Kolaboratzaileentzako txokoa da hau. Beren testuak interesgarritzat ditugulako argitaratzen ditugu, baina horrek ez du erran nahi, halabeharrez, testuok bat egiten dutenik gure irizpideekin.
Gizazkiz besteko animalien aldeko ikusmolde etiko bat garatzeko hainbat estrategia komunikatibo planteatzen ditu Carry Freemanek, batez ere abeltzaintzara bideratutakoei begira.Teorizazio horiek balio dute transmititu nahi dugun mezu hori eraginkorra izan dadin, kontzientzia bat gara dezan xede-publikoan. Freemanek kanpaina beganoei aplika dakizkiekeen markoak zehaztu ditu, baina balio lezakete esparru pribatuan eta eskala txikiagotan erabiltzeko ere . Taula batean biltzen ditu gidalerro orokorrak:
Arazoa kokatzea | Sustatzen dituen baloreak |
1. Gizakiz besteko animalienganako injustizia, animalien industriaren negozioak eta animalia-produktuen kontsumoak beharrezkoa ez den esplotazioaren eta hilketaren bidez. | Justizia Askatasuna Bitzitza Animalien duintasuna Errespetua Naturalitatea |
2. Edozein izaki bizidun abere bezala tratatzeak dakarren krudelkeria eta berariazko sufrimendua. | Zaintza Enpatia Bizitza Errukia Justizia Bakea |
3. Ingurugiroaren suntsiketa eta faunan eragindako mina gizakiek nutriziorako hazitako animaliengatik. | Justizia Ardura Moderazioa Elkarbanatzea Komunitatea Interdependentzia Aniztasuna Naturalitatea Bizitasuna Bizitza Mantenua/Jasangarritasuna |
Errudunak kokatu | Sustatzen dituzten baloreak |
1.Haragia kontsumitzen duten norbanakoak eta haragizalea. | Zintzotasuna Ardura Integritatea Armonia Zaintza Bakea |
2. Nekazari eta arrantza industriaren negozioa. | Autoestimua Hobekuntza pertsonala |
Soluzioak kokatu | Sustatzen dituzten baloreak |
1. Animalien sentitzeko gaitasuna eta interesak errespetatu eta geure berezko animaliatasuna onartu. | Errespetua Kidetasuna Konexioa Aniztasuna Justizia Enpatia Umiltasuna Autoestimua |
2. Dieta elikagai begetaletan oinarritzea, organikoa hein handi batean eta elikagaien aukeraketa arduratsu bat sustatuko duena komunitatean. | Osasuna eta ongizatea Bizitza Bizitasuna Elkarbanatzea Komunitatea Armonia Ardura Partaide izatea Gogobetetasuna Aukera Naturalitatea Ezberdintasuna sortzea Onura / Garrantzia |
3. Kolektiboki lan egitea beste animalia batzuk esplotaziotik babesteko eta espezismoaren aurkako gizarte bat sortzeko. | Errespetua Ardura Justizia Komunitatea Demokrazia Altruismoa Hazkuntza Integritatea Konfiantza / Itxaropena Ahalduntzea |
Freeman, C., Framing Farming: Communication Strategies for Animal Rights(2014), 227-228 or.
Freemanek ematen dituen baliabideen helburua da eskura ditugun erremintak ahalik eta erarik eraginkorrenean erabiltzea pertsuasio mezuak inpaktua izan dezan, finean, animalien aurkako esplotazioari eta hilketari aurre egiteko. Hala eta guztiz ere, haren ustez, lehenetsi behar da horren bidegabekeria azpimarratzea, erreferentzia egiten baitio sentitzeko gai diren izakiak esplotatzearen injustiziari eta naturaltasunik ezari. Eta hala beharko luke izan kontzientzia antiespezista bat garatu nahi bada. Norabide horretan enpatia eta errukia garatzea ezinbestekoada.
Antiespezismoa neure egin nuenean, gizakiz besteko animalien aurkako jazarpenaren handitasunaz jabetu nintzenean, guztiz konbentzituta sentitu nintzen hori guztia transmititu beharra niela ingurukoei, eurak ere atxiki zitezen. Pentsatzen nuen ez zela lan zaila izanen, hain argia izanik animalienganako indarkeria bidegabea. Nire burbuilatxoan bizi izan nintzen Bartzelonan, lagun antiespezistaz inguraturik, elkar ulertzen genuelarik, batak besteaz ikasiz. Itxaropen horiek guztiak desagertu ziren Nafarroara itzuli nintzelarik, errealitatera lurreratu nintzen, eta orduan sortu ziren frustrazioak eta atsekabea.
