Bozgorailutik ateratzen den ahots goxo batek hartu nau, dendan sartu bezain pronto: “Estres termikoak, larritasunak edo espaziorik ezak kalte egiten diote abeltegietako animalien bizi kalitateari. Eroskin argi dugu animalien ongizatea ez dela hautazko kontu bat. Animalien ongizatea eskubide bat da; haiena, eta gurea. Horregatik, Eroski Natur-eko txerri, oilasko eta Aragoiko esneko bildots haragi guztiak bermatzen ditu Welfair ziurtagiriaren animalien ongizaterako estandarrak. Ekoizpen etiko, justu eta arduratsu baten alde”.
Entzun dudan ahots goxoaren zinismoak odoletan utzi dizkit belarriak: dar-dar egin gabe lotu ditu mezu berean “abeltegietako animaliak”, “eskubide bat”, “ekoizpen etiko” eta “haragia”; gehiago erran du: “Abeltegietako animalien ongizatea eskubide bat da; haiena eta GUREA”. Gurea? Eroskik ederki azaldu du gure eskubide hori zein den, Consumer bere aldizkariko 2020ko otsailaren 3ko artikulu baten bitartez: “ZER jaten dugun jakitea maite dugu”, idatzi du Maria Huidobrok. “Gero eta gehiago interesatzen zaigu jakitea nola tratatu dituzten kontsumitzen ditugun animaliak, bizi zirenean eta akabatzeko unean”, erantsi du. Eta hori jakiteko asmatu duten tresna dira Eroski harrotasunez bete duen Welfair eta gisako bertze ziurtagiriak.
Welfair da industriaren esku jarri duten azkena, Consumer aldizkariko testuaren arabera. 2019. urte bukaerakoa da, hain zuzen: “Ziurtagiri independente bat da, IRTAk (Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Institutua) homologatua, Neiker-Tecnaliaren laguntzarekin”. Euskal erakunde publiko bat da Neiker, eta horrela azaltzen du bere eginbeharra zein den: “Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorearen lehiakortasuna hobetzen laguntzea, ingurumena zaintzea, tokiko gure espeziei eta arrazei eustea, eta ELIKAGAIEN segurtasuna bermatzea”.
Artikuluak aipatutako ziurtagirien artean dago ere IAWS izenekoa: Interpoc Animal Welfare Spain. Ziurtagiri horren atzean Interpoc erakundea dago, txerriak esplotatzen dituen industria, alegia: animaliok hazi, hil eta salgai bilakatzen dituzten enpresak. Zapaltzaileek bermatzen dute, beraz, ongi zapaldutako animaliak baino ez dituztela jartzen kontsumitzaileen esku. Zaila ematen zuen, baina gizakiz bertzeko animalien ustezko ongizateari buruzko ziurtagirien esparruak lortu du hori baino zentzugabekeria handiago bat jartzea mahai gainean: marka guztiak ondu ditu ANDA erakundearen ziurtagiriak. Espainiako Animalien Defentsarako Elkarte Nazionala da ANDA, eta AVIALTER elkartearekin batera (Hegazti-hazkuntza Alternatiboko Elkarte Profesionala), arrautza marka propioa sortu zuen, 2018an, “itxi gabe hazitako oiloen arrautza ekologikoak saltzeko”.
