
Ordenagailuen kontrol-gela aurkitu genuen, estazioko makineria osoa martxan zeukana. Ordenagailuen pantailak txikitu genituen txinpartak atera eta LED argiak piztu arte, eta musika eder bat aditu genuen inguruan: itzaltzen ari zinen makinen hotsa. Ez zegoen alferrik galtzeko denborarik, eta biltegira joan ginen hurrena, han gordetzen baitzituzten lau barkuentzako ordezko piezak. Garestienak hartu, kaiaren ertzera joan eta uretara bota genituen. Azkenik, bulegoetara iritsi ginen: bertan gordetzen zituzten legez kanpoko harrapaketak erregistratzeko liburuak. Konfiskatu egin genituen, eta azido zianikoa isuri genuen eraikin osoan. Leihoak birrindu genituen, eta garesti itxurako edozer giltza ingelesekin eta zizailekin konpondu genuen.
Lehendabizi, estazioa energiaz hornitzen zuten dieselezko sei sorgailuak sabotatzea zen lana. David eta biok eskarmentua genuen dieselaren ingeniaritzan, eta bagenekien zer zen ona motorrarentzat, eta zer zen txarra. Berandu baino lehen, arropa eranzten hasi ginen, izerdi-patsetan ari baikinen lanean.
Jarraian, zentrifugatzaileetara jo genuen: bale-gantza prozesatu eta gradu altuko lubrikazio-olio bihurtzea zuten lana, eta olio hori misiletan erabiltzen zen gero. Suntsitu genituen tresna delikatuak, eta, hurrena, lehengo plantan aurkitu ez genuenarekin egin genuen topo: balea-haragiaren menditzarrarekin. David saiatu zen balea-haragiaren palet ugariak mugitzen, zeinak hozte-unitate batean baitzeuden, baina garraiorako eskorga erregairik gabe geratu zen. Orduan, hozte-unitateak ireki behar izan genituen, eta unitateak berak sabotatu, hartara haragia desizoztu eta alferrik galtzeko.

Egun batzuk geroago, munduko albisteak entzutean, estazioaren arduraduna entzun genuen harrituta esaten bazirudiela airetik eraso ziotela baleazaleen estazio osoari.
Gau osoa eman genezakeen estazioa sabotatzen, baina barkuak zain geneuzkan, eta David eta biok erretiratzea adostu eta autora bueltatu ginen, nekatuta eta izerditan. Hara iritsita, eroaldi labur bat izan nuen, ikusi bainuen gurpilean utzitako giltzak ez zeudela han. Haizea izugarri indartsua zen, eta metro batzuk harantzago boteak zituen; linternarekin aurkitu nituen. Orain, koipez zikindurik eta izerditan blai, Reykjavikera bueltatu ginen autoz. Euria dela-eta, errepideak arriskutsu zeuden, eta sarritan autoa irristaka hasten zen, izotza ukitzen zuenean.

Bene-benetan uste dut nire ilea gau hartan hasi zela behar baino lehen urdintzen. Ordubete geroago, Reykjavikeko portura iritsi ginen, eta han genituen hiru ontziak, uretan balantzaka, laugarrena nasa lehorrean. Davidek eta biok atseden hartu, eta janari energetiko pixka bat jan genuen, eta atzeko eserlekuan gorde genituen estaziotik konfiskaturiko erregistro-liburuak. Arnasa sakon hartu, autoaren ateak ireki, eta euri-zaparradara irten ginen berriz; gure eski-maskarak eta zirak ez ziren mozorro hutsa, beharra baizik. Eskuak patrikan sartuta, bi arrantzale zaharren modura, porturantz joan ginen, Hvalur 5, 6 eta 7rantz.
Hain handiak ziren kaiko olatuak, non pare-parean baikeneuzkan ontzien karelak; beraz, ontziratzeko, salto txiki bat bakarrik eman genuen. Azkar joan ginen Hvlaur 5era; Davidek zizailak atera zituen, eta haiekin moztu zuen motor-gelarako leihoaren giltzarrapoa. Davidek ziurtatu zuen ez zegoela zaindaririk lotan, eta ni gainazaleko plakak altxatzen hasi nintzen, ur gaziaren balbulen bila: izan ere, itsas urak hozten zituen barkuaren motorrak, eta balbula horrek erregulatzen zuen itsas uraren maila. Aurkitu nuenerako, David bueltatua zen, iragartzera ontzia hutsik zegoela.
Borrokan hasi ginen balbularen estalkiari eusten zioten hamasei azkoinekin, eta, gehienak kendutakoan, ura presioan hasi zen ateratzen torlojuen zuloetatik. Probatu nuen; gazia zen. Estalkia guztiz kendutakoan, urez beteko zen motor-gela, lehenbizi, eta gero ontziaren gainerako gelak, eta pixkanaka hondoratuko zen Reykjavikeko portuaren urezko hilobian. Estalkia erdi irekita utzi genuen, eta Hvlaur 6ra joan ginen, prozesua errepikatzera.

Azkenik, azkoin eta torloju guztiak kenduta, barra bat sartu genuen balbulan, eta, indar pixka bat eginda, balbula berehala askatu zen, eta David eta biok blai egin gintuen bertatik atera zen itsasoko uraren zurrustak. Azkar itzuli ginen Hvlaur 5era; ontzi haren azken torlojuak kendu genituen, eta ozeanoa uholdeka sartu zen berriz.
Iruzkinik gabe