Animalien askapenaren aldeko mugimenduak ezinbertzekoa du memoria, eta Jill Phipps ekintzailearen izena letra larriz idatzita dago memoria horren kontakizuna jasotzen duen testuan: 1995. urteko otsailaren 1ean hil zuten, Coventryko aireportuan (Ingalaterra), gizakiz bertzeko animalien aldeko ekintza batean parte hartzen ari zenean. Txahalak garraiatzen zituen kamioi batek harrapatu zuen Phipps, eta ospitalera bidean hil zen, anbulantzian. Seme bat zuen. Sistemak “istriputzat” jo zuen ekintzailearen heriotza. Bere bizitza borrokara lotu zuen Phippsek, zapalduen alde.
Hogeita hamaika urte bertzerik ez zuen hil zutenean. 1964. urteko urtarrilaren 15ean sortu zen Jill Phipps, Coventryko Hillfieldsen (Ingalaterra): langile klasekoa zen Phippsen familia, langile klaseko auzo batean. Horrek anitz markatu zuen ekintzailearen bidea. Bere egin zuen borroka hori, bai eta faxismoaren aurkakoa eta feminismoaren eta armagabetze nuklearraren aldekoak ere. Gizakiz bertzeko animaliekin hartu zuen Phippsek, halere, konpromisorik handiena. Haur bat bertzerik ez zenean, etxera eramaten zituen karrikan laguntza beharrean aurkitzen zituen animaliak. Etxean, hain zuzen, aldeko giroa aurkitu zuen beti. Hamar urte zituenean, barazkijale bilakatu zen; hamahiru urteko Zab Phipps neba ere bazen, eta Nancy Phipps amak eta Lesley Phipps ahizpak ere hartu zuten gizakiz bertzeko animalien aldeko jarrera. Familia osoak elkarrekin egin zuen bertze animalien aldeko bidea.
1960ko eta 1970eko hamarkadetan eztanda egin zuen Ingalaterran aurreko hamarkadetan gizakiz bertzeko animalien alde garatuz joan zen mugimenduak, eta Ehizaren Sabotatzaileen Elkarteak eta Animalien Askapenerako Fronteak, bertzeak bertze, aukera eman zieten ekintzaileei karrikan protesta egiteko, eta erdigunean jartzeko gizakion eta gizakiz bertzeko animalien arteko harremanaren auzia. Garaiko musikak ere islatu zuen sektore sozial anitzetan zegoen haserrea, eta balio izan zuen gazteek borrokarako zuten grina azaleratzeko. Phippsen eta bertze ekintzaile anitzen kasuan, punkak lotu zituen kultura eta borroka soziala. Animalien askapenerako mugimenduaren bozgorailu bihurtu ziren musika talde anitz.
Testuinguru horretan hazi zen Jill Phipps. Larrugintzaren aurkakoa izan zen parte hartu zuen lehendabiziko protesta, eta 1980ko hamarkadaren hasieran sortutako Coventry Animal Alliancerekin egin zuen bat gero. Gizakiz bertzeko animalien aldeko lana lehentasun bilakatu zuen, eta borrokaren lehen lerroan kokatu zen, behin eta berriz. 1985. urtean, haren semea jaio zen, eta orduan baino ez zuen egin urrats bat atzera, baina bertze animaliengana zuen konpromisoa bazter utzi gabe. 1984. urtean, Bedfordshireko Unilever laborategien kontrako ekintza zuzen batean parte hartu zuen Jillek, Nancy eta Lesley Phipps ama eta ahizparekin batera. Ekintza horren ondorioz, hirurak atxilotu eta epaitu zituzten. Sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zieten. Jill Phipps ez zen kartzelara sartu epaiketa egin eta gero haurra izan zuelako, baina ekintzailearen ama eta ahizpa espetxera sartu zituzten. 2014. urtean zendu zen Nancy Phipps. Inoiz ez zuen gizakiz bertzeko animalien aldeko borroka bazter utzi.
1990eko urteetan, gizakiz bertzeko animalien aldeko mugimenduak 1980ko hamarkadan Ingalaterran egindako urratsei segida eman zion. 1994an, kanpaina handi bat hasi zuen itsasoz bizirik garraiatzen zituzten txahalen zapalkuntza salatzeko. Ekintzaileek hamar hilabetez egin zuten protesta karrikan; ia seiehun pertsona atxilotu zituzten denbora tarte horretan, baina azkenean lortu zuten: Essexen zegoen Brightlingsea herriko portutik abiatzen ziren ontziak geldiarazi zituzten.
Animaliak ontziz garraiatzen zituzten konpainiek amore eman behar izan zuten, baina horrek ez zuen haien jarduera bertan behera utzi: 1994. urteko azaroan, Phoenix Aviation konpainiak baimena lortu zuen txahalak bizirik garraiatzeko Coventryko aireportutik Herbehereetara. Coventryko Udalak hegaldi horien aurka egin zuen, hasiera batean, neurri handi batean, gizakiz bertzeko animalien aldeko mugimenduaren presioarengatik. Konpainiako buru Christopher Barrett Jolleyk epaitegietara jo zuen, eta Londresko Auzitegi Nagusiak bere alde egin zuen: egunean bost hegaldi egiten hasi ziren; hegaldi haietako bakoitzean 190 txahal atera zituzten Coventryko aireportutik. Hiltegia zuten denek helmuga.
Gizakiz bertzeko animaliak zapaltzen zituen industriak estrategia aldatu zuen, eta Coventryko aireportura mugitu zituen animalien askapenaren aldeko ekintzaileak. “Bizia arriskatzen ari gara, eta egiten jarraituko dugu, hau gelditu arte”. Phippsek kazetarien aurrean erran zituen hitz horiek, hil baino hilabete lehenago. Urtarrilaren 31ko gaua kide baten furgonetan eman zuen, Coventryko aireportuan. Euria ari zuen. Otsailaren 1 goizean, amarekin eta ahizparekin batera, ekintzaileak bat egin zuen, berriz ere, karrikan ziren manifestariekin. Poliziek ezarritako muga gainditu zuen, bertze hainbat kiderekin batera, txahalak garraiatzen zituen kamioiaren bidea oztopatzeko asmoz. Gidariak azpian hartu zuen Phipps.
Phippsen heriotzak samina eragin zuen gizakiz bertzeko animalien aldeko ekintzaileen artean. Coventryko aireportuan ziren manifestarietako batek erran zuen poliziek keinu bidez erran ziotela emakumea azpian hartu zuen kamioiko gidariari aurrera jarraitzeko, Phipps harrapatu eta gero. 1995ean egin zuten polizien eta Stephen Yates gidariaren aurkako epaiketa. “Istriputzat” jo zuten. Aireportuko protestak ez ziren Phippsen heriotzarekin amaitu. Ekintzaileek jarraitu zuten animalien aldeko mobilizazioak egiten. Hegaldien kopuruak behera egin zuen, eta konpainiak, azkenean, porrot egin zuen.
Jill Phippsek preziorik garestiena ordaindu zuen gizakiz bertzeko animalien aldeko bere konpromisoagatik. Zapalduen aldeko borrokara lotu zuen bere bizitza, eta bizitza bera eman zuen borroka horren alde. Animalien askapenaren aldeko mugimenduak ezinbertzekoa du memoria. Memoriak ezinbertzekoa du Jill Phipps.
Iruzkinik gabe