Zapaltzailearen zinismoak goia jotzen du esplotatzen, hiltzen eta salgai huts bilakatzen dituen gizakiz bertzeko animalien “ongizatea” aipatzen duen aldi oro. Izan ere, zer motatako “ongizatea” da animalia bat objektu bihurtzea, erabiltzea, hiltzea eta salgai bilakatzea “ontzat” jotzen duena? Industriak asmatutako mamu bat, bertzerik ez; gizakiz bertzeko animaliak zapaltzen eta esplotatzen jarraitzeko helburu bakarra duen tranpa. Aldaketa txiki bat egitea da kontua, denak berdin jarrai dezan. Finean, sistemak amore ematen du, neurri txiki batean, bere jarduerak zilegi izaten jarrai dezan. Helburu bikoitza lortzen du horrela: batetik, industriak arazorik gabe jarraitzen du gizakiz bertzeko animaliak ekoizten eta salgai bilakatzen; eta, bertzetik, herritarrek salgai horiek erosten eta kontsumitzen segitzen dute, kontsumo arduratsu bat bermatzen duen ziurtagiriak ematen duen lasaitasunarekin. Hau da, gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen eta zapaltzen jarraitzen dugu, baina jarduera hori etikoa dela barneratuz, kontsumitzen ditugun animaliok tratu ona jaso dutela erraten digulako erakunde ustez independente batek. Jokaldia borobil bilakatzen da erakunde ustez independente horrek jarritako zigiluaren ondoan, Ekologikoa edo Natur dioen bertze bat jartzen dugunean.
Ez dut nik erranen, inolaz ere, gizakiz bertzeko animalien bizitzako egun bakoitzeko baldintzek inporta ez dutenik. Ez dira kontu hutsal bat haztegian dauden gizakiz bertzeko animaliek jasotzen dituzten kolpeak, entzun behar izaten dituzten oihuak; ez dira kontu hutsal bat lotzeko erabiltzen dituzten kateak, edo aterpe bakar dituzten gela zikin, hotz eta txikiak. Tratua ez da kontu hutsal bat, baina tratua ez da, inondik inora, auziaren gakoa. Tratu txar batek are ankerrago bilakatzen du gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntza; tratu on batek, berriz, ez du inolaz ere zilegi bilakatzen. Izan ere, definizioz, norbait zapaltzen dugunean ez dago tratu onik. Berezkoa du zapalkuntzak bere menpe hartzen duen norbanakoarenganako indarkeria. Ez dago objektu bilakatu duzun subjektu baten ongizatea bermatzeko modurik; ez dago sentitzeko gaitasuna duen norbanako bat salgai bihurtzeko eta hiltzeko modu onik. Gizakiz bertzeko animalien ongizatea bermatzen duten zigiluek zapaltzaileen zinismoa baino ez dute uzten agerian. Ustez animalien alde ari diren elkarteen babesak are mingarriago bilakatzen du errealitatea, zapaltzailea zuritzeko baino ez baitu balio.
[Irudi Gogorrak] Ingalaterrako animalien ongizate zigiludun txerri granja batean Igualdad Animalek egindako ikerketa:
Nafarroako Gobernuak sarean jarri ditu jada 2019. urteko datuak: herrialdeko hiltegietan gizakiz bertzeko 63,5 milioi animalia hil zituzten iaz, gutxienez. Hegaztiak ziren 61 milioi baino gehiago; untxi, berriz, bi milioi baino gehiago. Behiak, ardiak, ahuntzak, zaldiak eta txerriak gainerako guztiak. 2020. urteko zenbaketa martxan da. Makinak ez du egun bakar batez ere atsedenik hartzen. Prozesu hori legitimatzen duen jarduera oro lagungarri du kateak, martxan jarraitu ahal izateko. Ez gelditzeko. Akabatutako animaliak haztegian hutsik utzitako tokian bertze bat jartzeko. Berriz hasteko, sorgin gurpil krudel eta bidegabe batean. Berdin haztegi handi batean, edo baserrian; berdin han eta hemen. Zigiluarekin edo gabe, gizakion nagusikeria baino ez dago gizakiz bertzeko animalia bat haragi zati huts bilakatzen duen prozesuaren atzean, eta nagusikeriari errotik egin behar zaio aurre. Botere sistema da auzitan jarri beharrekoa, sistemak gure aurrean agertzeko erabiltzen duen mozorroa bainoago. Sistemak botereari eutsi bertzerik ez duelako egiten: gizakiz bertzeko animalia bat jartzen du bertze batek hutsik utzitako tokian. Behin eta berriz. Atsedenik gabe.
Iruzkinik gabe