Nola eskatu jarrera antiespezista bat inoiz horren inguruan hausnartu ez duen bati? Eta, hausnartu eta gero, bere horretan jarraitzen duenari? Indarkeria naturalizatu eta horren aurrean asaldatzen ez denari? Animalien esplotazioaz hitz egiten dugunean, askok jakin badakite ez dagoela ongi, hitz gutxitan esatearren. Ulertzen eta sostengatzen zaituztela jakinarazten dizute, horrek inongo errutik libratuko balitu bezala. Antiespezismoaren gakoa ez da norbanakoa bere buruarekin ongi sentitzea, baizik eta animaliekiko diskriminazioa deuseztatzea. Gizakion ardura, beraz, eurekikoa da.
Halaber, nire prozesuan pentsatzen dut askotan, nire lehengo ikusmoldean arakatzeko, ea hortik pertsuasiorako gakoak atera ditzakedan. Gogoan dut animalien babeslekuen berri izan nuenean, haien lana miretsi bai, baina neure kolkorako nioela zertarako balio zuten halako lekuek, milioika animalia hiltzen badituzte urtero. Harritzen naiz atzera begira, ezaugarririk garrantzitsuenarekiko itsu bainengoen: salbatzen duten animalia bakoitza bizitzea merezi duen norbanako bat dela, hiltzen dituzten guztiak bezainbeste. Bereziki oroitzen dut hunkitu ninduen lehen deskubrimenduetako bat, nahiz eta beste asko aipa nitzakeen:
Hori hala izanik ere, edozein motako argumenturi egin behar zaio aurre norbanakoon erlazioetan. Argi dago oinarri etiko oso ezberdinetatik abiatzen garela bakoitza. Gainera, balioei ematen zaien garrantzia eta koherentzia oso pertsonala da, areago, gizarteak estigmatizatzen ez duen jarrera bat ukatzeko. Hau da, haragizaletasuna hain onartua dago, ezen hori gaitzesteko presiorik edo ardurarik sentitzea oso zaila den. Orduan, animalia bakoitzaren identitate pertsonala azpimarratzeak lan hutsala dirudi zenbaitetan.
Eztabaida zentraletik (animaliak esplotatzea eta hiltzea gaizki dago) beste hainbat adarkatzen dira. Antiespezista den horren kontraesanak mahaigaineratu nahi dira batzuetan, animalien aurkako jazarpenaren kontrako jarrera deslegitimizatuko balute bezala. Ustezko kontraesan horiek zerikusi gutxi dute arazoaren muinarekin (animalien bizitzeko eskubidea), eta ideia orokortuak dira, besteak beste, hedabideek zabaldutako gezur masiboetan oinarrituak (harritzekoa da nola jartzen diren hedabideak eztabaidan hainbat alorretan, eta, beste batzuetan ez). Orduan, eztabaidak ingurugiroaren jasangarritasunera bideratzen dira, sojaren kontsumorako lurraldeak suntsitzen ari direla, esaterako. Bete-betean sartzen naiz ni, argudiatzen animalien kontsumora bideratzen den kopuru handia dela horren eragile. Nahiz eta badakidan hori ez zela eztabaidaren abiapuntua, ezin direla parekatu animalienak beharko luketen eskubideak eta ingugiroaren kontserbazioa. Ez dakit zilegi den joko dialektiko horietan sartzea, baina batuzetan zeure burua salbatu beharra duzu, “kontraesanetan” harrapa ez zaitzaten. Biak ala biak dira arazoak, animalien aurkako indarkeria eta ingurugiroaren suntsiketa (Freemanek hala sailkatu ditu), eta, lotura duten arren, galdetzen diot neure buruari ea elkar nahasteak onurarik dakarren.
Horrekin erlazionaturik aipatuko dut Igualdad Animalek Gabonetan eginiko kanpaina, foie grasaren ingurukoa. Antzaren gibela lortzeko darabilten krudelkeria agerian gelditzen bada ere irudien bitartez, fokua gizakion nutrizioan jartzen dute, “gibel gaixoa” dela jaten dena. Landua izanen dute estrategia komunikatiboa, baina horretan ere desbideratu egiten da ikuskera antiespezistaren funtsa. Gainera, horrek zer eraginizanen duen hausnar genezake. Norbaitek foie grasa jateari utziko al dio? Tarte batez edo betirako? Garatuko al du enpatia antzarekiko? Eta gainontzeko animaliekiko?
Freemanek ematen dituen ideiak eta erremintak kontuan hartzea ezinbestekoa iruditzen zait, komunikazio baliabide pertsonal eraginkorrak garatzeko, kanpainetarako eta hedabideetarako, ikerketa sakonen ondorio baitira. Ez dut ukatzen jendea beganismora atxikitzea animaliekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, baina jarrera hori iraunkorra eta ideologikoki koherentea izateko kontzientzia antiespezista bat garatzea beharrezkoa izanen da. Pertsonalki animalien babeslekuek egiten duten lana ezagutzeak lagundu zidan, horrek aldatu zidan ikusmoldea, animaliak euren indibidualtasunean jarduten ikusteak. Eta, nola ez, eskerrak ere inguratu ninduten adiskide antiespezista guztiei.
Iruzkinik gabe