Donostiako Aquariuma
Non: Donostian.
Noiztik: 1928tik, 1998an zaharberritua.
Zenbat norbanako ditu itxita: 5.000 inguru.
Donostiako Aquariumeko eremu nagusi bilakatu da eraikineko ozeanarioa. 30 metro luze eta 13,5 metro zabal da, eta 1,8 milioi litro ur ditu. 30 espezietako norbanakoak bizi dira ozeanarioan, behartuta. Guztien artean, zezen marrazoak dira begirada gehien erakartzen dutenak. Bi dituzte Donostiako Aquariumean, arra eta emea, eta hogei urte baino gehiago egin dituzte jada Gipuzkoako hiriburuan. Akuarioko biologoek zabaldu berri dute lehendabiziko aldiz grabatu dutela animalion arteko kopula; osasun krisiaren eraginez, eraikina itxita eta bisitaririk gabe dagoenean, alegia.
Itsaso zabala metro gutxi batzuetara mugatu diete Donostiako Aquariumeko arduradunek zezen marrazoei eta eraikin horretan itxita dituzten gainerako norbanakoei. Espazio bera behin eta berriz zeharkatu behar dute, ondorioz, ezinbertzean. Konfinamenduak eragindako estereotipiak badituzte marrazoek, eta ez dira bakarrak. Akuarioko hainbat gelatan ez dago kristalik itxita dituzten arrainen eta bisitarien artean, eta ez hurbiltzeko ohartarazpenak nonahi badira ere, anitz dira eskua uretan sartzen duten haurrak, bai eta helduak ere. Gisa horretako espazio batean bakarrik dagoen akuarioko perloi batek behin eta berriz egiten du bide bera: bere kaiola bilakatu den kristalezko kutxako alde batetik bertzera egiten du igeri, beti bide bera markatuz. Ezkerreko begia ez du ongi: erdi itxita dago. Alde batetik bertzera segitzen du, kanpoan, bisitari batzuek aurreko asteburuan jan duten txangurruaren prezioari buruz komentarioak egiten dituzten bitartean.
Donostiako Aquariumean gehien entzuten diren hitzetako bat da Nemo. Arrain tropikalen eremura sartzen diren bisitari guztiek egiten dute galdera bera: “Non dago Nemo?”. Izen bereko filmak akuarioen kontrako mezua zabaldu nahi izan zuen, baina argi dago ikusle guztiek ez zutela berdin ulertu. Argi dago, halaber, Nemoren espezie bereko arrainak haurrak erakartzeko tresna bilakatzen direla akuarioetan; berdin gertatzen da guztietan.
Miarritzeko Itsas Museoa
Non: Miarritzen.
Noiztik: 1933tik (1935ean egin zuten inaugurazio ofiziala).
Miarritzekoak, Donostiakoak bezala, bide luzea egina du, baina akuario gipuzkoarrean bezala, lapurtarrean ere, gizakiz bertzeko animalien zapalkuntza da zentroko benetako ardatza. Nabarmentzekoa da foken kasua: animaliok elikatzeko jarduera bisitariak erakartzeko ikuskizun bihurtu dute akuarioko arduradunek. Gizakiek agindutakoa egin behar dute jateko: salto egin behar dute edo agintzen dieten tokira igo. Nabarmentzekoa da Miarritzeko akuarioan dauden bost fokak itsasoan zaurituta aurkitutakoak direla, eta ustez naturara itzultzeko aukerarik ez zutelako gelditu zirela zentroan. 2019an, akuarioko langileen arabera, kostaldera ailegatutako hiru foka sendatu eta berriz askatu zituzten itsasoan.
Egun akuarioan diren bosten kasuan, “ezinezkoa” izan zela erran dute. Charlie deitzen dutena da ar nagusia, eta harekin batera, lau eme daude akuarioko igerilekuan. Egunean bitan ematen diete jaten, goizez eta arratsaldez: akuarioko langileak txilibitua jo eta agindutakoa bete eta gero baino ez du jasotzen fokak bere jatekoa. Otorduak ikuskizun bilakatu dituzte.
Ez da hori fokak erabiltzeko modu bakarra, halere. 2005etik, hainbat foka kume jaio dira Miarritzeko Itsas Museoan, eta bertze akuariotara mugitu dituzte. 2005ean, Naia deitu zuten kumea jaio zen, eta Bretainiako Brest hiriko akuariora eraman zuten. 2019ko azaroan, berriz, 2009an jaiotako Noella mugitu zuten Miarritzetik Santanderrera, hango akuariora.
Getxoko akuarioa
Non: Getxon.
Noiztik: 2004tik, 2020ko urtarrilera. Urte hasieran itxi zuten, eta otsailean Donostiako Aquariumera eta Xixongo (Asturias) akuariora eraman zituzten Bizkaiko zentroan itxita zituzten norbanakoak.
Zenbat norbanako zituzten itxita: 300 inguru.
Getxoko akuarioak ere tokiz mugitu ditu bere zentroan hamasei urtez itxitako norbanakoak; betirako, gainera, akuarioak 2020ko urtarrilean itxi baitzituen bere ateak, zorrek jota. Getxoko akuarioan 300 norbanako bizi ziren. Gertu zuten itsasoa, baina hagitz urruti, aldi berean. Bi enpresaren egoitzen artean zegoen akuarioarena, eta, barrutik, itxura zaharkitua zuen: kartelak falta ziren hainbat tokitan, eta jarrita zeudenek ere informazio eskasa ematen zuten, zentroak asmo didaktikoa bazuen, gutxieneko neurri batean bete ahal izateko.
Iruzkinik gabe