Euskal Herriko hainbat eragile antiespezistak bat egin dugu urtarrilaren 30eko grebarekin, eta greban parte hartzera deitu nahi ditugu herritarrak.
Grebaren aldarriekin bat egiten dugu: bizitza, lan eta pentsio duinen defentsaren aldeko jarrera hartu dugu, eta helburu horiek lortzeko burujabetzaren beharra aitortu dugu. Halaber, eragile antiespezistak izanda –hau da, gizakion askapenaren alde ez ezik, gizakiz besteko animalia ororen askapenaren alde ere borrokatzen diren taldeak–, greba egiteko arrazoi eta aldarri propioak mahai gainean jarri nahi ditugu:
Egungo gizartea espezista da, hau da, espeziean oinarrituriko menderakuntza-sistema bat dago, eta horren ondorioz, gizakiz besteko animalia gehienei ez zaie inolako kontsiderazio moralik aitortzen. Gehienak etekin ekonomikoa lortzeko baliabide huts balira bezala erabiltzen dituzte, haien bizitza osoa produkziora eta esplotaziora bideratuta. Zapalkuntza horren neurria isla dezakeen datu bat da hau: Hego Euskal Herrian 64,5 milioi norbanako erailtzen dira urtean.
Menderakuntza hori logika kapitalista batetik kanpo gerta badaiteke ere, ezin da banatu egitura sozioekonomiko zapaltzaile horretatik, funtsezko rola bete baitzuen egitura horren eratzean. Hori ikusita, antiespezistok bestelako eredu sozioekonomiko alternatibo baten beharra aitortzen dugu, bizitzak erdigunean jarriko dituena, genero, arraza, gaitasun edota espezie bereizketarik egin gabe, eta klase batasunetik eraikia.
Aldaketa sozioekonomiko hori gauzatzeko, burujabetza behar dugu, eta burujabetzaren beharra azpimarratu nahi dugu, halaber, Euskal Herriko landa eremuan animalien esplotazioaz bizi diren pertsonei aterabide ekonomiko bat eskaintzeko, haien herrietan lan, bizi eta ikasi ahal izateko animaliak esplotatu gabe.
Hauek dira gure aldarri nagusiak:
Gizaki ez diren animaliei duintasunez bizitzeko eskubidea aitortzea. Duintasunerako eskubide hori oinarrizko lau eskubide hauetan laburbildu daiteke: bizitzeko eskubidea, askatasunerako eskubidea, erasorik ez pairatzeko eskubidea eta baliabide edota jabego gisa erabilia ez izateko eskubidea.
Antsoain Antiespezista, Iñurri Antiespezista, Tafalla Antiespezista, Durangaldea Antiespezista, Arkanbele, Askekintza, Nor.
Iruzkinik gabe