensa de los animales: el binomio imposible. 2019/02/26. https://www.eldiario.es/caballodenietzsche/ultraderecha-defensa-animales-binomio-imposible_132_1684732.html
[4] Non-Humans First Declaration. 2014/07/02. https://nonhumansfirst.com/
[5] La Rebelión de las Palabras. Una crítica a la organización Anonymous For The Voiceless. 2018/12/30. https://vozcomoarma.noblogs.org/?p=21258
Iruzkinik gabe