
Egilea: Rod Coronado
David Howittek eta biok 1986ko uda osoa eman genuen lanean, misio baterako dirua lortzeko. Helburu bakarra zera zen: Islandian infiltratzea eta hango baleazale-industriari ahalik eta sabotaje ekonomikorik handiena egitea. Gauez, tabernari gisa aritzen nintzen Londresko Chelsea barrutian, eta egunez zaharkinak konpontzen aritzen nintzen King’s Roaden. David Ingalaterra hegoaldera joan zen, lupulua biltzera. Astero geratzen ginen gure planak eztabaidatu eta Islandiari buruz bildu genituen datuak aztertzeko. Lana bukatutakoan, hainbat bonbilla pinturaz betetzen genituen, eta bizikletaz buelta batzuk ematen genituen Londresen, larru-dendak apaintzeko.
Azkenik, iritsi zen eguna, eta Londresko metroa hartu genuen Heathrow aireporturantz; bertan, Iceland Air konpainiaren hegaldia, Reykjavikera. Aireportura gindoazela, partxe bat erantzi nuen jakatik: “salbatu baleak, salbatu lurra”, balea-hegal batekin dekoratua. Soinean generaman guztia zera zen: kamerak, arropa, zira, uretako argiak, labanak eta pare bat mapa. Ekintzarako beharrezko tresna guztiak Islandian erosiko genituen.
Urrian iritsi ginen, eta turistarik finenak baino ez ziren geratzen bertan. Gazteentzako ostatu batean hartu genuen ohea, eta gure lehen zereginetako bat izan zen pare bat zizaila eta giltza ingeles luzagarri bat erostea bertako burdindegi batean. Gure asmoen arabera, ahalik eta denbora gehien pasatu zen erosketa horren eta ekintzaren artean, inork ez gogoratzeko.

Reykjaviken eman genuen lehen gauetako batean, berandu atera ginen ostatutik, eta autoak desegiteko leku batera joan ginen: bertatik, bistan genituen 55 metroko lau barku islandiarrak, herrialdearen flota baleazale osoa. Hvlaur (baleazale) 5, 6, 7 eta 8 portuan flotatzen zeuden, lerro-lerroan lotuta, Apokalipsiko lau zaldunak bezala, munduari beren gaizkia noiz askatuko zain. Barkuen gainegitura zuriz margotua zegoen, eta, zubiko leiho eta atexka ilunekin, burezur baten begi-zuloen itxura hartzen zuten.
Esan beharrik ez dago pixka bat kikilduta geundela. Ingalaterran hain aise hitz egin genuen hori aurrez aurre geneukan orain, Reykjavikeko eguraldi hotzean, eta izugarria zen. Baina bagenekien ez zela erraza izango, eta gauez portua zelatatzen hasi ginen. Bi asteren ondoren, errutina zehatz bat antzeman genuen: ostiral gau guztietan, zaindari batek eguneko txanda bukatzen zuen, eskuan hartuta bi botila Brenivin, Islandiako vodka gogor bat. Ontzi batean geratzen zera bera, portutik urrunen zegoenean, eta beste hiruretan ez zen jardunik antzematen. Bazirudien asteburuko gau bat zela aproposena ekintzarako.
Reykjaviken, baleazaleen estazioaren argazkiak ikusi genituen, zeina hiritik 70 bat kilometrora baitzegoen. Bisitak antolatzen zituztenez, David eta biok auto-stopean joan ginen estazio mortura, eta sarreratik gertu utzi gintuzten. Gerturatu ahala, ez zen inor ikusten. Baleazaleen sasoia amaitua zen, eta, beraz, baita bisiten eskaria ere. David eta biok eraikinean barneratu ginen egun-argitan, pasatuz leihoak eta bulegoak, makineria eta tailerrak, eta berehala konturatu ginen baleazaleen estazioa ere jo genezakeela. Bagenekien aukera bakarra izango genuela Islandiako baleazaleen industriaren kontra, eta bost axola zuen geure burua arriskuan jartzeak. Sumatzen genuen litekeena zela ez lortzea uhartetik ateratzea gure sabotajeari antzematen ziotenean.
1986ko azaroan, Islandiak ez zuen espero baleazaleen kontrako erakunde militante baten mehatxurik, ezta gogoratzen ere. Zaindari bakarra zuten lau ontziek. Sasoiz kanpo geunden, eta eskifaiak lurrean zeuden; itsasontzietan bertan, egunez bakarrik egiten zuen lan.

Erasoa egiteko asmoa genuen astean, barkuak nasa lehorrera ekarriak zeuden. Banan-banan, uretatik atera zituzten, konpondu eta garbitzeko; izugarrizko lana da hori. Davidek eta biok zera genuen asmo: hiru ontziak hondoratzea, zaindaria zegoena salbu. Orain, hirugarren helburua baztertu behar genuen. Dirua bukatzen ari zitzaigun, eta oraindik beldur ginen ea ni aurkituko ninduten. Agian zelatapean geunden jadanik, eta polizia zain geneukan gu ekinean noiz hasiko, legez atxilotu ahal izateko.
Azkenik, gure zoria baleen espirituei opa genien, eta ekitea erabaki. Azaroaren 7ko gaua hautatu genuen gure mendeku-ekintzarako. Agurtu genituen gure Europako lagunak, eta esan genien David eta biok auto bat alokatuko genuela azken egunean turismoa egiteko.
Aireportura joan ginen azaroaren 7an, gure maletak erregistratzera biharamunean 06:00ean hartuko genuen hegaldirako. Gero, afari-legea egin, eta autoarentzat aurrez prestaturiko ezkutalekura joan ginen, gaua azkar baitzetorren.
Ekaitza hasi zuen, eta horrek mozorro ederra eman zigun. Davidek eta biok autotik atera genituen euritako arropa iluna, eskularruak, eski-maskarak eta gerriko-poltsak, linternaz eta tresnaz beteak. Autoaren giltzak atzeko gurpilaren gainean utzi nituen, eta oinez segitu genion baleazaleen estaziorainoko bide luzeari, ilun beltzean, etengabe makurtuz haizearekin eta euri gero eta indartsuagoarekin.

Estaziora gerturatu ahala, ustekabean harrapatu gintuen hots batek: hondeamakina bat, lubaki bat zulatzen estazioan. Etzan egin ginen, eta ordubete eman genuen han, euripean hotzak akabatzen, harik eta langilea eta bere makina ondoko herrira joan ziren arte. Argiak desagertu zirenean, lanari ekin genion.
Iruzkinik gabe