Cabarceno
Non: Obregon, Kantabria (Espainia).
Noiztik: 1989. urtetik.
Zenbat norbanako dituzte itxita: 1.000 inguru
Santillana del Mar
Non: Santillana del Mar, Kantabria (Espainia)
Noiztik: 1977. urtetik.
Zenbat norbanako dituzte itxita: 2.000 inguru.
Kantabrian dira Cabarceno eta Santillana del Mar zoologikoak, baina Euskal Herriko hainbat hiritan baino euskara gehiago entzun daiteke esplotazio zentro horietan, euskal herritar anitzek egiten baitute Espainiara bidea eremu horietan itxita dituzten animaliak ikusteko. 1977tik zabalik da Santillana del Mar herriko zoologikoa, eta 1989tik Cabarceno. Geroztik, anitz izan dira zentro horiek hartu dituzten bisitariak, eta anitz izan dira, halaber, zoologiko horien inguruan piztutako polemikak.
Santillana del Marrekoak hainbat salaketa jaso ditu; aipatzekoa da, bertzeak bertze, Nafarroako Sendavivarekin harremana duela, eta AIZA erakundeko kide sortzaileetako bat dela; Iberiako Zoologikoen eta Akuarioen Elkartea da AIZA –Sendaviva, Donostiako Aquariuma eta Cabarceno ere badira kide, bertzeak bertze-; EAZAko kide ere bada, Europako Zoologikoen eta Akuarioen Elkartekoa, alegia.
Cabarcenoko zoologikoari buruz, nabarmentzekoa da zentroko albaitarietako batek agindu zuela han itxita zituzten otsoetako zortzi akabatzea, 2014. urtean. Albaitariak erran zuen lasaigarria eman, eta, gero, animalion bihotzak gelditu zituen injekzioa jarri zietela. Hori egin eta gero, haien gorputzak plastikoz estali eta eskopeta batekin tiro egin zieten. “Hilik zirela ziurtatzeko”. Zoologikoan ziren zortzi otso helduak hiltzea erabaki zuten haien arteko erasoek gora egin zutelako. Horixe izan zen albaitariak emandako azalpena. Azken urteotan, zoologikoaren egoera kaskarraren berri eman duten barruko hainbat txosten ere zabaldu dituzte. Txosten horien arabera, hainbat animaliak lortu dute itxita dituzten eremuetatik ihes egitea. 2015ean, adibidez, hartz batek lortu zuen hartzen espaziotik ateratzea; urte berean, 80 oreinek egin zuten ihes.
Sendavivako arduradunek bezala, parke bat dela nabarmentzen dute Cabarcenokoek ere. Parke bitxia, edozein modutan, Kantabrian egonda mundu osoko animaliak dituelako; itxita daudelako animaliok; eta haiek ikusteko bidea autoz egiten dutelako bisitariek. Cabarcenon, Sendavivan bezala, zoologikoei erraten diete naturaren parke.
Zoologiko gehienetan gertatzen dena errepikatzen da Cabarcenon ere: estereotipiak nabarmenak dira norbanako anintzengan. Aipatzekoa da felino handien kasua, baina ez dira bakarrak. Oro har, espezie gehienek betetzen dituzten espazioetan agerikoak dira animaliek behin eta berriz bide bera egiten dutela. Markatuta daude lurrean zookosiaren ondorioak.
Cabarceno zoologikoa kudeatzen du Cantur etxeak, eta arduradunek hasieratik zabaldu nahi izan dute zentroko animaliak “ia libre” bizi direla. Zaila da norbanako bat “ia libre” dela sinestea, adibidez, albaitari batek erabakita lasaigarri bat eman, bihotza gelditzeko injekzio bat jarri, plastikoarekin estali eta eskopeta batez tiro egiten ahal zaionean otso bati. Edo zortziri. Zoologikoak erabakitzen baitu animaliak noiz eta nola hiltzen diren.
Heziketaren aitzakiak ere ez du funtzionatzen Cabarcenon: zoologiko anitzetan bezala, zentroa bisitariek paseo bat egiteko toki bat bertzerik ez da. Helburua da egun pasa egitea, eta dendan eta kafetegietan dirua gastatzea. Informazioa urria da, eta testuingururik gabea. Bisitarien jarrerak animalien heriotza eragiten duenean onartzen duzunean, gainera, zaila da heziketa horri buruz erran daitekeen deus sinestea.
