Basondo
Non: Kortezubin (Bizkaia)
Zenbat norbanako dituzte itxita: 100 inguru.
Karpin
Non: Karrantzan (Bizkaia).
Noiztik: 1995etik. 2003an berritu, eta Karpin Abentura jarri zuten martxan.
Zenbat norbanako dituzte itxita: 200 inguru.
Maiztegi familiak bultzatutako proiektuak dira Bizkaiko Karpin eta Basondo. Xabier Maiztegi albaitariak jarri zuen martxan Karpin, 1995ean, zaurituta edo gaixo aurkitzen zituen animaliak artatzeko asmoz. Bide beretik sortu zuen familiak Basondoko zentroa ere. Webgunean Basondo zoologiko bat ez dela argi utzi nahi izan dute arduradunek, hain zuzen ere: “Mehatxatutako basafaunarentzako aterpe bat da”. Heziketa dute helburu nagusi, beren hitzetan.
Egunerokoan, baina, zoologiko baten funtzionamendu bera du Basondok: kaioletan eta hesien artean itxita daude animaliak, eta egun pasa joaten diren bisitariek haien artean egiten dute espazioa zeharkatzen duen bidea. Inork ez die azalpenik ematen; eskura duten informazioa karteletan dago, baina, kasu gehienetan, kartel horiek zaharkituak edo hondatuta daude, eta ezin da inolako daturik jaso.
Naturan zaurituta jasotako animaliak dira Basondon diren gehienak; fauna artatzeko zentroek bideratzen dituzte zentrora. Basondon, baina, tokikoak ez diren animaliak ere badira: Australiako walabiak, adibidez.
“Animalien trafikoaren biktima izan ziren”.
Zentroan ere badira ipar katamotzak eta bisonteak, bertzeak bertze. Horiek ez dituzte inon zaurituta jaso; Basondon daude animaliok ugaltzeko programetan parte hartzen duelako zoologikoak. Horren inguruko informaziorik ez da ageri norbanakoak diren espazioetan; harreran dagoen langilea ere ez da gai datu argigarririk emateko: “Bisonteak ugaltzeko daude, baina orain bi eme baino ez ditugu. Arra hil egin zen. Katamotzak ere ugaltzeko daude. Bikote bat dago, eta hirugarren bat, baina ez dakit arra edo emea den. Otsoak nondik heldu diren ere ez dakit”. Llama bat ere bada. Eta kumea izan zuen duela urte batzuk. “Baina ez zuen aurrera egin. Titia kendu zioten, eta biberoiarekin saiatu arren, hil egin zen. Amaren oritza hartzen ez badute zaila da aurrera egitea”.
Inon zauritu ez diren bertzelako animaliak ere badira Basondon, “etxeko animaliak”: txerriak, basurdeak, oiloak, ahuntzak, ardiak… Animalion inguruko informazio apur bat ere jaso dute zentroko arduradunek, karteletan. Txerriari buruz, adibidez, “larrua eta haragia ematen” diela gizakiei.
Herritarrek eramandako animaliak ere badira Basondon: maskota bilakatzeko erositako untxiak, adibidez. “Animaliak ez ditugu antzutzen; gerta daiteke ugaltzea, bai”. Untxiak, adibidez, etxola batean dira, elkarrekin. Bisitariek aukera dute sartzeko, eta animaliok ukitzeko eta hartzeko. Eta aukera hori baliatzen dute, haurrek, batez ere. Untxiek korrika egiten dute alde batetik bertzera, eta etxolan duten lastoaren azpian ezkutatzen saiatzen dira. Alferrik, baina.
“Gure asmoa da azaltzea ardura handia dela animalia bat etxean izatea; animalia bat erosten duzunean, bizitza osorako dela jakin behar duzu”.
Untxien kasuan, kartel batek argitzen du animalion haragia eta larrua ere “aprobetxatzen” ahal dela.
Hegala hautsita duten hegaztiak, azkonar bat, anfibioak eta bertze hamaika espezie. Espazio txikiak dituzte, gehienetan, eta bisitariek egiten duten bidearen bazterrean kokatuta daude. Finean, espazioa baliatzeko moduak erakusten du helburua dela bisitariak han diren animaliak ikusi ahal izatea: beren kaiola txikietan ezkutatzeko tokirik ez dute gizakiek beren aurpegia hesietara hurbiltzen dutenean. Lehentasuna da, beraz, animaliok ikusgarri bilakatzea. Ikustea baita kontua. Argazki bat egiteko, edo lagunei komentatzeko.
Karpinen ere bai. Basondo baino handiagoa da, eta 2003an egindako berritze lanekin, bertze urrats bat harago egin zuen zoologiko horrek: dinosauroak ardatz dituzten panpinak eta jolasak daude Karpin Abentura izeneko eremuan. Basondo bezala, zaurituta jasotako animalien etxe bilakatzeko sortu zuten Karpin, naturara itzultzeko aukera ez zuten animalien aterpe izateko. Halakoak badira: tirokatuta edo argindarraren kableekin zauritutako hegaztiak, adibidez. Badira, halaber, animalien trafikoaren biktima izandakoak. Urria da animalia bakoitzaren historiari buruzko informazioa, eta bisitari gehienek ere ez dute denbora gehiegi ematen kartelen aurrean. Zoologiko batean jaiotako bi hartz arre ere badira; arrak sei urte ditu eta emeak 26. Sumatzen zaio zaharra dela. Gazteari, berriz, konfinamenduaren ondorioak sumatzen zaizkio: helbururik gabeko mugimenduak errepikatzen ditu, behin eta berriz. Bisitarien artean ere entzuten dira hartzaren jokabideari buruzko komentarioak: “Toki txikia du, erotuko da”.
Mississipiko aligatore bat bada Karpinen. Putzu batean dago. Eta, ondoan, kartel bat bada: bisitariei eskatzen die harririk ez botatzeko. Argazki bat ere jarri dute zoologikoko arduradunek: aligatorea ageri da, harrikada batek zaurituta.
Bada bertze kartel deigarririk Karpinen. Ondokoa galdetzen du horietako batek:
“Maskotak zoriontsu al dira? Zoriontsu izango zinateke animalia horiek bezala [itxita, alegia] biziko bazina? Zenbat denbora jasango zenuke hori? Beharrezkoa da hor egotea bizitza osoa norbaitek haiei begira egon nahi duelako tarte batez? Askok ez dute eguzkia ikusten… animaliak gustatzen bazaizkizu eta maskota eduki nahi baduzu, pentsatu ea zoriontsu sentiarazteko gai izango zaren… basa animaliak ez dira maskotak”.
Animaliak ez dira maskotak. Eta Karpinen ere argi dute norbaitek haiei begira egon nahi izateak ez duela justifikatzen haiek ixtea.
Iruzkinik gabe