“Duela urte batzuk tigre kume bat hil zen; jateari utzi zion, eta, azkenean, hil zen. Nekropsia egin ziotenean ikusi zuten hesteetako buxadura zuela: panpinak, plastikoak, eguzkitako betaurrekoak eta bertze jan zituen. Hau da, bisitariek tigreak diren eremura botatzen dituzten gauzak”.
Cabarcenoko langile batenak dira hitzak. Bisitari baten galderei erantzunez, langileak azaldu du egun eskas batean 6.000 pertsona sar daitezkeela zoologikoan.
“%10 zerbait ikasita eta kontzientziatuta ateratzen badira, ez da marka txarra!”, erran dio bisitariak langileari. Harridura aurpegi batekin erantzun dio langileak herritarrari:
“%10? %1 izanen balitz ere izugarri poztuko ginateke!”.
Cabarcenon dauden goriletako bi aske jaio ziren, baina trafikoaren biktima izan zirelako dira egun zoologiko batean. Zentroko langileak argi du, baina, hori ez dela haien tokia: “Honi denok diogu gorroto; Afrikan ikusi nahiko genituzke”. Malabo deitzen diote egun Cabarcenoko gorilen artean nagusi den arrari. Arra Cabarcenon gelditzeko Nadia, bere ama, tokiz mugitu behar izan zuten. “Zoologikoetan diren animalien %80, berez, ez dira zoologikoarenak, zorionez; bai, zorionez diot; gorilen kasuan, nazioarteko bi erakundek dute zoologikoetan diren norbanakoen ardura, eta haiek erabakitzen dute non egon behar duten”, azaldu du langileak.
Hegaztiak eta itsas lehoiak erabiltzen ditu Cabarcenok zoologikoan eskaintzen dituzten ikuskizun nagusiak osatzeko. Nabarmena da hegazti harraparien ingurukoa, zoologikoko langileak hasieratik ahalegintzen baitira animalion erabilera justifikatzen: “Ez gara krudelak izaten ari; hau da haiekin lan egiteko modurik egokiena. Aske direneko beren jokabideak ikusi ahal izateko trebatzen ditugu”. Hegaztiek langileek agindutakoa egiten dute, ordea. Eta hasi eta bukatu eta gero, bisitarien esku uzten dituzte langileek hegaztiok, jendeak argazkiak egin ditzan. Irudiok, noski, ez dira doan egiten.
Itsas lehoien erabilerak agerian uzten du zoologikoak urrats bat harago egiten duela: Bi norbanako baliatzen dituzte ordu erdi luzeko ikuskizuna eskaintzeko, eta, hitz gutxitan erranda, denbora horretan guztian animaliok egoera irrigarritan jartzen dituzte, behin eta berriz, animalionak berezkoak ez diren jarduerak eginaraziz. Zinismoak goia jotzen du itsas lehoiak erabiltzen dituzten langileek azken hitzak erraten dituztenean: “Heziketa da garrantzitsuena; haurrak hezi behar ditugu natura errespeta eta zain dezaten, eta ikas dezaten naturaz gozatzen”. Hori erran du itsas lehoi bati ahoarekin lore bat hartzeko eskatu eta gero; hori erran du itsas lehoia txirristatik botarazi eta gero; hori erran du Kantabriako zoologiko batean bi itsas lehoi erabili eta gero.
Santillana del Mar herriko zoologikoan ere ederki dakite zinismoa zer den. Gainerako zentroetan bezala, errespetuaz eta zaintzaz eta heziketaz ari dira, animaliak itxi eta erabiltzen dituzten bitartean. Orangutanek duten espazioak ederki islatzen du zinismo horren neurria: hiru paretak eta kristal batek inguratuta bizi dira, eta pareta horietan margotutakoak dira ikus ditzaketen zuhaitz bakarrak, bisitariek kristalaz bertzaldetik so egiten dieten bitartean. Orangutanak animalia bakartiak dira, eta, batez ere, zuhaitzetan egotea maite dute. Gutxian ukitzen dute lurra. Hori, noski, aske bizi direnean. Zuhaitzak haizeak jotzen duenean mugitzen direnean, Santillanan ez bezala.
Santillana tristura da; estereotipiak; espazio txikiak eta gaizki hornituak; argazki bat bertzerik nahi ez duten bisitariak; Santillana zoologiko bat da, eta zoologiko guztiak gizakiz bertzeko animaliak zapaltzeko tokiak dira.
Iruzkinik gabe